Jarri arreta zure sentimenduei

Sentimendu desatseginak, askotan, arazoak seinalatzen dituzte. Sentimendu horiei arreta jartzen diezunean, arazoak bizkorrago hautemango dituzu sarritan. Adibidez, zure nagusiarekin hitz egiten duzun bakoitzean haserre sentitzen bazara, baliteke lanean arazo bat dagoenaren seinale izatea.

Bilatu aukerak

Ez jarri arreta egoeraren alde negatiboetan. Begiratu aukerei edo erronkei. Arazo batek hain beldurgarria ematen ez badu, errazago egingo zaizu konpontzea. Adibidez, zure nagusiarekin duzun arazoa zure laneko ingurunea hobetzeko aukera gisa ikus dezakezu.

Ezin duzu arazoa konpondu, arazoa zer den jakin arte. Horretarako, galdetu zeure buruari galdera hauek:

  1. Zein da egoera oraintxe bertan? Zer tristetzen nau?
     
  2. Egoera nolakoa izatea nahiko nuke? Egoera nolakoa litzateke triste egongo ez banintz?
     
  3. Zein dira oztopoak? Zerk eragozten du nire egoera perfektua lortzea? Zer dago nire esku aldaketa egiteko?

Aholkuak

Izan ahalik eta zehatzena.

Arazo baten definizioa lausoa bada, zaila da jakitea nondik hasi konpontzen. Adibidez, baliteke zaila izatea arazoak konpontzen hastea “Gorroto dut nire etxea” soilik esaten baduzu. Definizio zehatzagoa izan liteke, adibidez, “Egunero joan-etorria luzeegia da eta oso estresatuta eta akituta iristen naiz beti etxera”.

Mugatu ekintzetara

Ez gehitu iritzirik zure definizioan, ekintzak soilik. Etsituta bazaude zure bizilagunek festa zaratatsuak egiten dituztelako astebururo, ez du laguntzen “Nire bizilagunak txoro batzuk dira” esateak. Egia izanik ere, ez du arazoa konpontzen laguntzen. Ezin dituzu inola ere jende adeitsuago bihurtu!

Izan zaitez malgua

Arazoak oso zorrotz definitzen dituzunean, zaila da konponbideak aurkitzea. Adibidez, udan bidaia bat egin nahi duzu, baina ez daukazu autorik. Definizio zorrotz bat izan liteke: “Nola bil nezake auto bat erosteko behar adina diru hilabete batean?” Definizio hobeagoa izango litzakete: “Nola bidaia dezaket uda honetan nire aurrekontuarekin?” Horrelako arazoak definitzen dituzunean, adibidez, auto bat erostea hainbat konponbidetako bat besterik ez da. Konponbideak izan litezke ere hegazkin-txartel merke bat lortzea, autobusez bidaiatzea edo lagunekin batera auto bat alokatzea.

Aukeratu helburu bat zure arazorako. SMART printzipioak helburuak ezartzen lagun diezazuke:

Helburuak izan behar dute:

  • Specific (espezifikoak)

  • Measurable (neurgarriak)

  • Attainable (lorgarriak)

  • Realistic (errealistak) eta

  • Time-limited (denbora mugatukoak)

Adibidez, “Gimnasiora joango naiz egunero” baliteke helburu errealista ez izatea, une horretan ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez badaukazu. Adierazpen lagungarriagoa izan liteke “Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan,16:30etatik 17:30etara gimnasiora joango naiz” esaldia.

Erraza da behin eta berriro ideia berak bururatzea. Arazoak zailak direnean, lehen ideiak ez dira beti onenak!

Ideia-jasa

Errazagoa da konponbide on bat aurkitzea konponbidea asko badauzkazu aukeran. Saiatu ahalik eta konponbide gehien pentsatzen. Zapuztuta bazaude etxetik lanerako joan-etorria oso luzea delako, alda zaitezkeen auzoen zerrenda bat egin dezakezu. Hala ere, konponbide horiek guztiek gauza bera eskatzen dute: tokiz aldatzea. Beste konponbide batzuk ere kontuan har ditzakezu; adibidez, astean egun batzuk etxetik lan egitea, zure ordutegia aldatzea puntako orduetan joan-etorria egin beharrik ez izateko edo garraio-aukerak arakatzea (garraio publikoa edo lankideekin autoa partekatzea).

