• Arazoak konpondu aurretik, identifikatu egin behar dira. Beraz, egin ezazu zure arazoen zerrenda.
  • Baloratu ea arazoa zurea ote den. Pertsona askok buruko minak izaten dituzte besteren arazoetarako konponbideak bilatzen. Zure arazoa ez bada, utzi kezkatzeari.
  • Definitu arazoa zehatz-mehatz. Zenbaitetan zaila izan daiteke arazoa zehatz definitzea; hala bada, eskatu laguntza ingurukoei.

 

Ez arduratu konponbideez, ezta idatzitako arazoen kopuruaz ere (batzuetan zerrenda ez da espero genuen bezain luzea).

  • Aukeratu konpontzeko irrikan zauden eta konpontzeko aukerak badituen arazoren bat. Saiatu hura ahalik gehien zehazten (noiz, nola, norekin…).
  • Erantzun galdera hauei: Inoiz konpondu dut hau iraganean edo antzeko egoeretan? Nola egin nuen? Zer baliabide edo trebetasun erabili nituen? Badaukat inor honetan laguntzen ahal didana? Lagunduko didan norbait, ez arazoa konponduko didana (“arrantzatzen irakatsi edo itxaronaldian lagun egin”) Nor dira?
  • Pentsatu arazoa konpontzen laguntzen ahal dizuten gauzetan: egin ideia-jasa bat, ahalik eta konponbide gehien idatziz. Zenbat eta aukera gehiago, orduan eta hobeki: horrela, konponbiderik ez dagoela uste izatearen nahigabea arinduko da.

 

Ez arduratu onak izanen ote diren edo balioko ote duten; ez itzazu baloratu, ez da konponbide posible guztiak idazteko unea, gero baloratuko dituzu.

  • Aukeratu itzazu hiru, zerrendatik. Lehenbizi, onentzat jotzen duzuna. Pentsatu bakoitzaren alde onak eta txarrak, eta hautatu.
  • Aukera bat probatzen baduzu eta ez badu funtzionatzen, beste bat probatzen ahal duzu.

Normalean zenbait urrats egin behar dira nahi den emaitzara iristeko. Planak egingarria izan behar du (helburu xume eta zehatzetatik hasita); ekintzara bideratua (zer eginen den jasotzen duen plana); espezifikoa (zer, norekin, noiz…); denboran mugatua (adibidez: gaur ordubete emanen dut lan honetan).

Zein da plana zehatz-mehatz? Gauzatu plana ezarri duzun moduan, eta hura gauzatuta daukazunean edo epemuga igaro denean, joan hurrengo urratsera.

  • Zer gertatu da? Zer joan da ongi? Zer atera da gaizki? Balorazioa egin eta gero, zenbait aukera dituzu.
  • Hasierako planarekin jarraitu edo berri bat egin, denbora doituz, nahikoa ez bada, helmuga berrikusiz eta beste ahalegin bat eginez. Beste ikuspegi batetik egin ahal diozu aurre: hartu ordezko beste konponbide bat.

 

Oso garrantzitsua: balora itzazu egiten ari zaren ahaleginak eta aurrerapenak.