ANTSIETATE NAHASMENDUETARAKO MEDIKAZIOA

Bentzodiazepinak (alprazolama, lorazepama, klorazepatoa, klonazepama, diazepama, ketazolama, bromazepama, halazepama...) antsietatearen aurkako substantzia ahaltsu eta eraginkorrak dira, baina tolerantzia eta adikzioa sortzeko arriskua dute, eta horregatik gomendatu ohi da aldi mugatuetan erabiltzea, salbu eta gaixotasunak edo haren intentsitateak besterik eskatzen dutenean, larritasun nahasmenduan gertatu ohi den bezala. Substantzia horiek hartzeari kolpetik uzten bazaio, abstinentzia sindromea ager daiteke: antsietate larria, substantzia berriz hartuz konpontzen dena.

La medicación 

Beste farmako batzuk –esaterako, gaixotasun kardiakoak edo neurologikoak tratatzeko erabiltzen diren betablokeatzaileak– eraginkorrak izan daitezke antsietatearen sintoma fisikoak tratatzeko. Egoera estresagarria aurreikusten denean, prebentzio gisa propanolola erabil daiteke (betablokeatzaile erabiliena) antsietateari lotutako sintoma fisikoak kontrolatzeko, hala nola dardara, izerdia edo palpitazioak.

Farmako guztiak medikuek agindu eta kontrolatu behar dituzte, eta kontraindikazioez eta balizko albo-ondorioez ohartarazi.

Antidepresiboei dagokienez, erabilienak serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak dira (SBIS), hala nola fluboxamina, fluoxetina, paroxetina, sertralina, zitaloprama edo eszitaloprama, eta eragin serotoninergikoko beste antidepresibo berri batzuk, hala nola benlafaxina, duloxetina edo mirtazapina. Farmako horiek ongi toleratzen dira eta albo-ondorio gutxi dituzte.

Beste antidepresibo zaharrago batzuk dira antidepresibo triziklikoak eta monoaminooxidasaren inhibitzaileak (MAOaren inhibitzaileak). Triziklikoek ere funtzionamendu serotoninergikoa dute beren ekintza nagusien artean. Motelago hasten dira eragiten, eta albo-ondorio gehiago izan ohi dituzte.

MAOaren inhibitzaileak farmako eraginkorrak dira, baina erabiltzen zailak, tiraminarik gabeko dieta hartu behar delako nahitaez, eta farmako askorekiko kontraindikazioak dituztelako, albo-ondorio desatsegin eta arriskutsuak saihesteko.