Kausen berri izan eta haiek kontrolatzea ezinbestekoa da krisi gehiago ez izateko

  • Leihoak ireki egunero, etxeko airea berritzeko.
  • Hobe arnasa sudurretik hartzea ahotik baino, horrela aireari zikinkeriak kentzen dizkiogulako.
  • Substantzia narritagarririk gabeko airea arnastu behar dugu. Beraz, hauek denak ekidin beharko ditugu: tabako-kea (ez dezala inork erre gu han bagaude), hautsa, autoen gasak, margoa, aerosolak, garbiketa-produktu batzuk, intsektizidak..
  • Lantokian, beharrezkoa bada, maskara eta eskularruak erabili, babesteko.
  • Erretzeari utzi. Ez da ezinezkoa tabakoa uztea. Modu asko daude horretarako.
  • Saia zaitez tenperatura bertsuan egoten, hotz eta bero handirik gabe, eta jarri gripearen txertoa.

Erizain, mediku eta gizarte-langileek eginkizun garrantzitsua dute, eta zure plana aurrera eramaten laguntzeko daude.

Oso garrantzitsua da, eragina izatez gero, behar den bezala erabiltzea.

Inhalagailuak botikak bronkioetara sartzen laguntzen duten aparatuak dira. Inhalagailu mota asko daude, eta haietako bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu, eta bere jarraibideak.

Erizaintzako kontsultan, zure beharretara gehien egokitzen den inhalagailua aukeratzen lagunduko dizute. Bestetik, nola erabili eta zer aurreneurri hartu ere azalduko dizute. Ona da bisita bakoitzean inhalazio teknika errepasatzea eta oroitaraztea inhalazioen ondoren hortzak eta mingaina garbitu behar direla, gehienbat kortikoideak daramatzaten inhalagailuak erabiltzen dituzunean.

Inhalagailu motak:

  • Presurizatuak edo kartutxodunak: botika gas batean disolbatua dago, eta kartutxoa zapaltzean ateratzen da gasa.
  • Inhalazio kamerak: kamera bat dute inhalagailu presurizatuen edo kartutxodunen erabilera errazteko.
  • Hauts lehorreko inhalagailuak: inhalagailu hauetan, botika hauts fin-finean dago disolbaturik.


Inhalagailu bat baino gehiago erabili behar badira, zein lehenbizikoa eta zein gero?

  • Lehenbizi, arnasa handitzeko medikazioa hartu behar da, hau da, eragin laburreko bronkodilatadorea, bronkioen inflamazioa gutxitu eta pixkana-pixkana irekitzeko.
  • Eragin laburreko bronkodilatadorearen ondoren, erabili kortikoidedun inhalagailua edo eragin luzeko bronkodilatadorearekin egindako kortikoide-nahasketa. Horrela, bigarren medikamentu hori arnastean, sakonago sartzen da bronkioetan.

Nola erabili Gehieneko Arnas Fluxuaren neurgailua (GAF):

Aparatu horrek zera neurtzen du: zenbait aire bota dezakezun bronkioetatik arnasaldi sakon eta laster batean.

Behar baldin baduzu, erizainak erakutsiko dizu nola eta noiz erabili. Erregistro orri bat emanen dizu zifrak apuntatzeko, eta horri esker aztertuko dute, sintomei esker, nola antzeman lehenbailehen krisi bat datorrela, eta, jakina, ahalik lasterrena tratamendua aldatu, halakorik behar bada.

Ariketak lagungarriak dira gaitasun fisikoa eta bronkioen funtzionamendua hobetzeko. Horiei esker, medikazioarekin bakarrik lortuko ez genituzkeen emaitzak lortuko ditugu.

 

Eguneroko ariketa fisiko erregularra

Hauxe da gure gomendioa, betiere gaixotasunak horretarako biderik ematen badu:

•  Ariketa egitea, egunean 30 minutuz (ibili, igeri egin, zelaian bizikletaz...), hasieran poliki, eta gehiegi nekatu gabe.

10-20 minutuko saio bat baino gehiago egin daiteke. Ariketak asmaren sintomak pizten badizkizu, ariketa hasi baino 10-15 minutu lehenago eragin laburreko bronkodilatadore bat inhalatu behar duzu Giro bero, heze eta kutsatu gabeetan egin behar da ariketa fisikoa; edo toki itxietan, hotz handia badago, edo haize zakarra badabil.

• Indar ariketak egitea (luzaketak, pisuak altxatzea...) gutxienez 8 aldiz ariketa bakoitza, 8ra arte zenbatuz poliki. Oso onak dira malgutasun ariketak ere (gimnasia, yoga, etab.).

