ESKUBIDEAK

Nafarroan bizi diren pertsona guztiek dute Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Sistema Publikoak emandako lehen mailako osasun laguntza edo arreta espezializatua doan jasotzeko eskubidea, edozein dela ere haien adina, nazionalitatea edo legezko edo administrazioko egoera, bizilekua zenbat denboran duten kontuan hartu gabe (8/2013 Foru Legea).

Eskubide hori egiaztatzeko, osasun administrazioak doan emanen du identifikazio agiri bat, Nafarroan osasun laguntza publikoa unibertsalizatzeko araubidean sartzeko. Asistentzia estaldura Osasun Sistema Nazionalaren Norbanakoaren Osasun Txartela dutenei ematen zaien bera izanen da.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean iragaitzaz daudenei osasun laguntza publikoa ziurtatuko zaie indarreko legeetan, Europako zuzenbidean eta aplikatzekoak diren nazioko nahiz nazioarteko hitzarmenetan ezarritako moduan eta baldintzetan. Halaber, osasun laguntza publikoa ziurtatuko zaie aurreko idatz-zatietan jasota ez dauden adingabeei eta emakume haurdunei. Gainera, larrialdi nahiz emergentzia egoeran dauden pertsona guztiei ziurtatuko zaie osasun laguntza publikoa. (17/2010 Foru Legea, 11. art.).

Nafarroako osasun sistema publikoko erabiltzaileek eskubidea dute Oinarrizko Osasun Laguntzako mediku orokorra, pediatra, psikiatra eta obstetrizia eta ginekologiako espezialista libreki hautatzeko, indarra duten arauen arabera (244/1994 Foru Dekretua, 1. art. eta 122/2002 Foru Dekretua, 3. art.). Eskubidea dute, bestetik, osasun laguntza espezializatuan atentzio eta segimendu pertsonalizatua izateko (241/1998 Foru Dekretua, 1. art.).

Medikamentuak eta osasun produktuak izateko eskubidea dute uztailaren 26ko 29/2006 Legearen arabera.

Osasun laguntza gehieneko epe batean jasotzeko eskubidea arau honetan dago jasoa: osasun laguntza espezializatuko itxaronaldien bermeei buruzko 14/2008 Foru Legearem 3. art..

Bermatua dago, bestetik, garrantzi handia duten gomendio terapeutikoei edo jokaera diagnostikoei buruzko bigarren iritzi mediko bat izateko eskubidea. (17/2010 Foru Legea, 11. art.).

Pazienteak badu ospitalean norbait ohe ondoan izateko eskubidea, betiere osasun arreta egokia izateko traba ez bada (17/2010 Foru Legea, 16. art.). Paziente gorrek zeinuen hizkuntzaren interprete bat izateko eskubidea dute (urriaren 23ko 27/2007 Legea).

Askatasun ideologiko, erlijioso eta kultukorako eskubidea, eta kalitateko osasun arreta izatekoa 17/2010 Foru Legean daude jasota.

17/2010 Foru Legeak eskubide espezifikoak aitortzen dizkie zenbait talderi, arreta pertsonalizatua emateko, bakoitzaren egoerarako egokia dena: adin txikikoak, gaixotasun mentalen bat dutenak, desgaitasunen bat dutenak, gaixotasun kronikoren bat dutenak, prozesu terminalean daudenak (8/2011 Foru Legea), pertsona transexualak (12/2009 Foru Legea), atzerritarrak, eta arriskuan dauden kolektibo guztietakoak. 

Pertsona orok intimitaterako eskubidea du, baita gela batean bakarrik egoteko ere, egoera dela-eta beharrezkoa denean (17/2010 Foru Legea, 29. art.).

Eskubidea du, bestetik, bere osasunarekin eta erietxeetako egonaldiekin zerikusia duen informazioa isilpekoa izateko, erregistro ikonografikoen grabazioa eta hedapena mugatzeko, eta, norberaren eta familiaren intimitatea babestearren, datu genetikoak eta bestelako datu inportanteen isilpekotasunerako.

