Ondorio kaltegarriak jakinaraztea

Osasuneko profesionalek beren lan-eremuan detektatzen dituzten botiken ondorio kaltegarrien susmo guztiak jakinarazi behar dituzte.

Botikek sor dezaketen bilatu gabeko edozein eragin kaltegarri jotzen da ondorio kaltegarritzat.

Edozein botikaren ondorio kaltegarri larrien edo espero gabekoen susmoak eta jarraipen gehigarria behar duten botikekin lotutako ondorio kaltegarrien susmoak jakinarazteari emanen zaie lehentasuna. Azken horiek, beren prospektuan eta fitxa teknikoan, triangelu beltz alderantzikatu batekin identifikatuta daude eta ondoan azalpen-esaldi bat agertzen da: "▼Botika honi jarraipen gehigarria egin behar zaio".

Jakinarazpenen ondoreetarako, botiken mendekotasunak, abusuak eta erabilera okerrak eragindako ondorio kliniko kaltegarri oro ere –baimendutako baldintzetatik kanpo erabiltzearekin eta medikazio-akatsekin lotutakoak barne– ondorio kaltegarritzat hartuko dira. Azken kasu horretan, inguruabar hori txartel horian zehaztuko da.

Botika batek edozein koadro kliniko sortu duen edo horren agerpenean parte hartu duen susmo hutsa nahikoa da Farmakozaintza Zentroari jakinarazteko. Ondorio kaltegarri ezezagunak detektatzeko faktore garrantzitsu bat da hori. Farmakozaintzaren helburuetako bat lortzeko da garrantzitsua susmoak jakinaraztea: ondorio kaltegarri ezezagunak detektatzeko.

Botiken ondorio kaltegarrien susmoen dokumentazio klinikoa gorde egin behar da, eta, behar izanez gero, jarraipen-informazioa jakinarazi.

  1. PROFESIONALEK, NAHITAEZ: Medikuak, farmazialariak, odontologoak, erizainak eta beste osasun-profesional batzuk jakinaraztera behartuta daude, baita botikak merkaturatzeko baimena duten laborategiak ere.
      

  2. HERRITARREK, NAHI BADUTE: Edonork jakinaraz ditzake botiken ondorio kaltegarrien susmoak, dela profesionalen bidez, dela bere kabuz zuzenean Espainiako Farmakozaintza Sistemari, web inprimaki baten bidez. Inprimakiaren web-orrirako sarbidea botika bakoitzaren erabilera-orrian dago adierazita.

Osasun langile bati esaten ahal diozu hark jakinaraz dezan, edo zuk zeuk jakinarazten ahal diozu zuzenean Nafarroako Farmakozaintza Zentroari, Internet bidez, helbide hauetan:

www.ram.navarra.es

www.notificaram.es

 

Botikak hartu aurretik erabilera-orria irakurri behar da eta, zeinahi ondorio kaltegarri izanez gero, osasun-profesionalei jakinarazi behar zaie.