Ejercicio Fisico

Arnasketa teknikak

Erizaintzako kontsultan, arnasketa teknika hauetako batzuk azalduko dizkizute, baita egiten erakutsi ere

  • Bularraldeko arnasketa. Bularra kanpoaldera zabaldu behar da, eta gero barrenera uzkurtu, birika airez betez eta hustuz.
  • Sabelaldeko arnasketa (arnasketa diafragmatikoa). Eskuak sabelean ditugula (abdomenean), sudurretik hartu arnasa, eta eskuak nola goratzen diren sumatuko dugu. Airea ahotik botako dugu, ezpainak erdi itxita ditugula txistu egiteko bezala. Horretarako, sabelaldeko giharrak uzkurtuz joanen gara pixkanaka.
  • Birikak zabaltzeko teknikak. Eserita zaudela, besoak luze, hartu arnasa, eta, bitartean, besoak goratu. Arnasa bota bitartean, besoak abiapuntura itzuliko dira. Zutik, ukondoak gorputzari itsatsita eta eskuak sorbaldetan, arnasa hartu, eta bitartean ukondoak goratu. Arnasa bota bitartean, ukondoak abiapuntura itzuliko dira.

Estresa dela-eta, gaixotasunaren sintomek okerrera egin dezakete.

Hona hemen aholku lagungarri batzuk:

  • Lasaitu eta arnasa hartu. Musika aditu, edo irakurri, atseden hartu, paseoan ibili. Zure erizainak lasaitzeko teknika errazak erakusten ahal dizkizu.
  • Jabetu zure emozioez: onar itzazu eta adierazi. Beldurra, haserrea, poza, mina, lasaitasuna, estura eta tristezia gizon-emakumeen sentimendu normalak dira.
  • Larritasunik eta presarik gabe antolatu zure bizimodua, behar adina atsedenaldirekin.
  • Izan itzazu jarduera atseginak zure bizitzan.
  • Laguntza eskatu hurbilekoei. Konpartitu zure sentimenduak, zure momentu onak eta ez hain onak.  

Gaixotasuna ongi kontrolatzeko, agindua dagoen bezalaxe hartu behar da botika, nahiz eta sintomarik ez sentitu.

Bereizi beharrekoak:

1. Arnasa hobeki hartzeko botikak: eragin laburreko bronkodilatadoreak dira. Minutu gutxian bronkioak lasaitu eta irekitzen dituzte. Sintomak laster arintzeko erabiltzen dira. Gaixoak okerrera egitean erabiltzen den lehenbiziko botika da beti.

2. Kontrolerako botikak: asmaren oinarrizko tratamendua dira. Etengabean hartu behar dira.

  • Kortikoide inhalatuak: tratamendu garrantzitsuena da, eta eraginkorrena, bronkioetako inflamazioa gutxitzen dutelako. Ez dira inoiz utzi behar, non eta ez duen esaten medikuak. Oso seguruak dira, eta nahi gabeko ondorio gutxi dituzte. Horietatik, ohikoena ahoko infekzioa da, onddoena. Horri aurrea hartzeko, ongi garbitu behar dira beti hortzak eta mingaina.
    Inhalazio bidezko tratamenduarekin hobera egiten ez duten gaixoei kortikoide-pastillak ematen ahal zaizkie.
  • Antileukotrienoak: maiz erabiltzen dira asma mota jakin batzuetan, bakarrik edo kortikoideekin batera.
  • Eragin luzeko bronkodilatadoreak: erabiltzez gero, kortikoide inhalatuekin batera hartu behar dira, sekula ez bakarrik.

Asma alergikoan, alergiarako txertoak erabil daitezke tratamendu gisara. Injekzio bidez ematen dira normalean, baina, gaur egun, hasiak dira erabiltzen tantak eta pastillak ere. Alergologoak esanen du beharrezkoak diren ala ez, eta nola, non eta noiz arte egin behar den tratamendua.

Plan pertsonal bat lantzea da zure bizi-kalitatea hobetzeko lehen urratsa

Horretarako, garrantzitsua da:

  • Izan eta landu zeure motibazioak
  • Jabetu zaitez zure hasierako egoeraz
  • Helburu errealistak plantea itzazu
  • Izan zaitez konstantea
  • Jarri arreta zure ingurunean eta osasun etxeko profesionalengan

Helburuak zehazten laguntzeko, egoera onena deskribatuko dizugu:

  • Saihestu faktore eragileak: utzi erretzeari eta aurreikusi infekzioak
  • Agindutako botikak hartzea, behin ere ahaztu gabe.
  • Ariketa fisikoa eta arnasketa ariketak egitea
  • Estresa menderatzea
  • Elikadura osasuntsua: 5 otordu egunean, gatz eta gantz gutxirekin, eta fruta eta barazki asko
  • Zer botika erabili ezin dudan jakitea
  • Sintomarik gabe egoten saiatzea (arnasa falta, txistu-hotsak, eztula…).
  • Saiatu libratzeko inhalagailuetara jo behar ez izaten