OHIKO GALDERAK

Bularreko minbizia bahetzeko programa- Salud Pública

1990az geroztik, Nafarroa aitzindaria da nazio mailan Bularreko Minbizia Prebenitu eta Bahetzeko Programan. Programa hori, gainera, berrantolatu egin zen 132/2014 FORU AGINDUAren bitartez; hala, Nafarroako edozein udalerritan bizi diren emakume guztiei bermatzen zaie programan parte hartzeko aukera, hartarako irizpideak betetzen dituztenean.
Programak detekzio prozesuak, diagnostikoa berresteko balorazioa eta arriskuan dauden patologien jarraipena hartzen ditu barnean, eta ez du inolako kosturik programan parte hartzen dutenentzat. Hori guztia, zerbitzua ematera edo zerbitzua ordaintzera behartuta egon litezkeen hirugarrenen betebeharrak ezetsi gabe.

Helburu nagusia Nafarroan bularreko minbiziaren ondoriozko hilkortasuna murriztea da.
Eta, gainera:
Tumoreak fase goiztiarretan detektatzea.
Detekzio bideez baliatzeko aukerak eskaintzea.
Kasurik gehienetan kirurgia kontserbatzailea aplikatzeko aukera ematea, eta tratamendu ez horren oldarkorrak eta kontserbatzaileagoak erabiltzekoa.

Horretarako, parte hartzea gutxienez % 80koa izatea da helburua.

Programa hau Nafarroan bizi diren 49 eta 69 urte bitarteko emakume guztiei dago zuzenduta.
Oraingo saioa 2021eko ekainetik 2023ko irailera bitartean eginen dugu. Hartarako, 1951ko urtarrilaren 1etik 1977ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako eta Nafarroan bizi diren emakume guztiei eginen zaie gonbita.

Unitateetara joaten diren emakume guztiei mamografiak eginen zaizkie; zehazki, bular bakoitzeko bi proiekzio: zeiharka-erdialde-alboraka eta goitik beheraka.

Mamografia dosi txikiko erradiografia bat da, bular ehunean gertaturiko aldaketak kausitzeko aukera ematen duena.
Mamografiak mamografo batekin egiten dira; alegia, bularretako ehuna aztertzeko diseinatutako makina batekin. Makina horrek ohiko erradiografiek baino dosi txikiagoetan hartzen ditu erradiografiak. X izpi horiek ez dituztenez ehunak aise zeharkatzen, bularra estutzen edo zapaltzen duten bi plaka ditu makinak, ehuna zabaltzeko eta irudi hobea lortzeko, eta berebat erradiazio gutxiago erabiltzeko.

Bularreko Minbizia Detektatzeko Nafarroako Programak bi zentro ditu mamografiak egiteko: 

  1. Bat unitate finkoa da: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan dago kokatuta (Fco. Bergamín kalea 2 bis), eta Iruñeko eta Iruñerriko emakumeak artatzen ditu. 
  2. Bestea, berriz, unitate mugikorra da: Foru Komunitate osoan zehar ibiltzen da, Iruñetik urrun dauden udalerriei arreta emateko (hemen kontsulta dezakezu zure udalerria Unitate Mugikorraren esparruan bilduta dagoen). 

Gainera, programa eskuragarriago egoteko, doako garraio zerbitzua paratu dugu, etxetik unitate mugikorrerako joan-etorriak egiteko.