TXIMINO-BAZTANGA

 

TXIMINO-BAZTANGARI BURUZKO ARGIBIDEAK

Tximino-baztanga edo monkeypox delakoa infekzio bat da, baztangaren familiako birus batek sortua. Sintomak zehaztugabeak izan daitezke, eta 5etik 21 egunera bitarte iragan ondoren agertzen dira, birusaren eraginpean egon zenetik. Gaixotasun arina izan ohi da, eta berez desagertzen da. Pertsona gehienak zenbait astetan sendatzen dira. Hala ere, zenbaitetan, gaixotasun larriagoa izan daiteke, batez ere haurrengan, haurdunengan eta immunokonprometituengan. 

Pertsonatik pertsonara transmititzen da, besikulekin zuzeneko kontaktua izanda edo arnas jariakinekin kontaktu luzea eta hurbila izanda. Gainera, kutsatutako pertsona baten gorputz-jariakinak dituzten objektuak zuzenean ukituz transmititu daiteke, hala nola arropa, oheko arropa, eskuoihalak... Gaur egun, sexu-harremanek dakarte transmisio-arriskurik handiena, kontaktu zuzena baitago larruazalaren eta mukosen artean. 

  1. Egon isolatuta logela batean edo beste bizikide batzuengandik bereizitako gela batean, lesio guztiak desagertzen diren arte. Ez atera, jarraipeneko mediku-arreta behar duzunean izan ezik. Kasu horretan, jantzi maskara une oro, eta ez erabili garraio publikoa. 
  2. Estali zauriak. 
  3. Ez izan kontaktu fisikorik eta sexu-harremanik inorekin, lesioak desagertzen diren arte. Erabili preserbatiboa isolamendua bukatu ondoko lehen 12 asteetan. 
  4. Erabili maskara kirurgikoa.
  5. Erabili bereizirik etxeko tresnak, hala nola arropa, maindireak, eskuoihalak, mahai-tresnak, edalontziak, platerak eta abar. 
  6. Garbitu eskuak sarritan urarekin eta xaboiarekin. 
  7. Ez ukitu etxeko animaliarik. 
  8. Bizi zaren herritik kanpo bazaude, ez bidaiatu isolamendu-aldia bukatu arte. 
  9. Isolamendu-aldia bukatu ondoren, erabili preserbatiboa sexu-harreman guztietan lehen 12 asteetan. 
     

Kontaktu estuak esan nahi du tximino-baztanga duen norbaitekin hurbileko kontaktua izatea sintomak agertu zirenetik. Egungo egoeran, kontakturik arriskutsuena da sintomak dituen norbaitekin sexu-harremanak izatea. Zaindu ea gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomarik agertzen den, eta neurtu tenperatura egunero 21 egunez, kasuarekin azken aldiz kontaktuan egon zinenetik. 

  • Sukarra
  • Buruko min handia
  • Giharretako mina
  • Artikulazioetako mina
  • Gongoil handituak
  • Azaleko erupzioa eta lesioak 

21 egun horietan, neurri zorrotzak hartu behar dira: murriztu harreman sozialak, eta ez eduki sexu-harremanik (batez ere, hainbatekin eta maiz izan ohi badituzu, testuinguru anonimoetan). 

Tximino-baztanga diagnostikatu ondoan sintoma hauetako bat agertuz gero, komeni da osasun-zentro batera joatea:

  • Eztarriko edo ondesteko mina agertzea edo okerrera egitea.
  • Sukarra igotzea edo hotzikara bortitzak izatea.
  • Arnasa hartzeko zailtasuna edo bularreko mina.
  • Buruko min handia eta, harekin batera, hitz egiteko zailtasuna edo sentikortasuna edo mugikortasuna galtzea. 

Isolatu, egon etxean, gainerako bizikideengandik bereizitako gela batean, eta jakinarazi telefonoz zure erreferentziazko osasun-langileei.

Gaixotasunaren aurkako txerto eraginkor bat dago (gutxi gorabehera % 85), nahiz eta gaur egun dosi gutxi dauden eskuragarri. Egoera honek iraun bitartean, NOPLOI zenbait pertsonarekin harremanetan jarriko da, baldin eta txertoa eraginkorra izan badaiteke haientzat, lehentasunez Osasun Publikoko Batzordeak onartutako irizpideei jarraikiz.

Deskargatu informazio-orria (PDFa)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren webguneko informazioa.