Isilpekotasunerako eskubidea mugatua dago baldin eta informazioa emateko edo salaketa bat jartzeko betebehar legala badago, eta ulertzen da ez dela eskubidea urratzen baldin eta interesatuak interprete bat edo bere konfiantzako pertsona bat bertan egotea onartzen badu.

Datuen babesari dagokionez, Gobernuaren Atarian argitaratuta dago Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen tratamendu-jardueren inbentarioa. Bertan, tratamendu bakoitzeko, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan eta haren lege oinarrian ezarritako informazioa jasotzen da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago

Historia klinikoa.  (17/2010 Foru Legea, 58. artikulua)

Paziente bakoitzaren asistentzia-prozesua jasotzen duen dokumentu-multzoa da historia klinikoa.
 
Gehitzen den informazio orok sinatuta eta datatuta egon behar du.
  
Zentroak bertan jasotako datuak babestu behar ditu, baimenik gabeko sarbideak edo aldaketak saihestu behar ditu, eta segurtasun-baldintzetan biltegiratu behar ditu.
  
Helburu epidemiologikoetarako, ikerketarako edo irakaskuntzarako erabil daitezke, betiere Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa betetzen bada.
  
Pazienteak edo haren ordezkariak eskubidea du bere historia klinikoan jasotako datuak eskuratzeko, Legean aurreikusitako kasuetan izan ezik (hirugarren pertsonek konfidentzialtasunerako duten eskubideari eta osasun-laguntzarako interesgarriak diren ohar subjektiboei kalterik egin gabe).
  
Pazientea hiltzen bada, harekin familia-arrazoiengatik edo izatezko arrazoiengatik lotutako pertsonek historia klinikoko datuak eskuratzen ahalko dituzte, betiere hildako pertsonaren aurkako xedapenik ez badago. Hirugarren batzuen osasunerako behar bezala egiaztatutako arriskua badago ere sartzen ahalko da. Bi kasuetan, dagozkion datuak baino ez dira emanen.

Txosten klinikoak

Paziente guztiek dute beren asistentzia-prozesuari buruzko txosten klinikoa jasotzeko eskubidea.
  
Sendagiriari buruzko txostena: Asistentzia-prozesua amaitutakoan, pazienteak sendagiria jasotzeko eskubidea du.

Ezintasun-parteak

Pazienteek eskubidea dute baja agiriak, sendagiriak eta berrespenen agiriak eta ezintasuna edo beste ondorio batzuk baloratzeko gainerako dokumentuak jasotzeko, legeriaren arabera.

Ziurtagiri medikoak.
   

Pertsona orok du osasun egoerari buruzko txostenak edo ziurtagiriak jasotzeko eskubidea. Ziurtagiri horiek doakoak izanen dira lege edo erregelamendu xedapen batek hala xedatzen duenean eta foru administrazioaren aurrean egiaztatu behar direnean.
  
Pertsonek eskubidea dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboek ziurtagiri medikoak egin ditzaten Erregistro Zibilerako, jaiotzari, heriotzari eta gainerakoei buruz.

Herritarrek eskubidea dute informazio orokorra jasotzeko osasun programei eta planei buruz, Nafarroako osasun sistemari buruz, laguntza zentroen kalitate-mailari buruz eta itxarote zerrendei buruz. (17/2010 Foru Legea, 37. art.).

Asistentzia informaziorako eskubidea ere jasota dago, hau da, bere prozesuari eta jasotako osasun arretari buruzko informazioa jasotzekoa. Pazienteak eskubidea du balizko asistentzia jarduketei buruzko informazio ulergarria jasotzeko, esku-hartze bakoitzaren helburua eta izaera, arriskuak eta ondorioak ezagutzeko eta askatasunez eta kausa ezagututa aukeratu ahal izateko. Era berean, informatua ez izateko borondatea errespetatzeko eskubidea du. (17/2010 Foru Legea, 42. art.).

