ESTASIA

MDMA, pilulak, pastiak, kristala, eme, md.

Nerbio sistema zentralaren depresore eta asaldatzaile bat da (psikodelikoa). Droga sintetikoen familiakoa da eta MDMA da bere formula kimikoa. Legez kontrako laborategietan egiten da, eta beste substantzia askorekin nahasten dute: anfetaminekin, kafeinarekin, igeltsuarekin, talkoarekin, klerarekin, etab.

Hainbat forma eta koloretako konprimatuak dira (zenbaitetan, kapsulak edo hautsa ere izaten da). Nahiz eta itxuraz berdinak izan, pilula bik oso konposatu desberdina izaten ahal dute.

Ondorioak aldatu egiten dira pilula egitean mozteko erabilitako substantzien arabera. Beraz, zailak dira aurreikusten eta 30 minutu inguru igaro daitezke agertu aurretik.

Beste zenbaiten artean, euforia, desinhibitzea, giro onaren sentsazioa eragiten ahal du, eta harremantzeko gogoa areagotzen ahal du. Masailezurra uzkurtzea, dardarak, gorputzeko tenperatura igotzea eta izerdia ere izaten ahal dira ondorioetako batzuk. Ondorio atsegingarri
horiek desagertu egiten dira zenbait orduren buruan. Hurrengo ordu eta egunetan, nekea, pertsona haserrekorrago, agresiboago eta umore okerrean egotea eragiten ahal du. Horrez gain, lo egiteko eta ikasteko zein lan egiteko arazoak sortzen ahal ditu, eta horrek, era berean,
pertsonak berriz kontsumitzeko aukera handitzen du.

Dosi handiek bertigoa, izua, nahastea, insomnioa, egoeraren gaineko kontrola galtzea, haluzinazioak eta bihotzeko alterazioak eragiten ahal dituzte.

Bero kolpeak: gorputzeko tenperaturaren gorakada eta organo anitzeko porrota. Koma eta heriotza eragiten ahal ditu. Horregatik, ur asko edatea, haizatzea eta aldian-aldian atseden hartzea gomendatzen da.  

Toxikotasun akutua: gorputzaren erreakzio bati egiten dio erreferentzia, eta ez dauka dosiaren tamainarekin zerikusirik. Ohikoa izan ez arren, erabat larria da.

Flash-back tarteak eta gibeleko zein giltzurrunetako arazo kronikoak eragiten ahal ditu.

Antsietate krisiak eta depresioa azaltzen ahal dira. Pertsona bera ez izatearen sentimendua eta zoratzen ari zarelakoa berehala edo hurrengo egunetan etortzen ahal da eta, batzuetan, behin betikoa da.

Estasia alkoholarekin nahasteak toxikotasun arriskua biderkatzen du, baita erreakzio kaltegarriak izatekoa ere.