12. alerta: Asfixia bidezko istripu hilgarria, minda-putzua erregulatzen duen kutxatila baten barruan
2022ko ekaina

Istripuaren deskribapena:
Aldian-aldian, intoxikazioak eta/edo asfixiak eragindako istripuak gertatzen dira espazio itxietan, eta askotan heriotza eragiten dute.
Langile bat espazio itxi batean sartzen da, konortea galtzen du eta bere lankideak, haren egoeraz ohartzen direnean, hori erreskatatzera sartzen dira, eta ondorio berberak izaten dituzte beren osasunean.
Horrelako istripuak saihesteko, ezinbestekoa da langileek espazio itxia dela jakitea eta hango arriskuak ezagutzea, baita hartu beharreko prebentzio- eta larrialdi-neurriak ere.
Espazio itxia
Sarrera eta irteerako irekigune mugatuak eta aireztapen natural desegokia dituen esparrua da; bertan, kutsatzaile toxikoak edo sukoiak pilatu daitezke, edo oxigeno eskaseko atmosfera egon daiteke, eta ez dago pentsatuta langileek jarraian okupatzeko (Prebentzio-zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 39/1997 Errege Dekretuaren 22.bis artikulua).
Hona hemen espazio itxien adibide batzuk: putzuak, hobiak, andelak, tangak, zisternak, kutxatilak, estoldak, lurpeko galeriak…
Gune horietarako sarbidea noizbehinkakoa da, eta esku-hartze zehatzetarako (ikuskapenak, garbiketak, mantentze-lanak, konponketak…) erabiltzen da bakarrik.
Lan-jarduera guztietan bezala, arriskuak identifikatu eta ebaluatu behar dira esku-hartze horiek egin aurretik, eta beharrezkoak diren prebentzio- eta babes-neurriak hartu.
Arriskuak
Nabarmentzekoak dira, duten larritasunagatik, espazio itxietan intoxikazioa eta/edo asfixia jasateko dauden arriskuak; izan ere, bolumen txikiaren eta aireztapen eskasaren ondorioz, kea eta gasak metatzen dira.
Istripu horien jatorria prozesu biologikoak (hartzidurak) edo errekuntzak (galdarak, motorrak, etab.) izan daitezke, hainbat gas sortzen baitituzte: karbono dioxidoa, CO2; karbono monoxidoa, CO; amoniakoa, NH3; hidrogeno sulfuroa, SH2; metanoa, CH4, etab. Gas horiek toxikoak eta/edo itogarriak dira (airearen oxigenoa lekualdatzen dutelako).
Gas horiek dituen inguru batean egoteak, segundo gutxi batzuetan besterik ez, kalteak eragiten dizkio osasunari, konortea galarazten dio barruan dagoenari eta heriotza ere eragin dezake.
Espazio itxietan beste arrisku batzuk ere egon daitezke: erortzeak, kolpeak, jarrera behartuak, kontaktu elektrikoa, zarata, beroa/hotza, sutea/leherketa…
Prebentzio- eta babes-neurriak
A.- EDOZEIN ESKU-HARTZEREN AURRETIK
- Enpresak identifikatuta izan behar ditu bere lantokietan dauden espazio itxiak.
- Sartzeko baimenik ez duen edonori galaraziko zaio sartzea.
- Ahal dela, giltzaz itxita egonen da sarbidea.
- Espazio itxi baterako sarbideak seinaleztatuta egon behar du.

![]() |
Espazio itxietako zereginak ez dira inprobisatu behar: aldez aurretik planifikatu behar dira. Espazio itxi batera sartu aurretik, egin beharreko lanak ebaluatuta egon behar du, eta hartu beharreko neurriak jasoko ditu. |

B.- ESKU-HARTZE BAT PLANIFIKATZEAN
- Ahal dela, ez da espazio itxira sartu behar, eta lanak kanpotik egin behar dira.
- Lan-prozedura bat idatzi behar da esku-hartze mota bakoitzerako. Prozedura horri dagokionez:
- Egin beharreko lanak eta prebentzio- eta babes-neurriak jasoko ditu,
- Parte-hartzaileek horren berri izanen dute,
- Aldez aurretik probatu beharko da,
- Egiaztatzeko galde-sorta bat jasoko du, eta
- Larrialdi-neurriak aurreikusiko ditu (erreskatea, lehen sorospenak eta kanpoko baliabideentzako jakinarazpena).
- Zereginean parte hartuko duten langileek prestakuntza eta informazio espezifikoa, teorikoa eta praktikoa izan beharko dituzte arriskuei, hartu beharreko neurriei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz.

![]() |
Arduradunak esku-hartze zehatz bakoitzerako emandako idatzizko baimena duten langileak baino ez dira sartuko espazio itxi batera. |

C.- ESPAZIO ITXIRA SARTU BEHAR DENEAN
- Zeregin horretan prebentzio-baliabide bat egonen da, lan-prozedura eta prebentzio-jarduerak betetzen direla zaintzeko.
- Espazio itxira sartu aurretik, kanpotik (gasen eta oxigenoaren –O2–) neurgailu baten bidez egiaztatuko da barruko giroa “arnasteko modukoa” dela (% 20 - % 21 oxigeno, eta lehen aipatutako gasik eza).
- Espazio itxiaren barruan dagoen bitartean, langileak (gasen eta oxigenoaren) neurgailu bat eramanen du aldean, alarma optiko eta akustiko baten bidez gas horien detekzioaren edo oxigeno-defizitaren berri ematen dueña.
- Espazio itxia mekanikoki, hau da, airea emateko edo ateratzeko gailuen bidez, aireztatu beharra baloratuko da, langilea sartu aurretik eta barruan dagoen bitartean, batez ere denboran luzatu daitezkeen esku-hartzeei begira.
- Espazio itxira sartzen diren langileek arnesa eraman beharko dute uneoro, zeina segurtasun-soka baten bidez lotuko baita tripodearekin edo erreskate-sistemarekin.
- Barruko eta kanpoko langileen arteko etengabeko komunikazioa bermatu beharko da.

![]() |
Lankide bat erreskatatu behar bada nahasia dagoelako edo konortea galtzear dagoelako, erreskate horretan soil-soilik parte hartu behar dute horretarako trebatuta dauden eta arnasketa babesteko ekipamendu isolatzaile autonomoa (maskara osoa eta aire konprimituko botila) duten langileek. |

Informazio gehiago nahi izanez gero Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak lantokiei buruzko 486/1997 Errege Dekretuari buruz egindako gida teknikoaren 1. eranskina kontsulta daiteke.