Ez epaitu!

Saiatu soluzio “egokia” aurkitzearekin ez obsesionatzen ideia-jasa egiten ari zarenean. Ez da konponbideak egokiak ote diren erabakitzeko garaia. Konponbide berriak pentsatzeko aukera gehiago izango duzu ideia zoroak ere ematen badituzu.

Konponbide posibleen zerrenda daukazunean, berrikusi zure ideiak eta aukeratu zuretzako konponbide onenak. Oso zaila da konponbide perfektua aurkitzea. Gakoa abantaila gehien eta kostu gutxien dituen konponbidea aukeratzean datza. Ziurrenik, konponbide guztiek edukiko dituzte alde negatiboak. Erabili galdera hauek konponbide onenak aukeratzeko gida gisa.

Soluzio honek nire helburuak lortzen eta nire arazoa konpontzen lagunduko dit?

Konponbide batek arazoa konpontzen ez badu, ziurrenik ez da aukera onena.

Zeinen ongi edo gaizki sentituko naiz konponbide hau aukeratzen badut?

Arazoa oso ongi konpon dezaketen konponbideak burura dakizkizuke. Baina, konponbideak oso gaizki sentiaraziko zaituela uste baduzu, baliteke aukera onena ez izatea oraingo honetan.

Zenbat denbora eta ahalegin behar da konponbidea gauzatzeko?

Baliteke denbora eta energia gehiegi behar duten soluzioak aukera onena ez izatea, errealistak izanda konponbide horiek gauzatu ezin badituzu.

Soluzio honek abantaila baino kostu gehiago ditu?

Kostuei eta abantailei begiratzen diezunean, ideia ona da konponbideak zuregan eta besteengan nolako eragina izango duen hausnartzea, orain eta etorkizunean. Beste arazo batzuk sortu edo zu edo besteak estresatuko baditu, agian ez da soluziorik onena.

Konponbide posibleak bilatzeko aholku gehiago

Eskatu besteei laguntza!

Lortu ideia gehiago lagunengandik, familiarengandik edo profesionalengandik. Babes sozialaren alderdi garrantzitsu bat da, eta estresa arintzen lagun dezake. Babes sozialari buruzko informazio gehiago lortzeko, ikusi 3. ongizate-modulua: Babes soziala ongizateemozionala.nafarroa.eus helbidean.

Konbinatu konponbideak

Zorakeria bat diruditen konponbide batzuk funtzionatu egin dezakete beste ideia batzuekin konbinatuta. Adibidez, gurasoek sarritan seme-alabekin uda guztian zer egin konpondu behar izaten dute. “Ilargira bidali” eta “zaintzeko norbait kontratatu” ideiak konbinatuta, konponbide bat izan daiteke “seme-alabak udalekuetan apuntatzea bi astetarako”.

Konponbide bat aukeratu eta gero, ekintzen plan bat egin behar duzu! Idatzi zure konponbidea gauzatzeko egin beharreko urrats zehatzak. Zer egin behar duzun zehatz badakizu, errazagoa izango zaizu ekitea.

Ideia ona da zure konponbideari jarraipena egitea zeinen ongi funtzionatzen ari den ikusteko. Zure arazoa bere kasa konpontzen ari bada, hausnartu egoerarekin ikasi duzunaz. Nork daki, agian noizbait antzeko arazo bat eduki dezakezu. Ziurtatu zeure burua saritzen duzula lana ongi egiteagatik.

Zure konponbideak funtzionatzen ez badu, izan atsegina zeure buruarekin. Gogoratu plan onenek ere ez dutela beti espero den moduan funtzionatzen. Berriro ebaluatu dezakezu plana nola alda dezakezun ikusteko.

Konponbideak funtzionatzen ez duela badirudi, egin zeure buruari galdera hauek:

  • Ondo zehaztu dut nire arazoa?  
  • Nire helburuak errealistak ziren? 
  • Irtenbiderik egokiena zen?
  • Hautatutako irtenbidea modu egokian gauzatu dut?
  • Arazoa konpondu da?

Baliteke urrats hauek behin baino gehiagotan egin behar izatea gustuko konponbide bat aurkitu arte. Normala da. Batez ere, arazo zailekin.

Landu arazoak konpontzeko konponbideak  arazoak konpontzeko lan-orrian