Heriotza duinaren behatokia

Nafarroako legeriak zehatz-mehatz definitzen ditu pertsona bakoitzak heriotza-prozesuaren aurrean dituen eskubideak.

Eskubide horiek betetzen direla zaintzeko, 2018an Heriotza Duinaren Behatokia sortu zen, kide anitzeko organo gisa. Behatoki horren eginkizunen artean honako hauek daude: “Emaitzak gizarteari jakinaraztea eta heriotza prozesuak pazienteengan, ahaideengan eta, oro har, gizartean duen eraginari buruz sentsibilizatzea”.

Gune honetan daude Behatokiaren funtzionamenduarekin lotutako informazioak, Behatokiak egindako aldizkako txostenak eta galde-sortetarako sarbidea, hala nahi duten herritarrek maite dituzten pertsonei eragin dieten prozesuei buruz izan dituzten bizipenak eta iritziak eman ditzaten eta hobetzeko proposamenak egin ditzaten.

216E/2018 Foru Agindua, ekainaren 5ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortzen duena

Como se muere en Navarra

NOLA HILTZEN DA JENDEA NAFARROAN (2019)

Martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legeak, hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubide eta bermeei buruzkoak, zehatz-mehatz definitzen ditu pertsona bakoitzak hiltzeko prozesuaren aurrean dituen eskubideak eta osasun zentro eta erakundeek hiltzeko prozesuan dauden pertsonen eskubideak betetzeko eman beharreko bermeak.

Legeak adierazten du Osasun Departamentuak bertan ezarritakoaren betetze-mailari buruzko azterlanak egin behar dituela, eta adierazten du azterlan horiek bi urtean behin egin behar direla, Legearen aplikazioa eta ondorioak erregulartasunez ebaluatu ahal izateko.

Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu zen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Aginduaren bidez, gaur egun Foru Komunitatean nola hiltzen den aztertzeko eta denboran zehar behaketaren bidez arlo horretan gertatzen diren aldaketak ikusteko. Behatoki hori parte hartzeko organo egonkorra da, eta eremu horretan interes berezia duten sektore profesionalek eta herritarrek parte hartzen dute bertan, legea betetzeari buruzko informazioa bermatzeko.

Behatokiak, besteak beste, honako eginkizun hauek ditu: Nafarroan nola hiltzen den jakitea ahalbidetzen duten informazio-iturriak detektatzea eta aztertzea, Nafarroan hiltzeko prozesuaren bilakaera ezagutzea ahalbidetzen duten adierazleak zehaztea eta aztertzea, Behatokia eguneratuta mantentzeko behar den informazioa biltzea eta prozesatzea, eta 8/2011 Foru Legean ezarritakoaren betetze-maila aztertzeko informazioa aztertzea eta ebaluatzea, horretarako Osasun Zuzendaritza Nagusiaren laguntza teknikoa eta administratiboa izanik.

2018ko irailaren 10ean, Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia eratzeko ekitaldia egin zen. Ekitaldi hartan, Nafarroan heriotzaren egoera aztertzea erabaki zen, azterketa kuantitatibo, kualifikatu eta kualitatiboen bidez.

Analisi kualifikatu eta kuantitatiboetarako, proposatu zen prozesu terminaletan dauden pazienteei eta haien ahaideei inkestak egitea; analisi kualitatiborako, ikusi zen eztabaida-taldeen teknika erabiltzea egokia zela; analisi kuantitatiborako, berriz, ikusi zen informazio-sistemak aztertu behar zirela, erabakitzeko egungo datu-baseekin zer parametro lor zitezkeen eta zer bestek behar zituzten ad-hoc datu-baseak.

Dokumentu honen helburua da hurbiltzea Nafarroan bizitzaren bukaerako prozesuekin lotutako alderdi kuantitatiboetara.

 

BIZITZAREN BUKAERAKO ERABAKIAK NAFARROAN (2021)

Martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legeak, hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubide eta bermeei buruzkoak, zehatz-mehatz definitzen ditu pertsona bakoitzak heriotza-prozesuaren aurrean dituen eskubideak eta hiltzeko prozesuan dauden pertsonen eskubideak betetzeko zentro eta erakunde sanitarioei eman beharreko bermeak.

Legeak adierazten du Osasun Departamentuak bertan ezarritakoaren betetze-mailari buruzko azterlanak egin behar dituela, eta adierazten du azterlan horiek bi urtean behin egin behar direla, Legearen aplikazioa eta ondorioak erregulartasunez ebaluatu ahal izateko.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 5eko 216E/2018 Foru Aginduaren bidez, Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokia sortu zen, ezagutzeko zein diren Nafarroan hiltzeko moduak eta lankidetzan aritzeko Osasun Departamentuarekin lege honen garapen-maila neurtzerakoan.

Heriotza Duinaren Nafarroako Behatokiak erakunde bat izan nahi du, Nafarroan hiltzeko moduak ezagutarazten dituena eta pertsonek heriotza prozesuan dituzten eskubide eta bermeen arloan egindako aurrerapenak neurtzen dituena. Aurrerapen horiek berariaz jasota daude aipatutako 8/2011 Foru Legean, hala nola informazioa jasotzeko eskubidea, esku-hartzea errefusatzekoa edo erretiratzekoa, aurretiazko borondateen dokumentua, minaren tratamendua, zainketa aringarriak, norberaren bizilekua hautatzea bizitza amaitzeko leku gisa, sinismenen araberako laguntza espirituala, familiari eta zaintzaileei laguntzea, besteak beste.

Behatokiaren lan saioetan azterlan kuantitatiboak eta kualitatiboak egitea proposatu da.

2018a baino lehen, ez dago jasota populazio azterlanik egin denik jakin ahal izateko Nafarroako biztanleriak zer iritzi eta sinesmen dituen heriotzarekin lotutako prozesuei buruz: minaren tratamendua, zainketa aringarriak, hiltzeko aukeratutako lekua, laguntza espirituala sinesmenen arabera, etab. Hala ere, Madrilgo Erkidegoan inkesta bat egin da (Ortiz-Gonçalves et al., 2018) bizitzaren amaierako osasun-dispositiboen ezagutzari eta balorazioari buruz, gure ingurunean legezkoak ez diren aukerei buruz, hala nola eutanasia eta suizidio lagundua, etab.

Azterlan honen helburua arlo horretako ikerketa garatzea eta sustatzea izan da, bai eta oinarri izatea proposamenak definitzeko, emaitzak gizarteari jakinarazteko eta heriotza-prozesuak pazienteengan, ahaideengan, gizartean eta, oro har, profesionalengan duen eraginari buruz sentsibilizatzeko ere.

Dokumentu honen bidez, azterlan honetan lortutako informazioan oinarrituta, jakin nahi da arau-esparrua zenbateraino egokitzen den herritarrek bizitzaren amaierako prozesuekiko dituzten premietara eta sentsibilitatera.