2. alerta: Segurtasun-gailu baliogabetua

2017ko martxoa

Istripua:

  • Istripua soldadura erdiautomatikoko makina batean gertatu da.
  • Langileak bi osagai metaliko jarri ditu soldadura-eremuan eta, ondotik, bi eskuko aginteari eragin dio; makinak biak soldatu ondoren, markatze-eremura lekualdatu dira.
  • Eremu horretan, zilindro hidrauliko baten bidez, modu automatikoan soldaturiko elementuaren gainean markatu dira eskaturiko fabrikazio-erreferentziak.
  • Instalazioaren zati honetako eremu arriskutsua babesgarri mugikor batek babesten du, katigamendu-gailu elektriko eta mekaniko baten bidez (gailu horrek elementu arriskutsua abian jartzea eragozten du katigamendua daukan babesgarria itxita dagoen bitartean).
  • Makinak hutsegin izanaren alarma piztu da.
  • Langileak ezin du aginte-kontsolatik konpondu arazoa; beraz, babesgarri mugikorra kendu eta markatze-eremuko arrisku-eremuan sartu du eskua, arazoa konpondu nahian.
  • Istant horretan makina abian jarri da eta zilindroak eskua harrapatu dio.

        

       Istripua eragin zuen makinaren ikuspegi orokorra eta katigamendu-gailuaren xehetasunak.

  • Enpresak dio bai mantentze-zerbitzuek bai lanpostua esleitua duten langileek makinaren segurtasun-gailuen mantentze-lan prebentiboak egiten dituztela, baina ez, ordea, delako katigamendu-gailuarenak. Ez dakigu nork edo nortzuek baliogabetu duen/duten katigamendu-gailuaren eraginkortasuna.

Arrazoi oinarrizkoak:

  • Ikerketan ikusi da katigamendu-gailuaren eragingailua babesgarri mugikorretik askatua dagoela eta, hortaz, langileak babesgarria irekitzean, eragingailuak katigamendu-gailuan sartua segitu zuela eta ez zuela makina geldiarazi.

Prebentziozko gomendioak:

  • Ebaluazioaren ondorioen arabera beharrezkoa denean, enpresaburuak aldizkako kontrolak egingo ditu lan-baldintzen inguruan, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 16. artikuluak adierazi bezala.
  • Euren jarduerako tresnetan edo jarduera hori gauzatzeko lan-lekuetan dauden segurtasun-gailuak edo instala daitezkeenak jardunbidetik ez kentzea eta modu egokian erabiltzea, aipatu legearen 29. artikuluan esaten den bezala, (Langileen betebeharrak arriskuak prebenitzeko).
  • Segurtasun babesgarrirk baliogabetuz gero inoiz, horren berri ematea sindikatuetako ordezkariei.