15. alerta: Hormigoizko galdara hutsa erortzea dorre-garabitik
2024KO URRIA
Istripua
Zutabeetan hormigoia botatzeko lanak, eraikitzen ari diren obra batean.
Zutabeetan hormigoia botatzeko, galdara dorre-garabiari lotu zitzaion. Putzupada 3 metroko altueran zegoenean, kulatako bi freno-zutabe hautsi ziren eta, ondorioz, zirga askatu eta galdara zuzenean lurrera erori zen.
Erorketan, galdarak lehenik lurra jo zuen eta, segituan, istripua izan duen langilearen hanka.

Enpresak garabilariak egindako aldizkako berrikuspenen erregistroa aurkeztu bazuen ere, zalantzak daude egin ote ziren; izan ere, egun horretan pisuarekin probak egin izan balira kargak jasotzeko sistema egiaztatzeko, agerian geldituko zen frenoa ez zegoela ongi eta, beraz, ez zen istripurik gertatuko.
Kausak
- Zauritutako langilea galdararen erortze-ibilbidetik gertuegi egotea.
- Zintzilik dagoen karga batekiko mantendu beharreko distantzia zehaztuko duen lan-prozedurarik ez izatea.
- Dorre-garabia egoera txarrean egotea, eta agian garabilariak hura erabili aurreko egiaztapenik ez egitea.
- Egun batzuk lehenago egindako lau hilean behingo azterketa eskasa; izan ere, garabilariak garabia ez zebilela ongi aipatu arren, azterketan ez zen ikusi frenoa gaizki zegoenik.
- Ordezko piezen ziurtagirien falta; haien bidez bermatzen baitira, hasieratik bukaerara, bai piezen ezaugarriak bai balio-bizitza, betiere zer xedetarako diseinatu ziren, hartarako erabiltzen badira.
- Langileei informazio eskasa ematea, zamak lekualdatzeko prozesuan gerta daitezkeen erorketak direla-eta dauden arrisku-eremuei buruz.
- Langileen prestakuntza espezifiko desegokia.
Prebentzio-gomendioak
- Langileak ez dira egonen jasotako karga baten proiekzio bertikaletik hurbil.
- Enpresak lanerako jarraibide bat prestatuko du. Bertan zehaztuko du zintzilik dagoen karga baten azpian egoteko gorde behar den gutxieneko distantzia zein den, eta beharrezko informazioa emanen du. Halaber, aldizkako kontrolak eginen ditu jarraibidea betetzen dela ziurtatzeko.
- Enpresak kontrolatu eta zaindu behar du garabilariak aldizkako azterketa guztiak egiten dituela.
- Mantentze-lanak egiten dituen enpresa zorrotzago arituko da lau hilean behingo azterketetan.
- Laneko ekipamenduak ez dira erabili behar fabrikatzaileak esandakoak ez diren moduetan (1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena langileek lan-ekipoak erabiltzeko. II. eranskineko 1. apartatua).
- Informazioa ahal dela idatziz emanen da eta, gutxienez, laneko ekipamenduak erabiltzeko baldintzei eta modu egokiari buruzko oharrak jasoko ditu, kontuan hartuz fabrikatzailearen jarraibideak, bai eta aurreikus daitezkeen eta ezohikoak eta arriskutsuak diren egoerak edo erabilera-moduak ere (1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena langileek lan-ekipoak erabiltzeko; 5.2 apartatua).
- Enpresak, gainera, behar diren neurriak hartuko ditu, mantentze-lan egokiak eginez, laneko ekipamenduak une oro erabiltzeko seguruak izan daitezen. Mantentze-lan horiek eginen dira kontuan hartuz fabrikatzailearen jarraibideak edo, halakorik ez badago, kontuan hartuz ekipamenduen ezaugarriak, erabilera-baldintzak eta haien narriadura edo desdoikuntza eragin dezaketen bestelako inguruabarrak (ohikoak edo ezohikoak).
- Laneko ekipamenduak mantentzeko, konpontzeko edo eraldatzeko eragiketak, baldin eta langileentzat berariazko arriskua badakarte, horretarako berariaz trebatutako langileei soilik agintzen ahalko zaizkie (1215/1997 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena langileek lan-ekipoak erabiltzeko; 3.5 artikulua).