Zer kontsumitzen duzu bapeatzen duzunean?
Kanpainako materialak
Deskargatzeko...
1. Kartela ele bitan: JPG formatua
2. Kartela ele bitan: JPG formatua
3. Kartela ele bitan: JPG formatua
Iragarki laburrrak: Euskara / Ele bitan
Bapeatzeari buruz gehiago jakiteko...
Zigarro elektronikoak likido bat berotzen duten gailuak dira eta, berotze horretan, arnasten den aerosol bat sortzen da. Ez da “ur-lurruna” soilik. Gailu horiei modu aunitzetara deitzen zaie: e-cigak, bapeagailuak, modak, nikotina hornitzeko sistemak (ENDS), bertzeak bertze.
Gailu horiek erabiltzeari bapeatzea erraten zaio.
Forma eta tamaina aunitz izaten ahal dituzte: batzuek zigarro tradizionalak ematen dute, eta bertze batzuek berriz boligrafoak, USB memoriak edo egunero erabiltzen diren objektuak. Badira behin erabiltzeko edo erabili eta botatzeko bapeagailuak (arkatz formakoak); pod motako bapeagailuak (tamaina ertainekoak, kargatzeko kartutxoak izaten dituzte); eta mod motako bapeagailuak (haundiagoak eta potentzia haundiagokoak, ur-biltegi bat izaten dute).

Nahiz eta zigarro elektronikoek zenbait forma izan, denek berdintsu funtzionatzen dute. Gailu horiek berotu egiten dute “e-liquid” edo “bapeatzeko likidoa” izeneko likidoa. Horrek izaten ditu nikotina, zapore-emaileak eta bertze substantzia kimiko batzuk.
Gailua pizten duzunean, bateria batek elikatzen du erresistentzia bat, eta horrek likidoa berotzen du aerosol bihurtu arte (batzuetan “lurrun” deitzen zaio). Horixe arnasten duzu ahokoaren bidez.
Aerosol hori ez da kea edo ur-lurruna, baizik eta partikula txikien nahasketa bat; partikula horiek zure biriketara iristen dira eta substantzia kaltegarriak izaten ahal dituzte.
Gainera, gailu batzuk bertzelako substantzia batzuk ere lurruntzeko erabiltzen ahal dira.
Zigarro elektronikoen aerosola EZ da “ur-lurrun” kaltegabea.
Erretzaileek arnasten duten zigarro elektronikoen aerosol horrek substantzia kaltegarriak izaten ahal ditu, eta inguruan daudenei ere eragiten diete. Horien artean daude:
-
Nikotina.
-
Partikula ultrafinak: arnastu eta biriken hondora iristen ahal dira.
-
Zapore-emaileak: arnastuz gero, biriketarako toxikoak izaten ahal dira.
-
Minbizia eragiten duten substantzia kimikoak.
-
Metal astunak, hala nola nikela, eztainua eta beruna.
Zaila da jendearentzat zigarro elektronikoetako produktuek zer duten jakitea. Adibidez, ikusi da zigarro elektroniko batzuk, % 0 nikotina duten produktu gisa merkaturatzen badira ere, egiatan nikotina dutela.
Zigarro elektronikoen kontsumoa goiti doan errealitatea da Nafarroako gazteen eta helduen artean, eta kezkagarria da. 2014tik, fenomeno hori euren inkestetan monitorizatzen dute Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Drogei buruzko Plan Nazionalak.
Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokiaren azken datuen arabera (EDADES 2024 – ESTUDES 2023):
Nafarroako 14tik 18 urtera bitarteko ikasleen % 48,5ek aitortu du noizbait zigarro elektronikoak kontsumitu dituela, eta horrek esan nahi du % 10,3 puntuko igoera izan dela 2021arekin alderatuta; orain arteko mailarik altuena da. Gazteen % 36k adierazi du azken urtean kontsumitu dituela.
Goranzko joera bai gazteen bai helduen artean ikusten da.
Zigarro elektronikoen kontsumoaren bilakaera Estatuan (14tik 18 urtera bitarte):
- Bizitzan noizbait kontsumitu dutenak: 2019an % 48,4 izatetik 2023an % 54,6 izatera.
- Azken 12 hilabeteetan kontsumitu dutenak: % 37,8tik (2019) % 46ra (2023).
- Azken 30 egunetan kontsumitu dutenak: % 14,9tik (2019) % 26,3ra (2023).
Nabarmentzekoa da nikotina duten gailuen kontsumoa haundiagoa izaten ari dela nesken artean mutilen artean baino. Hori erronka espezifikoa da osasun-arreta eta prebentzioarendako, genero-ikuspegiari dagokionez.
