Antsietate arazoak dituzten pertsonen senitarteko eta adiskideek maiz ez dakite nola aurre egin egoerari. Horrek noraezean eta zapuztuta sentiarazten ahal ditu. Komeni da nola jokatu behar den jakitea, laguntza egokia emateko eta arazoa areagotu eta betikotuko luketen jokabideak edo okerreko konponbideak saihesteko.


Oso ohikoa da antsietate arazoak dituen pertsonaren portaeran aldaketak agertzea. Aldaketa horiek antsietatearen ondorio izan daitezke, edo, bestela, arazoa ezkutatu edo itxurak egiteko ahaleginen ondorio (pertsona lotsatu egiten bada, arbuiatuko duten beldur bada edo besteak kezkatzerik nahi ez badu). Hona portaera-aldaketa horien adibide batzuk: jarduera jakin batzuk egiteko gogoa galtzea, aitzakiak, suminkortasuna, umore aldaketak, uzkurtasuna, zenbait egoera saihestea, segurtasun baldintza sendoagoak bilatzea, bere burua defendatzeko jarrerak (adi egotea, mesfidantza, minberatasuna).

El papel de la familia

Hona hari laguntzeko jarraibide batzuk:

  • Informazioa bilatu

  • Eutsi

  • Laguntza eskaini

  • Behar denean, kanpoko laguntzak bideratu

Lehenik, komeni da zer gertatzen den ikertu eta informazioa biltzea. Informazioak esanahia ematen die gauzei, haietaz gehiago jakiten ahalbidetzen digu, eta erabakiak hartzen laguntzen digu. Kasu honetan hauek izan litezke lehenbiziko bi informazio iturriak:

 

  • Arazoa duen pertsona: entzun aktiboki antsietate arazoa duen pertsonari eta saiatu ulertzen zer gertatzen ari zaion, hura gaitzetsi gabe eta mesfidantzarik gabe. Pertsonak dagoeneko profesional batengana jo badu, familia-medikuarengana adibidez, komeni da hark arazoari buruz zer balorazio edo ohar egin dituen jakitea.
     

  • Zabalkunderako dokumentu espezializatuak: arazoa hobeki ulertzeko baliagarria izan daiteke sakonean kontsultatzea dokumentu espezializatuak: zer den antsietatea, nola agertzen den, zer faktorerekin duen lotura, motak, etab. Informazio hori lortzen ahal da zabalkunderako liburu teknikoetatik edo ospea duten erakunde eta profesionalen webgune egiaztatuetatik.

Eustea entzute aktiboa baino urrats bat harago doa, egoera arazotsuaz jabetzeko gaitasuna baitago jokoan. Jarrera enpatikoa hartu behar da, gauza izan behar da sufritzen ari den pertsonaren erreferentziako esparruan kokatzeko, eta laguntzeko prest agertu. Eusteak esan nahi du:

 

  • Ulerkor jokatzea eta laguntzeko prest egotea. Ulerkortasuna ez da gehiegi edo etengabe hitz egitea antsietateak sortzen dituen sentsazio desatseginei buruz, horrek sentsazio horiek iraunarazten lagundu lezakeelako.
     

  • Egoeraz jabetzea da, partekatzeko prest egotea beste pertsonari zama arintzeko. Batzuetan, beldurrak eta kezkak ahoz adierazteak lasaitu egiten gaitu. Behin-behineko lasaitasuna da, partekatze hutsagatik ez baitira desagertuko, baina ezinegona une batez arinduko da behintzat.
     

  • Arinkeriak eta deskalifikazioak saihestu behar dira. Saiatu errietak, gaitzespenak, hitz ironikoak eta judizio moralak baztertzen. Portaera horrek aurretik juzgatua, barregarri utzia eta gaitzetsia sentiaraziko du pertsona.
     

  • Saiatu errurik ez botatzen. Errua botatzean, egoera arazotsuaren erantzukizun osoa egozten zaio hura jasaten ari den pertsonari. Baliteke nahasmenduak berak pertsonari ez uztea egoerari aurre egiten edo bestelako egoera batean errazak emanen luketen konponbideak aplikatzen. Errua botatzen badiote, larriago eta ezgauzago sentitu liteke.
      

  • Ez dramatizatu, ez zaitez pazientea bera baino gehiago estutu. Jokaera horrek alarma handiagoa eragin eta antsietatearen tinta-orban efektua indartuko luke, hau da, antsietatea are gehiago haziko litzateke.
     