Oro har, informazioa ahoz emanen da, eta eskubidearen titularra pazientea bera izanen da, nahiz eta kasu jakin batzuetan familiari edo tutoreei jakinarazten ahalko zaien.

Herritarrek eskubidea dute kolektibitatearen osasun arazoak ezagutzeko, baldin eta osasun publikorako edo norberaren osasunerako arriskutsuak badira, eta eskubidea dute informazio hori egiazkoa, ulergarria eta osasuna babesteko egokia izan dadin, legeak ezarritakoaren arabera.

Lege esparrua

17/2010 Foru Legea, 45. art., azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, bertan jasotzen baita parte hartzeko eskubidea.

204/1994 Foru Dekretua, urriaren 24koa, hiritarrek Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistemaren gainean erreklamatu eta iradokizunak egiteko prozedurari buruzkoa.

Erreklamazio bat aurkeztea ez da ezein kasutan administrazio-errekurtso gisara kalifikatuko, eta aurkezte horrek ez ditu etenen uki lezakeen prozeduran ezarritako epeak, ez eta baldintzatuko ere interesdunen gainerako ekintzak edo eskubideak gauzatzea.

Nola baliatu eskubide hori

 

Pazientearen erabakitzeko askatasunerako eskubidea. (17/2010 Foru Legea, 48. art.)
   
Errespetatu egin behar dira pazienteek, beren egoera baloratu ahal izateko informazio egokia jaso ondoren, beren osasunari buruz hartutako erabakiak, baita beren osasunari buruz lehendik hartuak dituzten erabakiak ezeztatzeko askatasuna ere. Adingabeen kasuan, beren erabakia errespetatuko da, indarrean dagoen legediak ezartzen duen mugarekin.

Baimen informatua
  

Prozedura batek pazientearen osasunerako arriskua ekartzen ahal badu, behar bezala jakinaraziko zaio, eta ondoren, baimena eman beharko du. Baimen hori edozein unetan ezeztatzen ahalko du, eta idatziz eginen da esku hartze kirurgikoen kasuan, prozedura diagnostiko eta terapeutiko inbaditzaileen kasuan eta pazientearen osasunerako arrisku edo eragozpen nabarmenak ekartzen ahal dituenean.

Ez da beharrezkoa izanen baimen informatua eskuratzea osasun publikorako arriskua badago, pazienteak informatua ez izateko nahia adierazi badu, eta baimena berehala eskuratu ezin eta ez jarduteak atzeraezina den arrisku larria ekartzen badu.

Legean ezarritako zenbait kasutan baimena ordezkaritzaz eskuratzen ahalko da.

Tratamendu bat jasotzeari uko egiteko eskubidea
 

Pazienteak tratamendu bat jasotzeari uko egiten badio, profesionalak beste aukera batzuk eskaini beharko dizkio; horiek zentroan erabilgarri badaude eta pazienteak jasotzea onartzen badu, ez zaio indarrezko sendagiria ematen ahalko.

Aurretiazko borondateak

 
Nafarroako Aurretiazko Borondateen Erregistroan jasota gelditzen ahal da etorkizunean eragiten ahal dieten osasun jarduerei buruz orainaldian erabakiak hartzeko pertsonek duten eskubidea, aintzat har dadin erabaki bat hartu behar denean eta horretarako gaitasunik ez dutenean.

Aurretiazko borondateen dokumentuari buruzko informazio gehiago

 

Informazioa eta baimena prozedura esperimentaletan edo osasun ikerketakoetan

Pronostiko prozesuak, prozesu diagnostikoak edo prozesu terapeutikoak esperimentalak direnean, baliozkotze zientifikoko prozesuan daudenean edo irakaskuntza edo ikerketa proiektu batean erabiltzen direnean, pazienteari behar bezalako informazioa eman behar zaio.

  

Ehunen eta lagin biologikoen gaineko eskubideak
   
Pazienteak eskubidea izanen du ehun edo lagin biologikoen prestakinak eskuratzeko, bigarren iritzi bat eskatzeko edo tratamenduarekin beste zentro batean segitzeko asmoz.