Zertarako balio dute?

 Biak erabiltzen dira mina arintzeko eta sukarra jaisteko. Seguruak dira dosi egokian erabiltzen badira, eta behar den denboran soilik.

Helduetan parazetamola erabiltzea

Parazetamolak mina arintzen du eta sukarra gutxitzen.

Arriskuak

Parazetamola dosi handian erabiltzeak gibela kaltetu dezake. Arriskua handiagoa da alkohola etengabe kontsumitzen duten pazienteetan, hainbat farmako aldi berean hartzen dituztenetan, adinekoetan eta pisu gutxiko pertsonetan. Ondorio kaltegarririk ez izateko, behar den gutxieneko dosia hartzea gomendatzen da.

Gomendatutako dosia

500 edo 650 miligramo parazetamol (6 ordutik behin, hainbat hartualdi behar badira) nahikoa izaten da mina arintzeko edo sukarra jaisteko, nahiz eta batzuetan 1.000 miligramoko dosiak erabiltzen diren (= gramo 1).

Parazetamola izen desberdineko medikamentu askotan aurkitzen da, hala nola gripearen kontrakoetan zein hilekoaren minerako edo buruko minerako farmakoetan. Hartzen ari zaren gainerako medikazioaren konposizioa egiaztatu behar duzu. Garrantzitsua da egunean 4 gramo (= 4.000 miligramo) ez gainditzea helduetan. Kontsultatu osasun-langileei minerako, sukarrerako edo griperako beste botika bat hartzen ari zaren.

Parazetamolaren erabilera haurrengan

3 eta 32 kilo bitarteko haurrentzat dira haur-parazetamolaren aurkezpenak. 500 miligramo Parazetamoleko pilulak, 33 kilotik gora pisatzen duten haurrekin erabil daitezke.

Kontsultatu erabilera-orria dosi egokia kalkulatzeko.

Dosifikazio-erroreak saihesteko:

  • Gorde prospektua jarabearen edo tanta-kontagailuaren ondoan.

  • Eman erabilera-orrian adierazitako dosia, haurraren pisuaren arabera.

  • Erabili beti xiringa edo tanta-kontagailua xarabearen ontzian bertan.

 

Ibuprofenoaren erabilera helduetan

Ibuprofenoak mina arintzen du eta sukarra gutxitzen. Paziente batzuetan eraginkorragoa izaten da arintzeko iraupen laburreko mina (hortzetakoa, eztarrikoa, zaintiratuak, bihurrituak edo hilekoak eragindakoa).

Arriskuak

Ibuprofenoa etengabe kontsumitzeak urdaila kaltetu dezake. Hori saihesteko, elikagaiekin hartzea gomendatzen da. Ibuprofenoa dosi normaletan eta denbora-tarte laburretan erabiltzen bada, ez da beti egokia urdail-babesa erabiltzea (omeprazola, ranitidina...). Aurretik beste medikamentu batzuk hartzen badituzu edo osasun-arazoak badituzu, kontsultatu zure medikuari.

Bihotzeko arazoak edo garuneko tronbosia izan badituzu, edo minerako edo hanturarako beste medikamentu batzuk hartzen ari bazara, kontsultatu zure medikuarekin ibuprofenoarekin tratamendua hasi aurretik.

Gomendatutako dosia

Mina arintzeko, dosi egokiena 400 miligramokoa da, noizean behin edo 8 ordutik behin, mina desagertu arte. 600 miligramoko dosia medikuaren aginduz baino ez litzateke erabili behar; izan ere, hartualdi bakoitzeko 400 miligramotik gorako dosiek ez dakarte onurarik min arinean, eta ondorio kaltegarriak eragin ditzakete. Ez hartu egunean 2.400 miligramo ibuprofeno baino gehiago. 2.400 miligramoko edo gehiagoko dosiek infartua edo iktusa izateko arriskua areagotzen dute.

Ibuprofenoaren erabilera haurrengan

3 eta 32 kilo bitarteko haurrentzat dira haur-ibuprofenoaren aurkezpenak. 12 urtetik aurrera 400 miligramoko pilulak erabil daitezke. Medikuarekin kontsultatu, 2 urtetik beherakoetan, zein kasutan erabili behar den ibuprofenoa.

Kontsultatu erabilera-orria dosi egokia kalkulatzeko.

Dosifikazio-erroreak saihesteko:

  • Gorde prospektua jarabearen edo tanta-kontagailuaren ondoan.

  • Eman erabilera-orrian adierazitako dosia, haurraren pisuaren arabera.

  • Erabili beti xarabearen ontzian bertan datorren xiringa edo tanta-kontagailua.

Informazio honek ez du ordezten sendagai bakoitzaren erabilera-orrikoa.

Zeinahi zalantza duzula ere, galdetu osasun etxeko erizainari. Izan gogoan arratsaldeetan eta asteburuetan osasun-aholkurako telefonora jo dezakezula. Erizainek atendituko zaituzte.