Gurasoendako eta zaintzaileendako
-
Izan zaitez adibide positibo bat. Tabakoa kontsumitzen baduzu, oroitu inoiz ez dela berandu erretzeari uzteko. Utziz gero, osasuna zaintzearen aldeko mezu argi bat helarazten duzu. Erretzeari uzteko laguntza eskuratzen ahal duzu osasun-profesionalen bidez, zure osasun-etxeko erretzeari uzteko programetan, edo NOPLOIren Nafarroako Osasun Eskolak antolatzen duen tailerraren bidez.
-
Lortu kerik eta aerosolik gabeko etxea izatea. Bihurtu zure etxea toki segurua, tabakorik eta bapeagailurik gabe. Haurrak eta nerabeak ez daitezela egon bigarren eskuko kearen edo gailu elektronikoen aerosolaren eraginpean.
-
Mintzatu argi arriskuei buruz. Bapeatzeari buruz garbi solastatzea funtsezkoa da. Azaldu zergatik den kaltegarria osasunarendako, eta animatu tabako- eta bapeatze-produktu guztietatik urruti egotera. Ez dago gutxieneko edo gehieneko adinik elkarrizketa hori hasteko.
-
Ari elkarlanean hezkuntza-komunitatearekin. Galdetu irakasleei, ikastetxeko arduradunei edo gurasoen elkarteei prebentzio-programen eta tabakorik gabeko politiken gainean. Galdetu ea baden hezkuntza-baliabide osagarririk, eta nola laguntzen ahal duzun zure familia-ingurunetik.
-
Lagundu epaitu gabe. Zure alabak, semeak edo zure zaintzapeko pertsonak noizbait bapeatu badu, entzun enpatiarekin. Ez epaitu eta eskaini laguntza. Badira uzteko prozesuan lagun egiten ahal dieten profesionalak eta baliabideak.
-
Sustatu laguntza-sareak. Anima itzazu konfiantzako helduekin mintzatzera (familia, irakasleak, osasun-langileak, entrenatzaileak, begiraleak) haien mezu osasungarriak entzun ditzaten.
-
Kontsultatu iturri fidagarriak. Informa zaitez eta banatu informazio eguneratua eta zehatza. Osasun-arloko profesionalek zalantzak argitzen laguntzen ahal dizute.
Hezkuntza- eta gizarte-arloko profesionalendako
Honako hauez ari gara: hezkuntzako profesionalez, entrenatzaileez, orientatzaileez edo hainbat eremutako erreferenteez, eta haurrak eta nerabeak bapeatzetik babesteko funtsezko zeregina duzuen gainerakoez. Horretarako:
- Mintzatu gazteekin eta nerabeekin bapeatzeari buruz, lagundu horien arriskuak ulertzen eta ahaldundu presio- edo kontsumo-egoerei aurre egiteko trebetasunak gara ditzaten.
- Sustatu konfiantzazko eta entzute aktiboko espazioak, zalantzak eta kezkak epaiketarik gabe adieraz ditzaten.
- Informa zaitez bapeatzeak gazteen artean dituen arriskuez, bai eta merkatuan dauden gailu-mota ezberdinez ere.
- Eskaini laguntza tabakoa kontsumitzen edo bapeatzen dutenei; anima itzazu erretzeari uzteko laguntza bila dezaten eta haien eskura jarri dauden baliabideak.
- Animatzen zaitugu tabako-produkturik gabeko eskola-politikak (mota horretako produktu guztiak barne hartzen dituztenak) garatzera, ezartzera eta betetzera.
Gainera, familiekin eta guraso-elkarteekin lankidetzan aritzen ahal zara, prebentzio-mezuak indartzeko eta eskola-eremuan eta eskola-eremutik kanpo ingurune osasungarriak sustatzeko.
Laguntza-baliabideak:
Osasun-arloko profesionalendako
Osasunaren arloko profesionala zaren aldetik, funtsezko zeregina betetzen duzu gazteen artean tabakoaren eta bapeatzearen kontsumoaren prebenitzeko. Horretarako:
-
Informatu eta eman hezkuntza nerabeei, familiei eta komunitateari egiten zaizkien ohiko osasun-azterketetan bapeoaren eta tabakoaren arriskuei buruz, osasun fisikoan, mentalean eta emozionalean dituzten eraginak barne.
-
Sustatu elkarrizketa kontsultetan, konfiantzazko guneak sortuz, gazteek zalantzak eta kezkak adieraz ditzaten.
-
Detektatu garaiz bapeatze- eta tabako-produktuen kontsumoa, eta eman orientazio pertsonalizatua produktu horiek erretzeari utz diezaioten.
