Depresioa

Depresioa sindrome bat izan daiteke (sintoma multzoa) edo gaixotasuna izan daiteke. Aldartearen edo afektibitatearen nahasmenduetakoa da, eta hauek ditu sintoma nagusiak:

  • Aldarte suminkorra edo eroria gehienetan.

  • Lokartzeko zailtasuna edo lo gehiegi egitea.

  • Jateko gogoaren aldaketa handia, sarritan gizentzea edo argaltzea dakarrena.

  • Nekea eta indarrik eza.

  • Ezgauza sentitzea, norbere burua gorrotatzea eta errudun sentitzea.

  • Kontzentratzeko zailtasuna.

  • Mugimendu geldoak edo arinak.

  • Nagitasuna eta ohiko jardueretarako gogorik eza.

  • Etsipen eta abandonu sentimenduak.

  • Heriotzaren edo suizidioaren inguruko pentsamendu errepikakorrak.

  • Atsegin izan ohi dituen jardueretarako gogorik eza, sexu jarduera barne.

Maiz, depresioa beste gaixotasun mental batzuekin lotuta egoten da, batez ere antsietatearekin, edo alkoholaren nahiz beste substantzia batzuen gehiegizko kontsumoarekin, edo are gaixotasun organikoekin; eta depresioa duten pertsonen artean handiak izan ohi dira gaixotze tasa (morbilitatea), kronikotasunarena eta hilkortasunarena.

Ez da erabat ezaguna depresioa eragiten duen mekanismoa. Hala ere, ikerlan ugariren arabera, badirudi garunean zenbait neurotransmisoreren maila edo erabilgarritasuna jaisteak eragiten dituela depresioaren sintometako asko, eta neurotransmisore horien artean serotonina nabarmentzen da. Hain zuzen, depresioa tratatzeko erabiltzen diren botika gehienek garunean serotoninaren eta beste neurotransmisore batzuen erabilgarritasuna handitzen dute.     

Ustez, faktore konstituzionalen (joera genetikoa, nortasuna…) eta ingurunekoen (estresa, bakartze soziala, alkohol eta droga kontsumoa…) konbinazioak jaitsarazten ditu neurotransmisore horien mailak, eta pertsonak depresioa garatzen du.

Nahiz eta depresioa zenbait modutara sailka daitekeen, eragilearen araberako sailkapenera joko dugu:

1)    Depresio endogenoa: jatorri biologikoa du, herentziarekin edo aurrejoera genetikoarekin du zerikusia. Melankolia edo bizi-tristura deitu ohi zaion hori da, eta ez du zerikusirik izaten bizitzako gertaera estresagarri edo negatiboekin. Hona haren ezaugarri nagusiak:

  • Gozatzeko gaitasuna galtzen da.

  • Iraunkorra izaten da.

  • Aldarteak hobera egin ohi du eguna aurrera joan ahala.

  • Ideia irreal, zentzugabe eta faltsuak ager daitezke, deliriozko ideiak deituak (adibidez, hipokondriakoak).

  • Suizidio arrisku handiagoa izan daiteke, eta gaixotasunak aurrera egin ahala, gero eta handiagoa.

Depresio endogenoa unipolarra izan daiteke –noizbehinkako depresio aldiak–, edo bipolarra, neurrigabeko euforiarekin edo maniarekin txandakatzen denean, nahasmendu bipolarra edo psikosi maniako-depresiboa eratuz.

 

2)    Depresio psikosoziala: bizitzako gertaera estresagarri edota negatiboetan du jatorria (senide baten heriotza, laneko arazoak, harreman txarrak, banantzea, gaixotasun larriak...). Lokartzeko zailtasuna, hunkiberatasun handia eta antsietate handia sortzen ditu, eta tristura gorabeheratsua. Ez da gogo-aldartea aldatzen egunean zehar.

Badira bi motatakoak:

  • Depresio neurotikoak edo distimiak: nortasunaren nahasmenduek eragiten dituzte, edo pertsonaren izaerak (pertsona ezkorrak, urduriak, harremanetarako zailtasunak dituztenak, hiperkritikoak, harremanetan mendekotasuna dutenak…). Egoera kronikoak eta jarraituak dira.

