OSASUNTSU HAZI
Haurtzarotik bizimodu osasungarriak eraikitzea funtsezkoa da etapa horretarako, eta bizitza osoan osasuntsu egoteko oinarria ezartzen du.
Jarraian aurkezten diren materialen artean jasota daude osasuntsu hazten laguntzeko zenbait gai garrantzitsu.
Osasuntsu haztea familia guztien helburua da; berdin dio zenbat pertsonak osatzen dugun familia, nongoak garen, lehen edo hirugarren aldiz izan garen aita edo ama, etab.
Bide berri bat hasten da, eta gure bizitzan sartu den haurtxoak eraginen du aitak, amak edo erreferentziako zaintzaileak hazkunde pertsonala izatea bere rolean ari dela. Umearen elikadura, higienea, atsedenaldiak, pantailen erabilera eta abar zainduz lortuko dugu garapenik egokiena izan dezan. Aldi honetan lotura afektibo segurua eratzen badu, horrek segurtasuna eta konfiantza emanen dio heldua denean izaten dituen harremanetarako.
Ibilaldi honetan gauza ugari elkartzen dira: galderak, ongi aritzeko gogoa, neke pilatua, nor bere haurtzaroaz oroitzea, gure seme edo alabaren lorpenek emandako poza, emozio indartsuak, eta hainbat erreakzio, ezustea sortzen digutenak gure burua rol horretan ikustean. Bizitzako etapa bizi hau geldialdirik gabe doa aitzina, eta egungo testuinguruetan aurrera egin beharra dago norberaren bizitza, familia eta lana bateratzeko kontuetan.
Liburuxka hau da haurtxoa bizitzako lehen etapa honetan zaindu behar duten ama, aita eta arduradunentzat, eta bizimodu osasungarria bultzatu eta lortu nahi du umearendako. Aldi berean, hazkuntzan darabilgun hezkuntza estiloaz hausnartzera eraman nahi gaitu.
Denbora igarotzearekin batera gure haurrari erakutsiko diogu zer garrantzitsua den nork bere burua zaintzea ikuspegi orokorra hartuta, hau da, kontuan izanda alderdi fisikoa, emozionala, harremanak eta ingurua. Irakaspen hori ondare bikaina da, eta dagoeneko abian den erronka handia ere bai.
Osasuntsu haztea funtsezkoa da haurren osasuna hobetzeko eta etorkizuneko arazoak prebenitzeko, gure garai honetan maiz izaten baitira honako hauek: gorabehera emozionalak, obesitatea, txantxarrak, antsietatea, gaixotasun baskularrak, minbiziak…
Osasuntsu hazten laguntzea heztea da; erraztea, babestea eta aukerak sortzea, besteak beste. Zeregin atsegina eta zaila da aldi berean; izan ere, poztasuna eta gogobetetasuna ematen ditu, baina baita ahalegina eta kezka eskatzen ere, amatasuna eta aitatasuna gure bizitzaren beste alderdi batzuekin orekatu behar baitira, hala nola, bikotekidearekin, lanarekin, aisiarekin eta lagunekin.
Lan horretan gobernuek, familiek, eskolak, inguruneak, komunikabideek eta teknologia berriek baterako ahalegina egin behar dute. Eta hori guztia egin behar da, gizarte hau gure herrian edo jaioterrian izandako haurtzarokoa ez dela kontuan hartuta. Gizartea aldatzen ari da eta, hori dela eta, erronka eta balio berriak agertzen dizkigu.
Liburuxka hau kolore eta kultura guztietako gurasoei eta zaintzaileei zuzenduta dago. Osasuntsu hazteko gai garrantzitsuei (elikadura, jolasak eta ariketa fisikoa, higienea…) buruzko gomendioak eta praktikan aplikatzeko moduko hezkuntza proposamenak (onarpena, maitasuna eta entzutea, agintea, autonomia eta komunikazioa) eskaintzen ditu.
