Haurren hipoakusien detekzio goiztiarrerako gida

Haurtzaroa pertsona baten garapenaren etapa nagusia dela kontuan hartuta, adingabe baten entzumen galeraren diagnostikoa berretsi ondoren, etapa erabakigarri bati ekinen zaio, bai adingabearentzat, bai haren familiarentzat. Hipoakusiaren detekzio goiztiarra, eta horren ondotik, egokitzapen protesiko goiztiarra eta egokia, eta, haiekin batera, esku-hartze espezializatua, funtsezko elementutzat jotzen dira entzumen defizita duen adingabearen hezkuntza eta inklusio pronostikoa zehazteko.

Desgaitasunari dagokionez, azken urteotan jarrerazko eta gizarteko hainbat aldaketa gertatu dira, eta, horien ondorioz, desgaitasuna duen adingabearengan oinarritutako esku-hartzea zabalago batez ordeztu da, esku-hartzearen barruan adingabea, haren familia eta gertuko ingurunea sartuta.

Hori aintzat hartuta, hagitz garrantzitsua da inplikatutako guztiek aisa ezagutzeko moduko ibilbidea izatea, eta ibilbide horrek, sailen arteko lankidetzan –administrazioei dagokienez– eta diziplinartekoan –profesionalei dagokienez–, erantzun koherentea, egokia eta nahikoa ematea gorreria duten adingabeen eta haien senideen beharrei. Nafarroan, Osasun Departamentuko, Eskubide Sozialetako Departamentuko eta Hezkuntza Departamentuko profesionalek elkarlanean lan egiten dute, 2000. urteaz geroztik, entzumen defizita duten adingabeen arretan.

Entzumen galera duten adingabeen familientzat erabilgarria den informazio guztia jasotzea da dokumentu honen helburua (detekzio eta diagnostikoari, dauden tratamenduei eta seme edo alaba gorrarentzako laguntza baliabideen eskuragarritasunari dagokienez), horri esker, familiei behar duten arreta, informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzeko gai izanen gara guztion artean, gorreriaren tratamenduari eta adingabearen gaikuntza eta hezkuntza prozesuari buruz dagozkien erabakiak har ditzaten.