Antsietatearekin lotutako jokabideak eta portaerak aldatzea

Antsietateak eragina du egiten dugun horretan. Askotan antsietatea duen jendeak gauzak saihesten ditu; adibidez, bakarrik irtetea edo jendearekin hitz egitea. Normalean hori egiten dute gaizki aterako zaiela, izutuko direla edo barregarri geratuko direla pentsatzen dutelako. Egoera saihestuta, hobeki sentitzen dira, jarduera egiten ari direla imajinatzen ari zirenean sentitu zuten antsietatea arintzen zaie berehala. Baina epe luzera, saihestearen ondorioz, arazoak okerrera egiten du beti. Izan ere, antsietatea gero eta gehiago lotzen da saihesten denarekin, eta, horrela, zailagoa da aurre egitea.

Antsietatearen ondorioz, pertsonek gauza jakin batzuk egin behar dituztela senti dezakete; adibidez, ateak giltzaz itxita dauden edo kableak deskonektatuta dauden ikuskatzen has daitezke, edo etxea behar baino askoz ere gehiago garbitu dezakete. Beste portaera batzuk ere ager daitezke, hala nola azkar hitz egitea edo hitzak desordenatzea. Horretaz konturatzeak antsietate handiagoa eman diezaieke.

Garrantzitsua da zure portaerak behatzea.

Saiatu antzematen noiz saihesten dituzun gauzak. Saiatu beldurrei aurre egiten; has zaitez astiro eta pixkanaka, ez beldur guztiak batera hartuta.

Ezarri helmuga xumeak. Antsietatea sortzen duten egoeretatik ihes egiteko joera dugu; horren ordez, eutsi egoera horretan gero eta luzaroago, egin iezaiozu aurre pixkanaka. Antsietateak gailurra joko du eta pixkanaka berez desagertzen hasiko da. Okerrera eginen duela uste dugu, baina ez da hala; tarte baten ondoren sintomen intentsitatea moteltzen sumatuko duzu, eta hobetu eginen da zure konfiantza.

Ihes egin ez ezik, batzuetan segurtasun-jokabideak ere hartzen dira. Seguruago sentiarazten zaituzten gauzak dira; esaterako, lagunduta ibiltzea, hormara itsatsita ibiltzea edo irteerako atetik gertu esertzea.

Jokabide horiek lagundu eginen dizute une baterako, baina antsietatea areagotuko dizute, ezin duzulako egiaztatu haiek gabe ere ez dela ezer txarrik gertatuko.

Egiaztatu zure pentsamenduak, errealitatearekin erkatuz. Supermerkatura sartuz gero zorabiatu eginen zarela uste baduzu, sartu eta ikusi hala den ala ez.

Zenbat eta gehiago ihes egin zerbaiti, orduan eta zailagoa izanen da hura gainditzea, eta antsietate handiagoa sortuko du. Aprobetxatu zure erroreak eta ikasi haietatik. Gizakiak berezkoa du erratzea, eta ez dago zertan gauza guztiak akatsik gabe egin.

Ekarri gogora zerk eragin izan dizun antsietatea iraganean:

  • Lehenik, irudikatu zeure burua (antsietatea izan zenuen unean edo egoeran) Bisualizazio horretan eroso sentitzen zarenean, has zaitezke errealitatean egoera horri aurre egiten.
  • Urduritzen bazara, erabili erlaxazio teknikaren bat edo jarri arreta zeregin bakar batean. Adibidez, zenbatu 100etik 0ra.
  • Antsietate sentimenduek beldurra sortzen badute ere, ez dute kalterik egiten. Eman 0-10 bitarteko balioa zure beldur mailari eta jarraitu haren gorabeherak kontrolatzen. Segundo gutxi barru, behera egiten duela sumatuko duzu.
  • Beldurra agertzen denean, onar ezazu. Itxaron ezazu, eta utzi joaten, harengandik ihes egin beharrean.