Hotz handia

Hotz oso handiak eta berebiziko tenperaturek osasunari zuzenean eragin diezaiokete eta izozketak eta hipotermiak sortu. Halaber, hotz oso handiak zeharka eragin dezake, eritasun kronikoak, hala nola bihotzekoak, arnas-aparatuetakoak eta erreumatikoak larrituz eta, orobat, gripea, bronkitisa eta neumoniak ager daitezen erraztuz. Era berean, istripu gehiago izan daitezke, bai trafikokoak, bai izotzaren ondoriozko erorikoengatik sortutakoak.

Hotz oso handiaren aurrean arriskurik handiena honakoek dute: helduek, jaioberriek eta bularreko haurrek, maila sozioekonomikoko apaleko pertsonek edo ezegonkortasun-egoeran daudenek, eta zenbait eritasun kroniko dituztenek edo zenbait botika hartzen dituztenek.

Egoera honen aurrean, komeni da zenbait neurri kontuan izatea, hipotermia-egoerak eta osasuneko beste alterazio batzuk saihesteko.

  • Beroa mantendu; saihestu haize-korronteak eta beroa ate-leihoetatik ateratzea. Itxi erabiltzen ez diren gelak.
  • Ahalegindu eserita edo geldirik luze ez egoten.Jarduera fisikoak beroa sortu eta hotzari aurre egiten laguntzen du, hala nola mugitzeak edo etxeko lanak edo bestelako jarduera fisikoak egiteak.
  • Kontuz ibili behar da estufekin –sute-arriskuak saihestu behar dira–, edo, egur, ikatz edo gasezkoak badira, intoxikatzeko arriskua baitago. Ziurtatu ongi dabiltzala.

Etxe barnean lortzen den tenperaturaren araberakoa izanen da: Frio intenso

  • Berokuntza-sistema ona bada, ez da beharrezkoa arropa asko janztea.
  • Berokuntza-sistema onik ez bada, jantzi gehiago jarri beharko da eta jantzi horien helburua ahalik eta bero gutxiena galtzea izanen da (azpiko arropa termikoa, artilezko jertseak eta galtzerdiak, eskularruak, bufandak, etab.). Kontuan izan zenbait arropa-geruza finek arropa-geruza bakar eta lodiago batek baino gehiago babesten dutela hotzetik, geruzen artean aire-ganbera isolatzaileak egiten baitira.
  • Inolako berokuntzarik ez bada, beharrezkoa izanen da berotzeko jantziak erabiltzea, baita ohean ere. Gogoratu behar da burutik eta oinetatik beroa asko galtzen dela. Beraz, artilezko txanoa eta galtzerdiak erabiltzea oso ona da, etxe barnean edo ohean. Era berean, ur beroko poltsak maindireak berotzeko balio dezake; nolanahi ere, arretaz erabili behar da, erredurarik ez izateko.

Elikagaiek gure gorputzari beroa ematen diote. Hotzarekin elikagai gehiago kontsumitu behar dugu: Frio intenso

  • Komeni da energia eman eta, horretaz gainera, beroa emanen diguten otordu beroak egitea, esaterako, egoskariak, pasta-zopa, etab. Nolanahi ere, ez ditugu askotariko elikagaiak alde batera utziko, besteak beste, barazkiak, fruta, ogia edo zerealak, esnea, arraina, haragia, arrautzak, etab. Egunean zehar eta ohera joan baino lehenago, hartu edari beroren bat (salda, kakaoa, tea edo esnea). Gorputzeko tenperatura mantentzen lagunduko digu eta, gainera, oso atsegingarria izanen da.
  • Alkohola hartuz gero gorputzak beroa galtzen du; beraz, ez da komeni hartzea.

Ahal dela ez atera kalera, bereziki helduak edo eritasun kronikoak dituztenak. Kanpora atera behar bada eta, bereziki, haize handia badabil, neurri hauek hartu: Frio intenso

  • Kanpoan ahalik eta gutxiena egon.
  • Erabili haizeari eta hezetasunari aurre egiteko jantzi egokiak. Zaindu bereziki burua (artilezko txanoa, buru-berokia, kapelua), lepoa (bufanda), oinak (ura jasaten duten oinetakoak, kotoizko eta artilezko galtzerdiak) eta eskuak (eskularruak edo eskuzorroak).
  • Ez egin ariketa fisiko handirik, hotza berez bihotzarendako gainzama baita. Hozpean lan fisikoren bat egin behar bada, kontu handiz egin, emeki, ahitu gabe, bereziki bihotz-biriketako eritasunen bat edo hipertentsioa bada.
  • Ahalegindu lehor mantentzen: arropa bustiak gorputza azkar hozten du.
  • Dardara etengabekoa bada, kanpoan segitu behar ez den seinale. Kontu handiz ibili izotza bada kaleetan. Hotzarekin lotutako lesio asko gertatzen dira izotz-plaketan irristatu eta erortzeagatik. Erabili oinetako ez-labaingarriak, ahal dela.

Ahal dela, baztertu joan-etorriak. Nahitaez bidaiatu behar baduzu, komeni da aholku hauek kontuan hartzea: Frio intenso

  • Eguraldia eta errepideen egoera zein den jakitea.

  • Bidaia hasi baino lehenago, berrikusi ibilgailuaren egoera (pneumatikoak, ordezko gurpilak, balaztak, argiak, izotz-kontrakoa, etab.) eta eraman depositua betea.

  • Errepide izoztuetan edo elurtuetan ez ibili, ahal dela. Eraman beti kateak.

  • Eraman irratia, telefono mugikorra, esku-argia, pilak, elikagaiak, ura, estalkiak, berokia eta ohikotasunez hartzen diren botikak.

  • Arretaz gidatu: abiadura egokia, segurtasun-distantzia...

Blokeaturik gertatuz gero:

  • Autoaren barnean egotea da, maiz, seguruena, blokeorik ez dagoen arte edo laguntza etorri arte.

  • Estali gorputza eskura dauden beroki guztiekin.

  • Iratzarrita egon, hotzaren ondorioei errazago egiten baitzaie aurre.

  • Piztu autoaren motorra eta berogailua orduan behin 10 minutuz, eta leihoa milimetro batzuk jaitsi airea berriztatzeko.

  • Elurra bada, begiratu ihes-hodia blokeatuta dagoenetz. COz intoxikatzeko arriskua txikiagoa izanen da horrela.

  • Ibilgailuaren barnean bazaude, mugitu besoak, eskuak eta hankak, odolaren zirkulazioa hobetu eta beroa sortzeko.