Osasun Publikoaren Behatokiak eguneratu egin ditu osasun-eskualde oinarrizkoetako profil-txostenak
Txostenen helburua da tresna bat eskaintzea osasunaren arloan lan egiteko, tokian-tokian, eskura dauden datu zehatzenetatik abiatuta
07/01/2025
Zer dira profil-txostenak?
“Erradiografia” hauei esker jakin dezakegu zer egoera soziosanitariotan dauden Nafarroako osasun-eskualde oinarrizkoetan bizi diren biztanleak. Txostenek 31 adierazle biltzen dituzte, soziodemografikoak, ingurumenekoak, bizimoduari buruzkoak, gaixotze-tasaren gainekoak eta osasun-sistemari buruzkoak, eta helburu dute biztanleriaren osasuna neurtzea oinarrizko eskualde horietan, lagungarri izan daitezen osasuna hobetzeko tokiko ekintzak diseinatzeko.
Txostenen helburua da tresna bat eskaintzea osasunaren arloan lan egiteko, tokian-tokian, eskura dauden datu zehatzenetatik abiatuta, eta profesionalei, zerbitzuei, udal- eta gizarte-erakundeei eta herritarrei aukera ematea informazio eguneratua, erraza eta tokian tokiko testuinguruari egokitua eskuratzeko.
Zer hobekuntza ditu 2024ko edizioak?
2024ko oinarrizko eskualdeetako profil-txostenetan adierazle bat gehiago sartu da adierazle soziodemografikoen eta ingurumen-adierazleen atalean, “diru-sarreren desberdintasunaren Gini indizea”, hain zuzen; eta beste bi adierazle hauek testuinguruaren informazio demografikoaren atalean: “gainzahartzea” eta “biztanleria-dentsitatea”. Halaber, 58 txosten izan beharrean, 59 dira orain, Lezkairuko osasun-eskualde oinarrizkoaren txostena ere ageri baita orain.
Gainera, 2024ko txostenak eguneratzearekin batera, estatuko eta nazioarteko bibliografia berrikusi da, etorkizunean tresna hori hobetzen jarraitzeko, antzeko esperientzia batzuetatik ikasten.
Zer ondorioztatzen da 59 profil-txostenak batera aztertuz gero?
Profilen bidez, osasun-eskualde oinarrizkoetako emaitzak alderatu ahal izan dira, eta lurraldearen araberako desberdinkeriak hauteman dira osasunaren arloan. Desberdinkeria horiek, era berean, gizarte-desberdinkerien ondorio dira. Oro har, emaitza on gehiago daude iparraldeko eskualde oinarrizkoetan eta per capita errentarik handiena duten auzo eta herriak barne hartzen dituzten Iruñerriko eskualdeetan, errenta baxuko biztanle gehiago dituzten eskualdeen aldean.
Zer ondorioztatzen da Nafarroako datuak aztertuz gero?
Denboran zehar. Profil-txostenetan aztertutako adierazle gehienetan ez da aldaketa handirik egon 2021eko ediziotik 2024kora bitartean, Nafarroa oro har aztertuta. Hala ere, handitu egin da soilik amagandik edoskitzen duten sei hilabeteko haurren ehunekoa, % 30,6tik % 35,4ra, eta jaitsi egin da DBHko gradudun titulurik ez duten 18tik 24 urtera bitarteko gazteen ehunekoa, % 17,1etik % 6,0ra. Halaber, osasun-sistemaren ataleko bi adierazleak hobetu egin dira. Alde batetik, hemoglobina glikosilatuaren neurketa zuten diabetikoen adierazlea % 67,8koa zen 2017ko txostenetan, 2021ean % 69,1era igo zen, eta argitaratutako azken txostenean % 78,6koa da.
Bestetik, COVID-19aren pandemiak eragina izan zuen hipertentsioa dutenen tentsio arterialaren neurketan: 2017ko txostenetan % 65,4koa zen, eta 2021ean % 48,5era jaitsi zen; hala ere, 2024ko txostenetan hobera egin du, % 55,2koa baita.
Sexuaren arabera. Nafarroan, emakumeek jaiotzean duten bizi-itxaropena 86,8 urtekoa da, eta gizonena, berriz, 81,3 urtekoa. 5,6 urteko diferentzia hori hainbat faktoreren ondoriozkoa da: emakumeetan gaixotasun jakin batzuek prebalentzia txikiagoa dute, eta haien emaitzak hobeak dira bizimoduaren gaineko adierazle batzuetan. Gaixotze-tasari buruzko adierazleei dagokienez, emakumeek emaitza hobeak dituzte II motako diabetesaren prebalentzian (% 6,2 emakumeetan, eta % 8,8 gizonetan), hiru patologia kroniko edo gehiago dituzten 64 urtetik gorako pazienteen ehunekoan (% 7,8 emakumeetan, eta % 12,2 gizonetan), eta gehiegizko pisua duten 15 urte edo gehiagokoen ehunekoan (% 34,8 emakumeetan, eta % 59,8 gizonetan). Bizimoduei dagokienez, emakume gehiagok kontsumitzen dituzte frutak eta barazkiak egunero (% 33,3, gizonen % 25,5en aldean), emakume gutxiagok erretzen dute egunero (% 13,1, gizonen % 22,4ren aldean), eta astero 100 gramo alkohol baino gehiago kontsumitzen dutenen ehunekoa ere txikiagoa da (% 8,6 emakumeetan, eta % 23,6 gizonetan).
Hala ere, emakumeek emaitza okerragoak dituzte ongizate emozionalarekin eta osasun mentalarekin lotutako adierazleetan. 15 urte edo gehiagoko Nafarroako emakumeen % 30,1ek ongizate orokor eskasa dute, eta adin bereko gizonetan ehuneko hori % 23,0 da. Halaber, Nafarroako emakumeen % 17,8k hiru antsiolitiko- edo antidepresibo-ontzi edo gehiago hartu dituzte azken urtean, eta gizonetan ehuneko hori % 8,7 da. Gainera, emakumeek emaitza okerragoa dute ariketa fisikorik ez egiteari buruzko adierazlean: emakumeen % 26,0k ez dute ariketarik egiten aisialdian, eta gizonetan, berriz, % 19,4koa da ehuneko hori.
Azkenik, emakumeen bizi-itxaropena handiagoa denez, bakarrik bizi diren 80 urteko edo gehiagoko emakumeen ehunekoa gizonena halako bi da (emakumeen % 39,8, eta gizonen % 19,3).