Landutako plangintzaren arabera, gonbidapen gutun bat jasoko duzu etxean, eta bertan zehaztuko dizugu azterketa zein egunetan, zein ordutan eta zein lekutan eginen zaizun. Arropa erosoa eraman, erraz kentzeko modukoa. Ez baduzu zitaziora joan behar, deitu gonbidapen gutunean adierazitako telefonora, mesedez, ordu hori beste norbaitek balia dezan.

Gutun bat jasoko duzu etxean, zure izenean, eta bertan jakinaraziko dizugu mamografiaren emaitza. Gehienetan, normala izan ohi da emaitza, baina gerta daiteke zure probaren emaitza erabakigarria ez izatea; hori gertatuz gero, telefonoz deituko dizugu eta beste zita bat emanen, detekzio unitate berberean proba osagarri ez-inbaditzaileak egiteko (proiekzio mamografiko berriak eta/edo ekografia). 

Tumore gaizto baten susmoa baztertuko ez bagenu, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Bularreko Patologiako Unitatera bidaliko genuke kasua, prozedura diagnostikoa eta terapeutikoa osatzeko.

Mamografiaren emaitza normala izan arren bularrean koskorren bat, gogortasuna edo titiburuetan jarioak nabaritzen badituzu hurrengo zitara bitarteko aldian, egin kontsulta zure familia medikuari.

Berez, bi urtean behin egiten ditugu azterketak. Nolanahi ere, ezaugarri erradiologiko bereziak aintzat hartuz, emakumeen azpitalde jakin bati urtebeteren buruan tarteko azterketa egitea gomendatuko diogu.