Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokia da Osasun Departamentuak sortutako tresna bat, xede duena osasun publikoari buruzko informazioa sortu, aztertu, bildu, antolatu eta jakinaraztea, osasuna hobetzeko eta osasunaren arloko desberdintasunak gutxitzeko ekintzak (maila orokorrean zein tokikoan) sustatu eta laguntzeko asmoz.

Hauexek ditu oinarri Osasun Komunitarioaren Behatokiak: batetik, osasuna baldintzatzen duten gizarte faktoreen eredua (Dahlgren G. eta Whitehead M., 1993) eta, bestetik, osasun arloko desberdintasunak baldintzatzen dituzten faktoreen esparrua, Espainian Osasun arloko Gizarte desberdintasunak Gutxitzeko Batzordeak ezarritakoa. Adina, sexua eta faktore hereditarioak bezalako aldagai pertsonalez gain, osasuna bizi azturen eta bizimoduen mende dago, baita gizarte, ekonomia, kultura eta ingurumen faktoreen mende ere, pertsonak jaio eta bizitzeko baldintzak zehazten baitituzte. Osasuna baldintzatzen duten faktoreen banaketa herritarren artean ez da homogeneoa; izan ere, desberdintasunak sortzen dituzten ardatzak daude eta, horien ondorioz, pertsona guztiek ez dituzte aukera berak osasun maila jakin bat lortzeko.

​​​​​​​

Osasun arloko desberdintasunak baldintzatzen dituzten faktoreen esparru kontzeptuala. Espainian Osasun arloko Desberdintasunak Murrizteko Batzordea, 2010. (Hauetan oinarritua: Solar eta Irwin, 2007; Navarro, 2004).

​​​​​​​

Era berean, behatokiak osasun arloko aktiboen eredua (Morgan A, Ziglio E, Davis M, 2007) hartzen du erreferentzia gisara.
   
Pertsonek, pertsona taldeek, komunitateek, herriek, gizarte sistemek edo erakundeek eskura dituzten baliabideek babesa ematen diete osasunaren gaineko eragin negatiboen aurka, eta/edo handitzen dituzte osasuna eta ongizatea sustatu eta mantentzeko dituzten gaitasunak.
 
Kontzeptua ikuspegi positibo batetik abiatzen da, alegia, osasuna nola sortu (salutogenesia) gaitasun positiboak areagotuz eta pertsonak eta erkidegoak ahaldunduz.

​​​​​​​

Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiak informazioaren eta ekintzaren arteko transmisio katea izan nahi du, osasuna babestera, prebenitzera eta sustatzera bideraturiko baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen eta lehenesten lagunduko duen tresna, desberdintasunen erroan eraginez. Osasun zerbitzuen jarduketa komunitarioak sustatzetik haratago, sektoreen arteko ekintza, osasuna politika guztietan egotea eta herritarren parte-hartze prozesuak ere bultzatu nahi ditu.

Osasun Komunitarioaren Behatokiaren funtsezko informazio zutabeak:

  1. Osasun emaitzen gaineko informazioa: morbimortalitatearen adierazleak, hautemandako osasunarenak...

  2. Osasuna baldintzatzen duten gizarte faktoreen gaineko informazioa: bizimodua, lana, ingurunea eta ingurumena, bizi baldintzak, osasunaren arloko defizitak eta aktiboak...

  1. Osasunaren arloko desberdintasunen azterketa, desberdintasun ardatzen arabera: generoa, gizarte maila, lurraldea.

Helburu orokorra

Nafarroako osasunaren egoerari buruzko ezagutza sortzea, eta komunikazio estrategia bat garatzea, erantzuna emateko osasunaren sustapenean eta hobekuntzan esku hartzen duten eragileen informazio beharrari.

Berariazko helburuak:

  1. Laguntzea Nafarroako Komunitateko herritarren osasun egoera ezagutzen, aztertzen eta interpretatzen eta denboran zehar duen bilakaera baloratzen.

  2. Osasuna baldintzatzen duten faktore nagusien egoera ezagutu, aztertu eta interpretatzea, osasunaren arloko aktiboak barne, eta denboran zehar duten bilakaera baloratzea.

  3. Osasunaren arloko desberdintasunek denboran zehar duten bilakaera ezagutu, aztertu eta baloratzea.

  4. Informazioa erraz eskuratzeko aukera emanen duten kanalak ezartzea eta produktuak sortzea, eta informazio hori ulergarria izatea interesdunentzat.

  5. Osasun ekintzarako erabilgarria izanen den ebidentzia eta ezagutza sortzea, lehentasunezko jarduketa beharrak identifikatu ahal izateko, bai maila orokorrean bai tokikoan.

  1. Osasunaren arloko sektoreak elkarrekin ari daitezen erraztea, komunitatean lan eginez, eta hala informazioa testuinguru eta sektore bakoitzera egokitzea.