Martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko oinarrizko eskubideak bermatzen ditu, botere publikoen betebeharrak ezartzen ditu eta haurdunaldia borondatez eteteko baldintzak arautzen ditu.

  • Baldintza komunak: HBEa mediku espezialista batek egin behar du edo haren zuzendaritzapean egin behar da, egiaztatutako osasun-zentro publiko edo pribatu batean, eta haurdun dagoen emakumeak berariaz eta idatziz emandako baimenarekin.

  • HBEa, emakumeak eskatuta: Haurdunaldia lehen 14 asteetan eten daiteke.

  • Arrazoi medikoek eragindako HBEa: Haurdunaldiko 22 asteak gainditzen ez badira, haurdunaren osasunerako edo bizitzarako arrisku larria dagoenean edo fetuan anomalia larriak izateko arriskua dagoenean.

Haurdunaldiaren edozein unetan, bizitzarekin bateraezinak diren fetu-anomaliak detektatzen direnean, edo fetuan gaixotasun oso larria eta sendaezina detektatzen denean diagnostikoaren unean, eta batzorde kliniko batek hala berresten duenean.


HBEa osasun sistema publikoak finantzatzen die Legearen baldintzak betetzen dituzten emakume guztiei, hala eskatzen badute eta osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea badute.

HBEa emakumeak eskatzen duenean, honako izapide hauek egin behar dira:

  •  Zure oinarrizko osasun-eremuko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentrora (SUOAZ) (lehen Emakumeari laguntzeko Zentro deiturikora) joatea eta hezitzailearen kontsultarako premiazko hitzordua eskatzea.

  • Hezitzailearen kontsultan, erabiltzaileari harrera eginen zaio, erabakiak hartzen lagunduko zaio eta izapideak legearen arabera kudeatuko dira:

    • Gutun-azal itxian emanen da haurdun dauden emakumeentzat eta haurrak zaintzeko eskuragarri dauden laguntza publiko sanitario, sozial eta ekonomikoei buruzko informazioa, entrega-data adierazita. Informazio hori ematen den egunetik hiru egun igaro arte ezin izanen da jakinarazpena egin.

    • HBEa egiteko akreditatuta dagoen osasun-zentro publiko edo itundu bateko zerbitzuetara bideratuko da, eta zentro horretan sartzeko jarraibide egokiak jasoko ditu.

    • Kontrazepzioari eta elkartze erotiko seguruei edo arriskurik gabekoei buruzko aholkularitza emanen da, HBEa egin aurretik eta ondoren.

    • Ginekologiako kontsultara azkar iristeko aukera eskainiko da, iraupen luzeko kontrazepzio itzulgarrirako.  

    • Beharrezkoa izanez gero, HBEaren aurreko eta ondoko laguntza psikologikoa eskainiko da. 

Legeak eskatutako baldintzak betetzen badira, emakumeek zuzenean erabiltzen ahalko dituzte osasun pribatuko zerbitzuak HBErako, eta horren kostua ordaindu.


 

  1. 103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena 

  2. 11/2015 Lege Organikoa, irailaren 21ekoa, Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzkoa. Lege horrek indartu egiten du adingabeen eta gaitasuna judizialki aldatuta duten emakumeen babesa haurdunaldiaren borondatezko etenduran.

  3. 2/2010 Lege Organikoa, martxoaren 3koa, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzkoa.

  4. 825/2010 Errege Dekretua, ekainaren 25ekoa, sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko 2/2010 Lege Organikoa partzialki garatzen duena.

  5. 831/2010 Errege Dekretua, ekainaren 25ekoa, haurdunaldiaren borondatezko etendurako prestazioaren asistentzia-kalitatea bermatzeari buruzkoa.

  6. 212/2001 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, desplazamendu, ostatu eta mantenuagatiko dietak arautzen dituena