OBESITATEA ETA GEHIEGIZKO PISUA

Bizimoduak saila Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiak egindako txostenen bilduma da, eta osasunarekin lotutako bizimoduen datu nagusiak erakustea du helburu, betiere Nafarroari dagokionez.

Txostenak monografikoak dira. Haietan, eskuragarri dauden azken datuak biltzen dira, Nafarroako egoera testuinguruan kokatzen da, beste errealitate eta azterketa maila geografiko batzuekin alderatuz, eta denboran zehar izandako joerak deskribatzen dira.

Osasun eragile guztiek –teknikariek, erakundeek eta herritarrek– eskura dituzten tresnak dira, eta haien xedea da ezagutzak zabaltzea, herritarren artean ongizate eta osasun maila handiagoak lortzen laguntzeko.

Txosten honek biltzen ditu azken urteetan egindako inkestetatik ateratako datuak, eta inkesta horietan pisuari buruzko galderak daude. Honako hauek dira datuen iturriak: Nafarroako Inkesta Soziala eta Bizi Baldintzei buruzkoa, Osasunari buruzko Espainiako Inkesta eta Europako Osasun Inkesta Espainiarako.

Gako hitzak: bizimoduak, pisua, GMI.
Erreferentzia: Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokia, Bizimoduak saila.

 

2023ko txostenerako sarbidea

Haurren obesitatearen azterketa oso garrantzitsua da osasun publikorako. Hazieraren monitorizazioa eta haren ebaluazioa lehen mailako arretako pediatria taldeen oinarrizko zereginak dira; izan ere, bizirik jaiotako haurren %90ek baino gehiagok, Nafarroan bizi badira, neurketaren bat egiten dute urtean, bizitzako lehen 5 urteetan, 2004tik hasita.

Azterlan honetan, Nafarroan 2004, 2008 eta 2012an jaiotako haur taldeen gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentziaren joera aztertzen da, lehen mailako arretako historia informatizatuaren erregistroak erabiliz.

Emaitzak: 2012an jaiotakoen taldean obesitatearen prebalentzia (z-score> +2 DE) txikiagoa izan zen 2004an jaiotakoekin alderatuta, adin guztietan eta bi sexuetan. Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentziak batera hartuta, 4 urteko mutikoen artean prebalentzia %31tik %22ra jaitsi zen, eta nesken artean %29tik %24ra. 2008an jaiotakoetan ere gehiegizko pisuaren prebalentziek behera egin zuten, 5-8 urteetan jaiotakoekin alderatuta.

Obesitatearen joeren azterketa osatzeko, 3 talde horietan altuera txikiaren prebalentziaren bilakaera ere aztertu da, eta egiaztatu da ez dela aldaketa esanguratsurik izan estatistikoki.

Ondorioak: Obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentziak nabarmen egin du behera Nafarroan 2008an eta 2012an jaiotakoen artean, 2004an jaiotakoekin alderatuta.

Epealdia: 2004-2012
Gako hitzak: gehiegizko pisua, obesitatea, haurrak, prebalentzia.
Erreferentzia: Nafarroako Osasun Publikoaren Aldizkaria, 93 zk., 2017ko abuztua.

 Informazio gehiagorako sarbidea

Gehiegizko pisua eta obesitatea zaintzea erabakigarria da haurren pisu handiegia murrizteko politiken arrakasta ebaluatzeko.

Azterlan honetan, 2014-2015 aldian Nafarroako 14 urteko neska eta mutilen pisuaren kategoriek (argala, normala, gehiegizko pisua eta obesoa) izan duten prebalentzia aurkezten da, irizpide berriei eta azken hamarkadako joerei jarraikiz, 2014-2015 aldia 2006-2007 aldiarekin alderatuta.

Emaitzak: 2014-2015eko datu berrienek erakusten dute haurren %60k baino gehiagok pisu normala dutela. Bi sexuetan eta adin talde guztietan, argalen ehunekoa esperotako %3tik behera dago, aldaketarako erreferentzia taulen arabera; obesitatea dutenen ehunekoa esperotako %3tik gorakoa da adin guztietan. Europako herrialde batzuekin alderatuta Nafarroako 2-14 urteko haurren gehiegizko pisuaren mailak oraindik ere handiagoak diren arren, 2014-2015eko datuek agerian uzten dute prebalentziak nabarmen egin duela behera 2006-2007 aldiarekin alderatuta. Beherakada handiak izan dira 7 urtetik beherako haurretan, bi sexuetan. 8-14 urteen artean, beherakadak handiagoak izan ziren mutikoen artean, baina kontuan hartu behar da neskatoen tasak txikiagoak zirela 2006-2007 aldian.

Epealdia: 2014-2015
Gako hitzak: gehiegizko pisua, obesitatea, haurrak, prebalentzia.
Erreferentzia: Boletín de Salud Pública de Navarra, 86. zk., 2015eko uztaila

Informazio gehiagorako sarbidea