Asma arnasbideetako gaixotasun kronikoa da. Gaixotasun honetan, zenbait estimulu direla-eta, bronkioek, hau da, airea pasatzen den hodiek, neurriz gorako erreakzioa izaten dute, eta haien mukosa puztu egiten da, eta, beraz, hodia estutu edo itxi. Horrek denak ondorio bat du: nekezago hartzen eta botatzen da arnasa. Bronkioen ixte hori berez pasatzen da batzuetan, baina beste batzuetan botikaren bat behar izaten da inflamazioa gutxitzeko.

Sintoma nagusiak honako hauek dira:

  • "Itolarria", hatsandia, arnasestua, edo arnasa falta, teknikoki "disnea" deitzen duguna
  • Eztul lehor eta errepikatua, gauaz gehienbat.
  • Hotsak arnasa hartzean, "txistu-hotsak", “sibilantzia” ere deituak
  • Bularrean presioa edo tentsioa sentitzea.
  • Aznahia sudurrean, atija edo doministituak, sudurra tapatuta izatearen sentsazioa..

Gaixotasun hau agertzeko arrazoi edo faktore nagusiak hauek dira:

  • Familian asma edo gaixotasun alergikoren bat duen norbait egotea. Asmadunen erdiek badute gaixotasun bera izan duen ahaideren bat.
  • Alergia akaroei (etxeko hautsean bizi diren intsektu txikiak, gehienbat giro hezean), polenei (gramineoak, arbolak, sastrakak...), animaliei (txakurra, katua, hamsterra, zaldia...), haizeak daramatzan onddoei...
  • Produktu kaltegarriekiko kontaktua: tabakoa, eguratsaren gai kutsagarriak (errekuntzaren partikulak, diesela), etab.
  • Zenbait lanbidetan alergia sortzen duten gaiak (okindegia, ile-apaindegia, abeltzaintza, pistolarekin margotzea, industria kimikoa, etab.).

Aurreko guztiaz gainera, badira beste faktore batzuk, asma izateko joera izan dezaketen pertsonengan gaixotasuna piztu dezaketenak:

  • Arnasbideetako infekzioak: hotzeria, gripea, sinusitisa, bronkitisa.
  • Klimarekin zerikusia duten faktoreak: hotza, hezetasun maila, elurra.
  • Jarduera fisiko handia.
  • Elikagai batzuk prestatzean sortzen den lurruna arnastea (batez ere itsaski eta arrainekin).
  • Estresa edo emozio biziak.
  • Botikak: aspirina, antiinflamatorioak, betablokeatzaileak (hipertentsioaren tratamendua, kolirioak…), etab.

Asma ongi kontrolatuz gero, segur aski sintomarik gabe bizitzen ahal zara

ZEURE BURUA ZAINTZEN BADUZU, LEHENAGO BAINO HOBEKI SENTITUKO ZARA. ZER EGIN BEHAR DA?   

Asma ongi kontrolatua dagoela esaten dugu baldin eta gaixoa gauza bada ohiko jarduerak egiteko (lana, ikasketak, etxeko lana), egunean zehar arnasa faltarik sentitzen ez badu, gauaz sintomek gaixoa esnatzen ez badute edo ohi baino lehenago esnatzen ez badute, arnasa hobetzeko botika duen inhalagailu bat erabili beharrik ez badu, edo krisi akuturik ez badago.

Tratamenduaren zutabe nagusiak hauek dira:

Eragileak menderatzea:

  • Substantzia narritagarriekiko kontaktua saihestea
  • Erretzeari uztea
  • Arnasbideetako infekzioei aurrea hartzea

Medikazioa hartzea:

  • Inflamazioa kontrolatzeko botikak: kortikoideak
  • Buxadura arintzeko edo handik ateratzeko medikamentuak: eragin laburreko bronkodilatadoreak
  • Beste tratamendu batzuk: eragin luzeko bronkodilatadoreak, antileukotrienoak, alergietarako txertoak, etab.

Inhalagailuak erabiltzen ikastea

Ariketa fisikoa eta arnasketa ariketak egitea

Lasaitzeko eta estresa kontrolatzeko ariketak egitea

Beste neurri batzuk: elikadura, pisua kontrolatzea, beste zenbait botika hartzea, eguneroko jardueretara egokitzeko teknikak, ahoko higienea, etab.

Behin asma diagnostikaturik, gaixoaren esfortzua behar da, nork bere burua zaintzeko neurrien berri izan eta praktikara eramateko.