-
Igorri edo lagundu hala behar dutenak baliabide espezializatuetara, erretzeari uzteko programetara edo laguntza psikologikoko zerbitzuetara.
-
Egon eguneratua bapeagailu berriei buruz, bai eta dituzten osagaiei eta gazteei zuzendutako marketin-estrategiei buruz ere.
-
Hartu parte tabakoaren eta bapeatzearen industriatik haurrak eta nerabeak babesteko kanpaina komunitarioetan eta politika publikoen garapenean.
Gainera, ikastetxeekin, gizarte-zerbitzuekin, guraso-elkarteekin eta bertze erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, prebentzio- eta sentsibilizazio-ekintza koordinatuak sustatuz, proposamen ona da komunitateko osasun-sustapen eta prebentzio-ekintza baterako.
Zure konpromisoa pertsonala eta publikoa izan dadila
- Idatzi gutun bat zeure buruarendako, bapeatzeari edo erretzeari zergatik utzi nahi diozun eta zer lortzea espero duzun azalduz (osasun hobea, energia gehiago, dirua aurreztea, etab.).
- Eman zure erabakiaren berri gutxienez konfiantzazko bi pertsonari (lagunak, familia, bikotekidea, tutorea, etab.), babesa eman diezazuten eta irmoki mantentzen lagun diezazuten.
Aukeratu zure metodoa: pixkanaka edo kolpetik
- Erabaki ea nahiago duzun kolpetik utzi (“gaur nire azken eguna da”) edo pixkanaka murriztu bapeatzeko edo erretzeko maiztasuna eta kantitatea. Bi aukerak dira baliozkoak, eta uztartzen ahal dituzu, segun eta nola sentitzen zaren.
- Pixkanaka murriztea aukeratzen baduzu, ezarri asteko helburu argiak (adibidez: erdira murriztu 2 astera, erabat utzi 4 astera).
Identifikatu zure abiarazleak eta sortu alternatibak
- Egin zerrenda bat bapeatzera/erretzera eramaten zaituzten egoera, emozio edo tokiekin (asperdura, estresa, jaiak, sare sozialak, etab.).
- Bilatu alternatiba osasungarriak eta errealistak abiarazle bakoitzarendako: ibiltzera ateratzea, musika entzutea, arnasketa sakon hartzea, norbaitekin solastatzea, txiklea mastekatzea, etab.
Erabili teknologia eta tokiko baliabideak
- Deskargatu doako app bat erretzeari/bapeatzeari uzteko (adibidez, "Respirapp"), zure aurrerapenak erregistratzeko, mezu motibatzaileak jasotzeko eta laguntza-foroetara sartzeko.
- Kontsultatu zure osasun-etxeko edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko tabakoa erretzeari uzteko baliabideak, bertan aurrez aurreko edo telefono bidezko laguntza profesionala jasotzen ahalko baituzu.
- Ikaslea bazara, galdetu zure ikastetxean prebentzio-programei buruz.
Zaindu zure gorputza eta burua
- Egin ariketa fisikoa aldizka, egunean 20 minutuz oinez ibiltzea bada ere. Mugimenduak antsietatea murrizten eta gogo-aldartea hobetzen laguntzen du.
- Praktikatu erlaxazio teknikak, arnasketa kontzientea, mindfulnessa, yoga edo meditazio gidatua.
- Elikadura orekatua izan eta ur nahikoa edan hidratazio ona mantentzeko.
Kudeatu abstinentzia-sindromea
- Onartu lehenbiziko egunak zailak izaten ahal direla: sentitzen ahal dituzu suminkortasuna, antsietatea, insomnioa edo bapeatzeko/erretzeko gogo bizia.
- Behar izanez gero, kontsultatu zure familia-medikuari nikotina ordezkatzeko terapiak edo botika espezifikoak erabiltzeko aukerari buruz (betiere osasuneko langileek gainbegiratuta).
- Oroitu: sintomak aldi baterakoak dira, eta bapeatu/erre gabeko egun bakoitza lorpena da.
Ospatu zure lorpenak eta ikasi estropezuetatik
- Jarri zure buruari sari txikiak bapeatu/erre gabe igarotako egun, aste edo hilabete bakoitzeko, (lagunekin atera, gustatzen zaizun zerbait erosi, jarduera berezi bat egin).
- Berriz erortzen bazara, ez zigortu zure burua. Aztertu zer gertatu den, ikasi esperientzia horren bidez eta berriz saiatu. Gehienek hainbat saiakera behar izaten dituzte behin betiko utzi aurretik.


