Información para un cosumo seguro
 

Nafarroan perretxiko asko daude, eta tradizio luzea dago perretxikoak bilatu, bildu eta kontsumitzeko, batez ere udazkena hasten denean. Hori dela eta, pertsona askok ezagutzen dituzte espezieak eta horiek kontsumitzeak dakartzan sukaldaritza balioak eta arriskuak.

Sukaldaritza interesa izateaz gain, perretxikoak biltzea arrazoi bat da jolas jarduerak egiteko eta gure aisialdia betetzeko, ariketa moderatu bat eginda eta, gainera, naturarekin harreman zuzenean egonda. Hala ere, jateko balio handia duten perretxiko espezieekin batera, perretxiko pozoitsu batzuk ere aurki ditzakegu. Perretxiko pozoitsuen espezie gutxi daude, baina garrantzitsua da haiek identifikatzen jakitea, larritasun maila desberdineko pozoidurak saihesteko, batzuetan heriotza eragin baitezakete.

Perretxikoak onddoen aireko zati ikusgarria dira, ugalketarako esporak sortzen dituena; beraz, landareen fruituen baliokideak dira. Haien tamaina, kolorea, formak eta itxura askotarikoak dira, eta, batzuetan, nahiko erraza da oso antzekoak diren espezieak nahastea. Akats horiek oso larriak izan daitezke, espezie pozoitsuen perretxikoak jateko modukoak diren beste batzuekin nahasten baditugu. Horregatik, intoxikaziorik izanez gero, lehenengo sintomak agertu bezain laster, berehala joan behar da ospitalera, ahal izanez gero jandako onddoaren ale batekin edo berreskuratu ahal izan diren hondarrekin, diagnostikoa errazteko.

Perretxikoak behar bezala identifikatzeko, haien zatiak arretaz aztertu behar dira. Hurrengo irudia perretxikoen eskema orokor bat da, nahiz eta perretxiko guztiek ez dituzten eskema honetan sartutako zati guztiak, eta batzuetan hostoek edo lursailek lurraren ondoko oina ezkuta dezakete, adibidez perretxikoak –batez ere pozoitsuak– identifikatzen gehien laguntzen duten xehetasunetako bat ezkutatuz, bolba, kasu.

Ezin garrantzitsuagoa da mikologiaren zaleek ziurtatzea ZALANTZARIK GABE EZAGUTZEN ETA IDENTIFIKATZEN DITUZTELA BILTZEN ETA KONTSUMITZEN DITUZTEN ESPEZIEAK, eta, behin identifikatuta, neurri batzuk hartu behar dituzte, landako produktu horien kontsumo osasungarria bideratzen dutenak:

  • Kontserbazio egoera onean dauden perretxikoak baino ez dira bilduko, ez hautsiak, ez partzialki deskonposatuak, ez uretan blaituak, ezta gauez izoztuak ere.
  • Perretxikoak ontzi zurrun eta ongi aireztatuetan garraiatuko dira, hala nola saskietan, basoa perretxikoen esporekin birsortzen laguntzeko, eta inoiz ez plastikozko poltsetan, zapaldu edo hartzitu ez daitezen.
  • Azkar kontsumituko dira, azkar hondatzen direlako, eta leku freskoan gorde behar dira, ahal dela, hozkailuko barazkien tiraderan.
  • Gomendatzen da neurriz eta prestatuta jatea, horrela digestioa errazten delako. Gainera, kasuren batean, perretxikoak jateko modukoak dira, kozinatuta badaude, baina hilgarriak izan daitezke, gordinik jaten badira.
  • Perretxikoen bilketak basoko orekak errespetatu behar ditu, goroldioa edo orbela ukitu gabe, perretxiko gehiago ateratzea ez eragozteko. Aprobetxatu ezin direnak edo ezagutzen ez direnak ez dira bildu edo suntsitu behar.

Perretxikoak bilduko ditugunean, lehenik eta behin jakin behar dugu bakarrik bildu behar direla zalantzarik gabe ezagutzen eta identifikatzen ditugun eta jateko modukoak diren espezieetako aleak. Zein da perretxikoak jateak eragindako intoxikazioak saihesteko oinarrizko irizpidea? BAKARRIK KONTSUMITZEA ZIURTASUN OSOZ DAKIGUNEAN JATEKO MODUKO ESPEZIE BATEKOAK DIRELA.

Perretxiko toxikoak identifikatzeko erabili ohi diren arau orokorrak gezurrezkoak dira; adibidez, toxikoek baratxuri atalak edo zilarrezko koilarak belzten dituztela eta perretxikoen oinak urdin edo berde jartzen direla, luzetara mozten direnean. Espezie toxiko asko, hala nola Amanita phalloidesa, ez dira proba horiekin detektatzen. Gezurra da, halaber, barraskiloek edo beste animalia batzuek jaten dituzten perretxikoak ez direla toxikoak; perretxikoak, beste landare batzuk bezala, pozoitsuak izan daitezke gizakiarentzat, eta ez beste izaki bizidun batzuentzat.