  • Erreakziozko depresioak: inguruneko egoera ezegoki edo estresagarriei erantzunez sortzen dira, erantzuna gehiegizkoa edo iraunkorra denean. Sintomak ezkutuagoak izaten dira, aldartean eragin handiagoa dute inguruabarrek.

 

3)    Depresio sekundarioa: gaixotasun organikoek edo farmakoek sortutakoak dira. Gaixotasun organiko horiek izan daitezke neurologikoak, endokrinoak, birikoak: diabetesa, hipotiroidismoa, Cushing-en sindromea, tuberkulosia, artritis erreumatoidea, parkinsona… Farmakoen artean nabarmentzen dira kortikoideak, ahotiko antisorgailuak, neuroleptikoak…

Depresioa bizitzaren edozein etapatan ager daiteke, baina 15 eta 45 urte bitarteko adinean du intzidentzia handiena, eta emakumeei % 70 gehiago erasaten die gizonei baino.

Gero eta ugariagoa da haurren depresioa. Kausak askotarikoak izan daitezke, eta haurraren bizitzako gertaera garrantzitsuek abiaraz dezakete.

Haurdunaldia eta erditze ondoa, emakumeen bizitzan, depresio arrisku handiagoa duten etapak dira, alterazio hormonalen ondorioz.

Zahartzaroan depresioa ager daiteke adinari lotutako egoera estresagarrien ondorioz: gaixotasun fisikoa, gaitasun funtzionalen galera, mendekotasuna, minaren eta osasun fisikoaren gaineko kontrol urriaren edo kontrolik ezaren pertzepzioa, loaren arazoak eta oroimenaren eta arretaren arazoak. Gizarte mailan, alarguntasuna, senitarteko eta lagunen galera, laguntza sozialik ez izatea, baliabide ekonomiko urriak izatea.

Badira zenbait sintoma nahiko erraz ezagutzen direnak eta pertsona batek depresioa izan dezakeela adierazten dutenak. Honelako sintomak agertzea espezialista batengana jo behar ote den baloratzeko gida izan daiteke:

  • Tristura eta gogorik eza, eta autoestimu urria, eta, ondorioz, bizitasunik eza, axolagabetasuna eta bakardade soziala.

  • Jateko gogorik ez izatea eta, batzuetan, argaltzea.

  • Loaren nahasmenduak: lokartzeko zailtasuna izatea edota loaldian zehar maiz esnatzea.

  • Kontzentrazio eta memoria falta.

  • Heriotzarekin lotutako ideiak, bizirik egon nahi ez izatea edo, kasu larrienetan, heriotza planifikatzea. 

Depresioaren diagnostikoa osasun arloko profesional batek egin behar du, mediku edo psikologo kliniko batek. Normalean, arestian aipatutako sintometatik kopuru jakin bat agertu behar da eta bi aste iraun, gutxienez ere, depresioaren diagnostikoa egiteko. Diagnostikoa egiteko, oro har, pertsonak sintoma hauek agertu behar ditu gutxienez ere: aldarte goibela, gauzekin gozatzeko edo interesatzeko ezintasuna eta bizitasun galera.

Depresioaren tratamenduak osoa izan behar du, eta ongizatea eta gaitasun funtzionala hobetzen ahal dituzten esku-hartze psikoterapeutiko, psikosozial eta farmakologiko guztiak bildu behar ditu. Arreta mailakatuaren ereduari jarraituz gauzatzen da, oinarrizko osasun laguntzaren eta osasun mentalaren arteko elkarlanaren bidez. Hartara, esku-hartzeak eta tratamendua areagotu egiten dira pazientearen egoerak eta bilakaerak hala eskatzen dutenean.

Beren izaera espezifikoa dela-eta, terapia psikologiko erabilienak dira terapia kognitibo-konduktuala (TKK) eta pertsona arteko psikoterapia (PAP).