16. Alerta: Oxido nitrosoko kapsularen leherketa, sukaldeko sifoia kargatzean

2026ko URTARRILA

Istripua

Istripua jatetxeko sukaldean gertatu zen.

Langilea patata-purezko aparra prestatzen ari zen sukaldeko sifoiarekin. 

Sifoia osorik kargatzeko, oxido nitrosoko bi kapsula sartu behar dira. Gas horrekin, likidoa (kasu honetan, patata-purea) dagoen ganbera presurizatzen da, eta barruko krema apar bihurtzen da.

Sifoia kargatzeko erabiltzen diren kapsulak metalezko botila txikiak dira, presiopeko 8 gramo oxido nitroso dituztenak. Oxido nitrosoa gas erregarria da.

Istripuaren egunean, sukaldariak lehenengo kapsula bota egin zuen sifoian kargatu ondoren, eta bigarrena kargatzera joan zenean, haren kontrola galdu zuen eta frijigailura erori zitzaion (gainazalaren eta frijigailuaren saskiaren artean geratzen den zirrikitutik erori zen). Frijigailuak 180-200 ºC-ko olioa zuen.

Une horretan, sifoia utzi zuen, bitsadera hartu, frijigailuaren saskia apartatu, eta kapsula hartzen saiatu zen, bitsadera olioan sartuz. Hainbat saio egin ondoren arrakastarik gabe, bitsadera frijigailutik atera zuen, eta altxatu zen. Une horretan, kapsulak eztanda egin zuen, eta leherketak olioa jaurti zuen langilearengana.

Olio beroak gorputzaren hainbat atal ukitu zituen, eta erredurak sortu zizkion.

             

Oxido nitrosoko kapsula.                    Sukaldeko sifoia.

Zergatiak

  • Lanpostuaren arriskuen ebaluazioan ez dago identifikatuta leherketa-arriskua, presiopeko ekipoen erabilerari dagokionez (karga-kapsulak), eta ez dira identifikatu sukaldeko sifoia erabiltzeak dituen arriskuak, hura kargatzeko/deskargatzeko eragiketak sortutakoak barne. Garrantzitsua da hauxe kontuan hartzea: "Berotuz gero, presiopeko gasek lehertzeko arriskua dute (H280)".  
  • Ez dago sifoia erabiltzeko jarraibiderik.
  • Ez dago oxido nitrosoko kapsulen segurtasun-datuen fitxarik.
  • Enpresak sifoia kargatzeko zehaztutako prozedura (idatzi gabea), langileak bete zuena, ez da segurua. Ekipoa deskargatzeko/kargatzeko ezarritako kokapenagatik (gainaldea, frijigailutik gertu) ailegatu zen kapsula frijigailura. 
  • Langileei ez zaie nahikoa prestakuntza/informazio eman sifoia eta karga-kapsulak erabiltzeak dituen arriskuei buruz.

Prebentzio-gomendioak

  • SUKALDARI-lanpostuaren arriskuen ebaluazioa berrikustea, presiopeko ekipoak (karga-kapsulak) erabiltzearen ondoriozko leherketa-arriskua identifikatuz eta ebaluatuz, sukaldeko sifoia erabiltzeak dituen arriskuak identifikatuz eta ebaluatuz, GAS EDO LIKIDO GORIAK JAURTITZEKO arriskua zehazki identifikatuz eta aztertuz (jaurtiketa horiek non eta zer egoeratan gerta daitezkeen zehaztuz) eta prebentzio-neurri zehatzak proposatuz (adibidez, leku seguru bat finkatzea, frijigailuetatik eta tenperatura handiko beste puntu batzuetatik urrun, sukaldeko sifoia kargatzeko/deskargatzeko).
  • Sukaldeko sifoia erabiltzeko jarraibideak eskatzea hornitzaileari.
  • Oxido nitrosoaren segurtasun-datuen fitxa eskatzea hornitzaileari.
  • Laneko prozedura edo jarraibidea prestatzea, sukaldeko sifoiaren erabilera deskribatzeko eta sifoia nola eta non kargatu behar den zehazteko, besteak beste. Kontuan izan sifoia erabiltzeko jarraibideetan eta oxido nitrosoko kapsulen segurtasun-datuen fitxan jasotako informazioa.
  • Sukaldariak prestatzea eta lanpostuko arriskuen berri ematea. Prestakuntzak eta informazioak honako hauek jaso behar ditu: sifoia erabiltzeko laneko prozedura edo jarraibidea, laneko ekipoen baldintzei eta erabiltzeko modu egokiari buruzko argibideak, eta lanpostuan hartu behar diren prebentzio- eta babes-neurriak (31/1995 Legearen 18. eta 19. artikuluak eta 1215/97 Errege Dekretuaren 5. artikulua).