Perretxiko pozoitsuek toxikotasun maila ezberdinak dituzte. Batzuek sintoma arinak sortzen dituzte, indigestio edo gastroenteritis baten antzekoak, eta beste batzuek sintoma larriagoak, hala nola haluzinazioak edo gibeleko edo giltzurruneko kalteak. Kasu larrienetan, perretxiko toxikoenetako espezieren bat jateak heriotza eragin dezake. Honako hauek dira Nafarroan intoxikazio ohikoenak eta larrienak eragiten dituzten perretxikoak:

Amanita phalloides (hiltzaile berdea). Oso  ohikoa eta hilgarria da, eta, beraz, perretxiko arriskutsuena da. Erraz identifikatzen da: txapel berdexka, batzuetan berde-grisaxka edo zurixka, eta zuntzexka erradial ilunagoak. Oin zurixka, eraztun berdexkak dituena tigreen orbanen antzera, eta oinarrian zaku formako bolba zuria. Ez nahastu espezie jangarriekin, hala nola kolore berdeko gibel horiekin eta psalliotekin, zeinek eraztunak baitituzte, baina bolbarik ez.
Amanita phalloides
 

Lepiota brunneoincarnata (galanperna arre-arrosa). Ohikoa da belardi naturaletan eta lorategietan. Mamia apur bat gorritzen da ebakitzean. Galanpernarekin nahas daiteke (Macrolepiota procera) eta basoko txanpinoi jangarriekin (Agaricus spp.) ere bai, eta sintomak Amanita phalloidesak eragiten dituenen antzekoak dira.

Lepiota brunneoincarnata
 

Entoloma lividum (azpiarrosa maltzurra). Ohiko perretxikoa da Nafarroa iparraldeko harizti eta pagadietan. Txapel gris-zurixka. Clytocibe nebularisarekin (ilarraka) nahastu ohi da, zeina asko kontsumitzen baita Nafarroan. Jangarria bada ere, digestio intolerantziak eragiten ditu maiz. Nafarroan intoxikazio gehien eragiten duen perretxikoa da.

Entoloma lividum
 

Omphalotus olearius (zapoziza). Ohikoa da haritzen motzondoetan. Haritsua da, eta multzo handietan ateratzen diren xafla horixkak ditu. Kolore horia edo laranja bizia du. Cantharellus cibariusarekin, hau da, zizahoriarekin nahasten da, zeina oso ugaria baita eta asko kontsumitzen baita Nafarroan.

Omphalotus olearius
 

Clitocybe cerussata (klitozibe zuria). Oso ohikoa da pinudi eta baso hostoerorkorretan. Txapel zurixka du, eta kutikulan koloreen kontrasteak ditu, arrosaren eta zuriaren artekoak. Berun koloreko hautsek estaltzen dute. Clytocibe nebularisarekin (ilarraka) eta Lepista luscinarekin nahasten da. Sindrome mikokolinergikoa edo sudorianoa eragiten du.

Clitocybe cerussata

Intoxikaziorik izanez gero, lehenengo sintoma arraroen aurrean, KALTETUEK BEREHALA JOAN BEHAR DUTE OSPITALERA, TRATAMENDU MEDIKOA JASOTZEKO, eta gomendio hori sintomaren bat dutenei ere aplika dakieke, perretxikoak taldean kontsumitu badira. Oso komenigarria da kontsumitu diren perretxiko gordin edo prestatuen hondarrak eramatea, espeziea identifikatzeko eta kasuari tratamendu espezifiko eraginkorrena aplikatzeko. Sintomak aldatu egiten dira espezie eragilearen arabera: abdomeneko mina, gehiegizko izerditzea, gorakoak, beherakoak, bertigoa, akidura, eldarnioak, asaldurako eta lasaitasuneko txandakako aldiak...

Lehenengo sintomak perretxikoa jan eta ordu erdi edo hiru ordu geroago ager daitezke. Intoxikazio larrienek inkubazio aldi luzeagoa dute, eta, beraz, sintomen agerpena atzeratzeak arriskugarritasuna adierazten du. Zehazki, Amanita phalloidesak eragindako intoxikazio hilgarria zortzi edo hamar ordu igaro ondoren –batzuetan gehiago– agertzen da.

Toxikoak ez diren perretxiko askok ez dute sukaldaritza baliorik, eta, beraz, ez dira kontsumitu behar. Gainera, kontuan izan behar da, lehen esan bezala, toxikoak ez diren perretxiko batzuek intentsitate desberdineko nahasmenduak eragiten dituztela. Horren ondorioz, aztertu egin da horiek perretxiko toxikoen katalogoan sartu beharko liratekeen.

Normalean toxikotzat jotzen ez diren perretxikoen kontsumoari egozten zaizkio erreakzio hauek:

  • Intolerantzia erreakzioak. Barrengorrien (Agaricus) ale zahartu edo izoztuek edo Coprinus generoaren aleek eragiten dituzte erreakzio horiek, besteak beste.
  • Erreakzio alergikoak. Jateagatik, ukitzeagatik, esporak arnasteagatik. Pleurotus ostreatus: hesteetako alergia. Agaricus: dermatitis alergikoa.
  • Ingurumen kutsadurak eragindako toxikotasuna. Agaricus flavescens: metatutako metal astunak. Pestizidak eta beste substantzia batzuk.
  • Perretxikoek eragindaok hemolisia. Perretxiko gordinak edo gutxi prestatutakoak kontsumitzea. Amanita rubescens, Peziza eta Morchella.
  • Karraspinek eragindako sindrome zerebelosoa. Morchella generoko perretxikoak jateagatik.
  • Sindrome koprinikoa. Clytocibe claviceps edo Coprinus atramentarius alkoholarekin kontsumitzeagatik. Goragaleak, gorakoak, hipotentsioa.
  • Errabdomiliosia, Tricholoma equestrearen kantitate handiak kontsumitzeagatik. Nekrosi muskularra, giltzurrunetako konplikazioak eragiten dituzten substantziak askatuta.

Perretxiko horiek identifikatzeko, liburuak, kartelak eta liburuxkak erabil daitezke, perretxikoen irudiak eta ezaugarrien deskribapenak dituztenak.