DEMENTZIA ETA ALZHEIMERRA - OHIKO GALDERAK

Nahasmendu kognitibo arina duen pertsonak espero baino gabezia handiagoa du memorian, pertsonaren adinaren arabera, beste dementzia-sintomarik gabe.

Dementzia pentsamendu eta memoria trebetasunak gutxitzea eragiten duen sintoma multzo bat da, eta eguneroko jarduera arruntak eta gizarte harremanak oztopatzen ditu.

Alzheimerra dementziaren kausa ohikoena da heldu nagusien artean.

Alzheimerra garuneko gaixotasuna da, ez da kutsakorra, progresiboa eta itzulezina da. Pertsonaren nortasuna aldatzen du, eta pixkanaka suntsitzen du haren memoria, bai eta ikasteko, arrazoitzeko, iritziak emateko, komunikatzeko eta eguneroko jarduerak egiteko trebetasunak ere. Trebetasun horiek galdu egiten dira garuneko zelula mota bat, neuronak, hiltzearen ondorioz.

Alzheimerra da gaixotasun neurodegeneratibo ohikoena.

Oro har, oroimenari eragiten dio, eta funtzio kognitibo guztiei eragiten die pixkanaka.

Badira dementzia eragiten duten beste gaixotasun batzuk ere, endekapenezkoak normalean, hala nola Lewyren gorputzek eragindako gaixotasuna, dementzia fronto-tenporala edo kausa baskularrek eragindako dementzia. Hasiera batean, alterazioak ager daitezke beste eremu batzuetan, hala nola jokabidean, hizkuntzan eta orientazioan.

Gaur egun oraindik ez dakigu zergatik sortzen den. Ikertzaileek uste dute ez dagoela Alzheimerraren kausa bakar bat. Ziur asko, hainbat faktoreren bidez garatzen da, hala nola genetika, bizimodua eta ingurumena. Zientzialariek hori pairatzeko arriskua areagotzen duten faktoreak identifikatu dituzte. Arrisku faktore batzuk (adina, familia-historia eta herentzia) aldatu ezin badira ere, sortzen ari den ebidentziak iradokitzen du eragina izan dezaketen beste faktore batzuk egon daitezkeela, hala nola osasun kardiobaskularrarekin eta bizi-estiloarekin lotutakoak.

Alzheimerraren diagnostikoa klinikoa da, hau da, medikuak diagnostikoa egiten du sintomak, miaketa neurologikoa eta eskura dauden proba osagarriak kontuan hartuta, indarrean dagoen adostasun medikoaren arabera.

Proba osagarri ohikoenak proba kognitiboak (memoria-testa eta beste gaitasun kognitibo batzuk), odol-analisia eta garuneko neuroirudia dira, hala nola ordenagailu bidezko tomografia (OT edo eskanerra) edo erresonantzia magnetikoa.

Gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egitea oso baliagarria izan daiteke, ez bakarrik gaixotasuna duen pertsonarentzat, baita zaintzailearentzat ere, gaixotasunaren ondorioak arintzen laguntzen duten estrategiak abian goiz jartzeko aukera ematen baitu.

Gaur egun ez dago gaixotasuna sendatzen edo geldiarazten ahal duen tratamendurik.

Badira tratamendu espezifikoak Alzheimerren gaixotasunarekin lotutako sintomen aurrerapena moteldu lezaketenak.

Zenbait sintoma, hala nola loezina, asaldua, deanbulazioa, antsietatea eta depresioa, leundu egin daitezke. Horretarako, Alzheimerren gaixotasuna duten pertsonei eta ahaide edo zaintzaileei laguntzen ahal zaie portaera horien abiarazleak identifikatzeko moduak eta kontrolatzen saiatzeko metodoak erakutsiz.

Alzheimerren gaixotasunean oso txikia da familia barneko herentzia. Alzheimerraren aldaeren % 1 baino ez dira hereditarioak.

Aitak edo amak edo bi gurasoek Alzheimerren gaixotasuna edo bestelako dementzia izateak ez du esan nahi zuk ere izanen duzunik. Herentzia izan daiteke faktore hartaratzaile bat, baina ez da erabakigarria.

Bai gorputz-ariketa bai buru-ariketa botikez besteko terapiarako estrategia onuragarritzat jo daitezke. Estimulazio kognitiboa gaixotasunaren tratamendu farmakologikoaren osagarri den esku-hartze terapeutikotzat jo behar da. Jarduera kognitiboak, edonolakoak direla ere (irakurtzea, gurutzegramak, karta jokoa, kalkulua, solasa, eskulanak…), lagungarriak dira funtzio kognitiboei eusteko eta gaixotasunak eragindako narriadura atzeratzeko. Jarduera horiek pertsonaren gaitasun eta gustuen arabera egokitu behar dira.

Ibilgailua gidatzea jarduera konplexua da, hainbat gaitasun kognitibo osorik eduki behar baitira egoki eta arriskurik gabe gidatzeko, hala nola orientazioa, oroimena, koordinazioa edo buru zolitasuna.

Nahiz eta gaixotasunaren hasierako faseetan sintomak arinak diren eta itxuraz gaixotasunak ez dion eragiten gaixoaren gidatzeko erari, frogaturik dago areagotu egiten dela istripua izateko arriskua. Ildo horretan, ez gidatzea gomendarazten duten datu batzuk agertzen dira gaixoen miaketan: moteltze kognitiboa edo/eta espazio-ikusmenaren eta pertzepzio-ikusmenaren funtzioen alterazioa edo/eta trafiko seinaleak interpretatzeko zailtasuna.

Dementzia duen pertsonak gaitasunen narriadura gero eta handiagoa izanen du. Ondorioz, erabakitzeko gaitasuna galduko du eta ez ditu bideratzen edo kontrolatzen ahalko diru, finantza eta lege kontuak.

Horregatik, diagnostikoaren unetik bertatik komeni da senitartekoek horretaz gogoeta egitea gaixoarekin batera, hark erabakitzeko gaitasunari eusten dion artean. Hain zuzen ere, komeni da abokatu edo notario bati kontsulta egitea, eta berak emanen dizkizue zuen egoeraren eta premien araberako aholku egokiak.

Nafarroan izan badira dementzia duten pertsonen arretarako askotariko baliabide soziosanitarioak. Udaletan, Nafarroako Gobernuan, osasun zerbitzuetan edo entitate pribatu eta itunduetan daude baliabide horiek. Hartara, kokapenaren arabera askotarikoa da eskaintza.

Gaixotasunaren diagnostikoa jasotzen den unetik, komeni da osasun etxeko edo udaleko gizarte langilearengana jotzea, zer baliabide eta laguntza dauden jakiteko.

Gainera, orientazioa eska dezakezu senitartekoen elkartean: AFAN.