Nafarroa osasunaren determinatzaile sozialen zaintzan nabarmentzen da
Osasun Ministerioaren azterketa baten arabera, Nafarroa da osasunaren determinatzaile sozialen zaintza osatuena egiten duen autonomia erkidegoetako bat.
27/12/2024
Osasun Ministerioak berriki argitaratu du txosten hau: “Vigilancia de los determinantes de la salud, análisis de los modelos organizativos y aspectos de homogeneización de la vigilancia en salud pública en el Sistema Nacional de Salud” (“Osasunaren determinatzaile sozialen zaintza, antolaketa ereduen analisia eta osasun publikoan zaintza homogeneizatzeko alderdiak Osasun Sistema Nazionalean”). Txosten horretan, proposatzen da honako hau bultzatzea: osasunaren determinatzaile sozialak deiturikoak modu sistematikoan eta etengabe biltzeko mekanismoaren garapena. Adina, sexua eta faktore hereditarioak bezalako aldagai pertsonalez gain, osasuna bizi azturen eta bizimoduen mende dago, baita gizarte, ekonomia, kultura eta ingurumen faktoreen mende ere, pertsonak jaio eta bizitzeko baldintzak zehazten baitituzte.
Nafarroan, 2016an Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokia sortu zen. Horren bidez, berariazko lana egin da osasunaren determinatzaile sozialei lotutako datu eskuragarri onenak biltzeko eta aztertzeko. Nafarroa da autonomia erkidego aitzindarietako bat datu horien zaintzari dagokionez.
Osasun Ministerioaren azterketan 17 autonomia erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien berrikuspen sistematikoa egin da. Berrikuspenaren emaitzen arabera, soilik 7 autonomia erkidegok (Andaluzia, Aragoi, Asturias, Valentziako Erkidegoa, Galizia, Madrilgo Erkidegoa eta Nafarroa) ezarria dute osasunaren determinatzaileen informazio-sistema bat. 7 erkidego horiek bitarteko determinatzaileak eta jokabide-faktoreak eta faktore biologikoak zaintzen dituzte beren sistemetan. Hala ere, soilik horietako bostek (Andaluzia, Aragoi, Asturias, Madrilgo Erkidegoa eta Nafarroa) zaintzen dituzte egiturazko determinatzaileak, eta soilik lauk (Andaluzia, Aragoi, Asturias eta Nafarroa) zaintzen dituzte osasunaren determinatzaile sozial guztiak.
Gainera, beste bost autonomia erkidegok prozesua hasi dute osasunaren determinatzaileen zaintzarako sistemak ezartzeko (Balear Uharteak, Kanariak, Gaztela eta León, Katalunia, eta Euskadi).