Paziente europarraren laburpena

O-NOZek "PAZIENTE EUROPARRAREN LABURPENA" GAITUKO DU 2023KO APIRILAREN 30ETIK AURRERA, BIDAIETAN ARRETA MEDIKOA HOBETZEKO

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Paziente Europarraren Laburpena (EU Patient Summary) jarriko du Nafarroako Foru Komunitateko herritarren eskura. Dokumentu horri esker, programatu gabeko osasun-laguntza hobetu ahal izanen da, bai Espainiatik kanpo bidaiatzen duten pertsonena, bai foru lurraldean artatzen diren Europako herritarrena ere.

Dokumentu hori eskuragarri dago ziurtagiri digitalarekin, historia kliniko digitalaren bidez.

Laburpen horretan, pazientearen informazio klinikoa eta asistentziala biltzen dira, eta, horri esker, osasun profesionalek informazio garrantzitsua lortzen ahal dute, baliagarria eta ezinbestekoa izaten ahal dena programatu gabeko larrialdietan edo asistentzietan.

Datu horiek, adibidez, alergiei, agindutako sendagaiei, egungo eta iraganeko gaixotasunei eta egindako ebakuntza kirurgikoei buruzkoak izaten ahal dira, osasun laguntza seguruagoa eta kalitate handiagokoa eman ahal izateko.

Ekimen hau pazienteei beren informazio klinikorako sarbide handiagoa eta gardentasun handiagoa eskaintzeko O-NOZen konpromisoaren parte da, betiere informazioaren konfidentzialtasuna bermatuz, datu pertsonalak 2016/679 Europako Erregelamenduaren (DBEO) arabera tratatzen baitira.

Mugaz gaindiko osasun zerbitzu elektroniko berri hau pixkanaka ezartzen ari da EBko 25 herrialdetan, eta prozesu hori 2025. urtearen amaieran bukatuko da.

Gaur egun, Espainiaren eta Europako beste herrialde batzuen arteko elkarreragingarritasuna honelakoa da:

  • Espainiako herritarren osasun datuak honako herrialde hauetako medikuek kontsultatzen ahal dituzte: Portugal, Frantzia, Kroazia eta Luxenburgo.

  • Bestalde, Espainiako medikuek honako herri hauetatik datozen heritarren osasun datuak kontsultatzen ahal dituzte: Portugal, Kroazia eta Luxenburgo.

 

BESTE URRATS BAT: ERREZETA ELEKTRONIKO EUROPARRA

Ekainaren amaierarako aurreikusita dago ‘Errezeta Elektroniko Europarra’ abiaraztea. Zerbitzu berri honi esker, bai Nafarroako biztanleek, Europako beste herrialde batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan, bai Europako herritarrek, gure erkidegoan egiten dituzten egonaldietan, botikak  jaso ahal izanen dituzte zuzenean beren osasun-txartelarekin.

 

INFORMAZIO OSAGARRIA.

Informazio osagarri eta eguneratua honako esteka honetan aurkitzen ahal da: https://health.ec.europa.eu/ehealth-digital-health-and-care/electronic-cross-border-health-services_es