TRAFIKO ISTRIPUAK

Estatistikako Institutu Nazionalaren heriotza kausen erregistroko informaziotik abiatuta, aztertu dira Nafarroako biztanleek 2009-2013 aldian izandako garraio istripuen ondoriozko heriotzen ezaugarriak.

Emaitzak: Aztertutako aldian, garraio istripuek eragindako 211 heriotza erregistratu ziren; urtean batez beste 42 heriotza izan ziren, eta horietatik %99,1 lurreko garraio istripuei dagozkie. Hildakoen %76,3 gizonezkoak ziren. 25-44 urteko gizonen heriotza tasek boskoiztu egiten dituzte emakumeen tasak. Landa eremuetan bizi diren biztanleen heriotza tasak bikoiztu egiten du hiriko biztanleena (8,3 eta 4,3, hurrenez hurren, 100.000 biztanleko). Heriotza tasek behera egin dute 2002 eta 2013 bitartean.

2009-2013 aldian Nafarroan erregistratutako garraio istripuen ondoriozko 100 heriotzetatik 60 ibilgailu motordunen gidariak edo bidaiariak ziren, 20 oinezkoak, 10 motoziklistak eta 5 txirrindulariak. Gidarien heriotza tasarik altuenak 18-34 urte bitarteko gizonek dituzte. Oinezko hildakoei dagokienez, tasarik handienak 65 urtetik gorakoek dituzte, eta arriskua handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino (4,8 eta 3,2 100.000 biztanleko). Motoziklisten heriotza kasuak 18-64 urte bitarteko gizonezkoetan pilatzen dira, eta hildako txirrindulariak, berriz, 18 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako gizonezkoak dira gehienetan.
    

Datuetatik ondorioztatzen da beharrezkoa dela behatutako desberdintasun horien kausak ikertzen segitzea eta prebentzio estrategiekin jarraitzea.

Epealdia: 2009-2013
Gako hitzak:: heriotza tasa, trafiko istripuak, landa eremua, hiri eremua.
Erreferentzia: Boletín de Salud Pública de Navarra, 84. zk., 2015eko uztaila.

Informazio gehiagorako sarbidea

Estatistikako Institutu Nazionalaren heriotza kausen erregistroko informaziotik abiatuta, aztertzen da ibilgailu motordun bat tartean dela izandako trafiko istripuetan hildakoen kopuruak eta tasak zein joera duten azken aldian. 2008-2017 aldian izandako aldaketak aztertzen dira, adinaren, sexuaren eta biktima motaren arabera.

2008-2017 hamarkadan, lurreko garraio stripuek eragindako 404 heriotza erregistratu ziren Nafarroan, eta horietatik 374 (%93) ibilgailu motordunen trafiko istripuen ondorio ziren. Emakumeen heriotza bakoitzeko 3 gizon hil ziren.

Nafarroan, ibilgailu motordunen trafiko istripuek eragindako heriotza tasak nabarmen egin zuen behera 2008 eta 2017 artean (urteko aldaketaren ehunekoa -%4,8 izan zen). Heriotza tasak joera desberdina izan zuen adinaren arabera. 15-34 urteko gazteen artean heriotza tasa nabarmen jaitsi zen. Epealdi osoan, hildakoen %57 lau gurpileko ibilgailuetan zihoazen (autoa, kamioneta, garraio astuna eta autobusa), %21 oinezkoak ziren, %10 motoziklistak eta %4 txirrindulariak.

Ibilgailu motordunen trafiko istripuen ondoriozko heriotza tasak behera egin du Nafarroan 2008 eta 2017 artean, urteko %4,8ko erritmoan. Bereziki, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen artean egin du behera, horien heriotza tasa erdira baino gehiagora murriztu baita.

Epealdia: 2008-2017
Gako hitzak:: heriotza tasa, trafiko istripuak, biktima mota 
Erreferentzia: Nafarroako Osasun Publikoaren Aldizkaria, 103 zk., 2019ko maiatza.

Informazio gehiagorako sarbidea

1999 eta 2013bitartean garraio istripuek eragindako heriotza tasen joerak aztertzen dira, eta Nafarroan puntukako gidabaimena ezartzearen eragina ebaluatzen da. Azterlan hau egiteko datuak hartu dira heriotza kausaren araberako heriotzen fitxategietatik, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) urtero argitaratzen baititu, eta heriotza kausa honela kodetu zen

Emaitzak: Garraio istripuek eragindako 1.052 heriotza erregistratu ziren guztira; horietatik 1.044 lurreko garraioko ibilgailuenak izan ziren (1.020 trafikoko istripuengatik eta 24 trafikokoak ez diren istripuengatik). Gizonen heriotza tasak bikoiztu egiten du emakumeena, eta zenbait adin taldetan, laukoiztu ere bai.  Gazteen artean, handiagoa da ibilgailu motordunak gidatzen dituztenen heriotza tasa; eta 84 urtetik gorakoen artean, biktimak batez ere oinezkoak izan ziren. Landa eremuetan bizi diren gizonen eta emakumeen heriotza tasa %33 eta %21 handiagoa da, hiri eremuetan bizi direnena baino, hurrenez hurren.

1999-2003 aldiarekin alderatuta, oinezkoen eta ibilgailuetako gidarien zein bidaiarien heriotza tasak nabarmen jaitsi ziren 2009-2013 aldian. Puntukako gidabaimena ezarri ondoren, trafiko istripuen ondoriozko heriotza tasa %51 jaitsi zen.

Datuetatik ondorioztatzen da Nafarroako heriotza tasaren estatistikek erakusten dutela estatuan antolatutako prebentzio estrategien eraginkortasuna.

Epealdia: 1999-2013

Gako hitzak:  heriotza tasa, trafiko istripuak, epidemiologia, joerak.

Erreferentzia: An Sist Sanit Navar. 2016 Dec 30;39(3):389-397.

Informazio gehiagorako sarbidea