Katarroak aste batean edo bitan sendatu ohi dira, antibiotikoen premiarik gabe, pazientziari eta zenbait zainketari esker. Hona hemen eman ohi diren aholkuak:

  • Atseden hartu, behar adina, gehienbat sukarra duenean.
  • Edan ur gehiago. Infusioak, fruta-zukuak eta salda arinak ere onak dira, mukiak mehetzen dituztelako, eta sudurra eta eztarria heze mantentzen dituztelako.
  • Ez erre eta ez arnastu tabakoaren kea; ez ibili giro itxietan.
  • Karamelu gogorrak edo zintzurrerako pastillak lagungarri eta freskagarriak izan daitezke, listua sorrarazten baitute.
  • Babestu hotzetik eta saihestu tenperaturaren gorabehera bortitzak.
  • Ez edan alkoholik, eta ez hartu kafeinarik, ahoa eta eztarria idortzen baitute.
  • Ur beroarekin dutxatzea ere lagungarria izan daiteke kongestioa arintzeko, eta komenigarria da giroa hezetzea, edo lurrunak edo inhalazioak egitea.

  • Garbitu eskuak maiz, erabili botatzeko mukizapiak, eta tapatu sudurra eztul eta/edo doministiku egitean.

Ez dago katarrorako tratamendurik, berez sendatzen baita;  antibiotikoek ez dute balio birusak hiltzeko.

Sintomak tratatzeko, analgesiko-antitermikoak hartu (parazetamola, esaterako), botiken argibide-orriak dioen bezala.

Ez da komeni 16 urtetik beherakoek aspirina hartzea, medikuak espresuki agindu ez badu.

Sudurreko buxadura horren kontra eta arnasari laguntzeko, kongestioaren kontrakoak lagungarriak izan daitezke, baita suero fisiologikoa edo ur gazia ere.

Eztula idorra edo karkaxaduna izan daiteke, eta mukiak aterarazten laguntzen du. Horregatik, ez da komeni desagerraraztea. Oso amorragarria bihurtzen bada, ahoko antiseptikoak hartzen ahal ditugu, edo zintzurreko aznahiaren kontrako goxokiak, eta, eztul motaren arabera, karkaxak kanporatzekoak (mukia ateratzen laguntzen dute) edo eztularen kontrakoak (eztularen erreflexua inhibitzeko).

  • Arnasa hartzeko zailtasuna handia bada edo karkaxak berdexkak edo odolduak badira.
  • Sukarra altua bada, 3-4 egunetik gora irauten badu, edo egun bat sukarrik gabe pasatu eta gero berritzen bada.
  • Bularreko edo saihetseko mina baduzu.
  • Belarriko mina edo zorne-isuria baduzu.
  • Sintomek 10 egun baino gehiago irauten badute, edo okerrera eginez gero.
  • Egunak joan egunak etorri, eztulak bere horretan segitzen badu, bortitza bada, eta ohiko bizimoduan traba bada.
  • Arriskuko gaixoak badira: ume txikiak, haurdun dauden emakumeak, zaharrak, edo gaixotasun kronikoren bat edo immunoeskasiaren bat dutenak.