Depresiorako medikazioa

imagen pastillas

Depresioaren aurkako botika motak

  • Antidepresibo triziklikoak: eraginkortasun profil ona dute, baina albo-ondorioen tasa altua. Adi ibili behar da pazienteak berriki miokardioko infartua izan badu, edo arritmiak, prostatako hiperplasia onbera, angelu irekiko glaukoma, giltzurruneko edo gibeleko gutxiegitasuna, epilepsia edo konbultsio-aurrekariak baditu.

  • Antidepresibo heteroziklikoak: aurreko multzoaren deribatuak dira, eta horiek bezain eraginkorrak dira, baina albo-ondorioen tasa apalagoarekin.

  • Serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak: jarduten duten moduagatik, onargarritasun handia dute (deskribatutako albo-ondorio nagusiak dira goragaleak, izerdia eta gorputzaren pisuaren alterazioak), eta horregatik oinarrizko osasun laguntzan multzo honetakoak erabiltzen dira gehien.

  • Monoaminooxidasaren inhibitzaileak (MAOaren inhibitzaileak): albo-ondorioen profil negatibo samarra dutenez, bigarren lerroko tratamendu gisa erabiltzen dira, aukera seguruagoek huts egiten dutenean.

  • Depresioaren kontrako beste farmako batzuk.

Antidepresiboen bidezko tratamendua. Gomendioak

  • Antidepresibo guztiek astebete eta hiru aste bitarteko latentzia terapeutikoa behar dute (tratamendua hasten denetik sintomak hobera egiten hasten diren arte). Tratamenduaren hasieran dosi txikiak hartu behar dira, eta, behar izanez gero, dosia handituz joan.

  • Depresioaren tratamendua hasi eta 3-4 astera, medikuak tratamendua berrikusi behar du pazientearen bilakaera ebaluatzeko, albo-ondoriorik baden ikusteko eta dosia aldatzeko, hala behar denean.

  • Gehieneko dosia agintzen zaionetik 6-8 aste igarotakoan pazienteak hobekuntza objektiborik azaltzen ez badu, botika behar bezala hartzen ari den begiratu behar da, eta, baiezkoan, baloratu behar da ea komeni den antidepresibo horrekin batera beste familia bateko antidepresiboren bat hartzea edo tratamendua erabat aldatzea. Zenbait pazienterekin beharrezkoa izan daiteke antidepresiboei hipnotikoak edo antsiolitikoak gehitzea tarte batez, ez luzarorako.

  • Depresioaren kontrako tratamendua pixkanaka kendu behar da, dosia astiro murriztuz, etenaldiaren ondorioak saihesteko.