Tumore gaizto ohikoena da emakumeengan, bai Nafarroan (emakumeei eragiten dieten minbizi inbaditzaile guztien % 26) eta bai Espainian. Zorionez, haren hilkortasuna murrizten ari da azken hamarkadetan, gaixotasunaren diagnostikoan eta tratamenduan eman diren aurrerapen zientifikoei esker. Horien artean daude bahetzeko programak.

Gaixotasunak hasi berritan detektatzeko ekintzen multzoak dira baheketa programak, eta tratamendu ez hain inbaditzaileak emateko edo heriotza tasa murrizteko pronostikoa hobetzea dute helburu.

Mamografia digitalarekin egindako baheketan oinarritutako bigarren mailako prebentzioak diagnostiko goiztiarra egiteko aukera ematen du, tumorea nabaria ez den fase batean, eta pronostiko hobea eta intentsitate terapeutiko txikiagoa zilegitzen ditu.

Bularreko minbizia fase goiztiarretan detekta daiteke, nahiz eta sintomarik izan ez. Tratamendu egokiarekin, detekzio goiztiarrak emakumearen biziraupena ahalbidetzen du, eta pronostikoa hobetzen. Horretarako modurik eraginkorrena emakumeei adin tarte jakin batzuetan aldian-aldian mamografiak egitea da, oraindik sintomak agertu ez direnean.

Aldizkako mamografiak eginez bularreko minbizia bahetzean hilkortasuna murriztu egiten dela ikusi da.

1990az geroztik, Nafarroa aitzindaria da nazio mailan Bularreko Minbizia Prebenitu eta Bahetzeko Programan. Gainera, 132/2014 FORU AGINDUAren bitartez, Nafarroako Gobernuak berrantolatu egin du Bularreko Minbizia Prebenitu eta Bahetzeko Nafarroako Programa; hala, Nafarroako edozein udalerritan bizi diren emakume guztiei bermatzen zaie programan parte hartzeko aukera, hartarako irizpideak betetzen dituztenean. Programak detekzio prozesuak, diagnostikoa berresteko balorazioa eta arriskuan dauden patologien jarraipena hartzen ditu barnean, eta ez du inolako kosturik programan parte hartzen dutenentzat. Hori guztia, zerbitzua ematera edo zerbitzua ordaintzera behartuta egon litezkeen hirugarrenen betebeharrak ezetsi gabe.