Suizidioa eta hedabideak

Suizidioaz zorrotz, arduraz eta errespetuz hitz egiten bada, hedabideek "rol aktiboa" izan dezakete suizidioaren prebentzioan.

Hedabideak eta Internet "arrisku faktore garrantzitsutzat" hartzen dira oraindik ere. Hedabideei hamarkadetan zehar rol zahar bat esleitu zitzaien: suizidioaz ez hitz egiteko eskatzen zitzaien, kutsadura efekturik ez eragiteko.

Baina Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bi hamarkada daramatza mezu hori ñabartzen: suizidioaz hitz egiteak ez du kutsadurarik eragiten, bai ordea gaizki hitz egiteak. Suizidioaz zorrotz, arduraz eta errespetuz hitz egiten bada, hedabideek "rol aktiboa" izan dezakete suizidioaren prebentzioan.

Nola egin? Galdera konplexua da, eta kasu zehatz bakoitzera egokitu beharko da, baina OMEk, 1999an, zenbait lerro gorri ezarri zituen, gainditu behar ez direnak. Nafarroako Gobernuaren Erakundearteko Batzordeak jarraibide horiek eguneratu ditu azken urteotan.

Adibidez, suizidio zehatzek ez dute albiste izan behar oso kasu berezietan izan ezik; kasu horietan, hedabideetako profesionalek tentu handiz aritu beharko lukete. Metodoa ez da zabaldu behar, ez dira kausak sinplifikatu behar, sentsazionalismotik ihes egin behar da... Une oro, informazio horiek lantzerakoan, honako hauek lehenetsi beharko dira, kutsatze-efekturik ez eragiteko: suizidatu den pertsonarenganako eta bere ingurunearenganako errespetua, zorroztasunarekin eta erantzukizunarekin. Ehun azterlan baino gehiagoren arabera hedabideen estaldura okerrek, Hedabideak atalean erantsi diren gidetako jarraibideak betetzen ez dituztenek, lotura zuzena dute ondoko hilabeteetan kasuak ugaritzearekin.

Aitzitik, hedabideetan suizidioaren presentzia bideratu behar da problematika agerian jartzera eta herritarren kontzientziaziora. Ildo horretan, suizidioaren zifrak zabaltzea gomendatzen da, bizirik dirautenen edo saiakeraren bat bizi izan duten pertsonen testigantzei ahotsa ematea, kasu berean egon daitezkeen beste pertsona batzuen inspiragarri izan daitezen. Alarma seinaleak eta arrisku faktoreak zabalduko dira, adituen iritziak zabalduko dira, eta osasun mentalaren estigman erori gabe hitz eginen da.

  

Ildo nagusi horien bitartez, hedabideek betetzen ahalko dute, bertsio tradizionalean nahiz sare sozialetan, OME bi hamarkadatan zehar eskatzen ari den rol aktibo hori.