  • Lagundu egoerak modu objektiboan hartzen. Antsietateak berezkoa du mehatxuak puzteko eta baliabideak gutxiesteko joera. Egoera modu objektiboago eta errealistagoan aztertzen laguntzen ahal dugu, adore eman egoerari aurre egiteko, gehiegi babestu eta beldur zentzugabeak berretsi beharrean.
     

  • Konponbiderako itxaropen errealistak sortu. Pertsonak jabetu behar du, antsietatea izan arren, hura gainditu ahal izateko behar dituen estrategiak eskuratzen ahal dituela. Beste aldi batzuetan gai izan bada konponezinak ziruditen arazoei erantzunak bilatzeko, oraingoan ere gai izanen da.

Laguntza sozialaren eta laguntza instrumentalaren emaitza nagusiak dira hautemandako estresatzaileak murriztea, atsegin sentsazioa areagotzea eta antsietate eta depresio sentimenduak murriztea.  Lagundu, nola?

 

  • Animatu pazientea pixkanaka aurre egitera beldurrei eta beldurra ematen dioten egoera edo inguruabarrei: seguru asko, ez du horretarako tarterik aurkituko; beldurrak ez ditu erakargarri egiten bere menpe dituen egoerak. Aldian-aldian, gure denboraren zati bat emanen dugu honelako ekimenak babestu eta sustatzeko: “asteazken arratsaldean saiatuko gara”.
     

  • Adi-adi egon beldurrei aurre egin nahi ez dien pertsonak darabiltzan argudioei. Izan ere, beldurra mozorrotuta egon daiteke sinesgarriak ematen duten aitzaki ongi josien artean.
     

  • Lortzen diren aurrerapenak indartu (gorespenak, laudorioak, zorionak, ospakizunak…) eta, batez ere, egindako ahaleginengatik poza agertu.
     

  • Eskaini laguntzak, gehiegi babestu gabe. Laguntzak kenduz joanen dira pazienteak hobera egiten duen heinean, eta hobera egin dezan: ulertzekoa da maite dugun edo axola digun norbait sufritzen ikustean nahigabe hori epe laburrean ahalik eta lasterren arintzen saiatzea. Gehiegizko babesa ez da arazoa gainditzen laguntzeko estrategia ona, arazoa luzaroan iraunarazten laguntzen duelako.
     

  • Ez utzi arazoari zabaltzen: antsietatearen ondorioak mugatzen dituzten baliabideak edo baldintzak eman ditzakegu hasiera batean arazoak eragin ez zien esparruetan, ondorio kaltegarriak ahalik eta gutxien zabaldu daitezen.
     

  • Saihestu alferrikako estres iturriak: garrantzitsua da kontuan hartzea antsietate arazoa jasaten duen pertsonari, dagoen egoeran egonda, edozein txikikeriak antsietatea pizten ahal diola, eta arazoa luzatu eta larriagotu.

Antzematen baduzu antsietatea gero eta larriagoa dela eta prebentzio neurriak ez direla funtzionatzen ari edo ez direla nahiko, erabilgarria izan daiteke pertsona animatzea bere arazoa espezialistekin kontsultatzera, eta tratamendu egokia lortzeko informazioa eskaintzea. Lagundu suspertzeko itxaropen errealistak sortzen:

 

  • Modu aktiboan parte hartuz laguntza espezializatuaren bilaketan: laguntza profesionala bilatzea estres iturri erantsia izan daiteke arazoa jasaten duen pertsonarentzat. Bilaketa horretan parte hartzea laguntza emozional eta instrumentala emateko modu bat da.
     

  • Espezialistekin elkarlanean arituz programa terapeutikoaren atalen baten aplikazioan, hori beharrezkoa edo onuragarria bada: esku-hartze prozesuan terapiakide edo laguntzaile gisa parte hartzea, antsietate arazoaren motaren arabera, tratamendu programaren funtsezko osagai izan daiteke. Zure laguntza oso ongi hartua eta guztiz baliagarria izanen da.

 

Autolaguntzako testuren bat bilatuz, kasurako egokia: behin jakiten dugunean zer motatako antsietate arazoa duen pertsonak, iradokizunak edo konponbideak ematen dituen literatura espezializatura jo dezakegu.