50 Hz-eko eremu elektromagnetikoak
Non sortzen dira 50 Hz-eko eremu elektromagnetikoak?
Eremu elektrikoak eta magnetikoak sortzen dira korronte elektrikoaren fluxua dagoen guztietan, energia garraiatzeko linea eta kableetan, transformazio-zentroetan, etxeko instalazioetan, eta, oro har, edozein tresna elektrikotan. Sistema elektrikoetan, 50 Hz-eko maiztasuna erabiltzen da Europan, eta 60 Hz-ekoa Ipar Amerikan, Kuban, Brasilen eta beste herrialde batzuetan.
Zer dira 50 Hz-eko eremu elektromagnetikoak?
Eremu elektrikoak eta magnetikoak bereizi behar dira. Eremu elektrikoak karga elektrikoen ondorioz sortzen dira, mugimendua egon nahiz ez, eta haien intentsitatea metroko voltetan (V/m) neurtzen da. Material arrunt batzuek, hala nola zurak eta metalak, haien ondorioak pantailatzen dituzte. Gainera, eraikinetako paretek nabarmen murrizten dute eremu horien intentsitatea, kanpoaldekoarekin alderatuta.
Eremu magnetikoak sortzen dira karga elektrikoak mugitzen direnean (hau da, korrontea dagoenean), eta haien intentsitatea metroko amperetan neurtzen da (A/m). Hala ere, eremu elektromagnetikoei buruzko azterlanetan, harekin loturiko magnitude bat erabili ohi da: indukzio magnetikoa edo fluxu magnetikoaren dentsitatea, teslatan (T) edo, maizago, mikroteslatan (µT) neurtua. Eremu elektrikoetan ez bezala, material gehienek ez dituzte eremu magnetikoak arintzen.
Hala ere, eremu elektromagnetiko horien ezaugarri garrantzitsua da intentsitate-mailarik altuena iturriaren inguruan sortzen dela, eta azkar jaisten dela hartatik urrundu ahala.
Oro har, eremu elektrikoen intentsitaterik handienak goi-tentsioko garraio-lineen azpiko eremuetan daude. Eremu magnetikoei dagokienez, intentsitaterik handienak motorren eta bestelako tresna elektrikoen inguruetan detektatzen dira.
Nolako esposizio-maila sortu ohi dute elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko instalazioek?
Distantzia luzeko elektrizitate-garraioa goi-tentsioko linea elektrikoen bidez egiten da. Goi-tentsio horiek transformadoreen bidez beheratzen dira, eraikinetara, industrietara eta beste instalazio batzuetara banatzeko.
Linea elektrikoen azpiko eremuetan, eremu elektrikoa 10 kV/m-koa ere izan daiteke, eta, lurrean, eremu magnetikoa hainbat µT-koa izan daiteke.
Hala ere, eremu elektromagnetikoen intentsitatea jaitsi egiten da linea elektrikoetatik urruntzean; hala, intentsitatea antzekoa izan daiteke 100 metroko distantzian eta askoz urrunagoko eremuetan.
Ondoko tauletan, baliorik ohikoenak adierazten dira, kontuan hartuta esposizio-maila efektiboak aldatu egiten direla faktore hauen arabera: tentsioaren balioak, korrontearen intentsitatea, eroaleen konfigurazioa, lurretik hurbilen dagoen eroalerako distantzia, eta abar.


Zein dira esposizio-mailarik ohikoenak etxebizitzetan?
Kableak eta etxetresna elektrikoak dira eremu elektromagnetikoen iturri nagusiak. Linea elektrikoetatik urrun dauden etxebizitzetan, iturri horiek sortutako eremu magnetikoaren intentsitatea 0,2 µT artekoa izan daiteke, eta eremu elektrikoaren intentsitatea 30 V/m baino txikiagoa izan ohi da.
Eremu elektrikoa hor dago tresna elektrikoa martxan ez dagoenean ere; eremu magnetikoa, berriz, martxan dagoenean soilik, korronte-fluxua dagoenean.
Hona hemen eremu elektromagnetikoen intentsitate zenbatetsien taulak tresna elektriko ohikoenetarako, kontuan hartuta esposizio-maila efektiboak aldatu egiten direla etxetresna elektrikoaren modeloaren eta harekiko distantziaren arabera:

Iturria: Alemaniako segurtasun erradiologikoko bulego federala (Bundesamt für Strahlenschutz, BfS), 1999.

Oharra: letra lodiz adierazita dago nolako balioa duen eremuak tresna bakoitza erabili ohi den distantzian
Iturria: Alemaniako segurtasun erradiologikoko bulego federala (Bundesamt für Strahlenschutz, BfS), 1999.

Nolako ondorioak izan ditzake osasunean 50 Hz-eko eremu elektromagnetikoekiko esposizioak?
Epe laburreko ondorioak
Eremu elektrikoek eta magnetikoek tentsio elektrikoak eta korronteak induzitzen dituzte organismoan, baina eremu elektrikoen kasuan, goi-tentsioko linea baten azpi-azpian ere korronte induzituak oso txikiak dira, kontuan hartuta zein diren astindu elektrikoak eta beste efektu elektriko batzuk sortzeko atalaseak.
Hala ere, 50 Hz-eko maiztasuneko eremu magnetikoekiko esposizio akutuak, 100 µT-tik gorako maila altuetan, ondorio biologikoak izan ditzake; izan ere, giza gorputzean korronte eta eremu elektrikoak sorrarazten ditu, eta horrek nerbio- eta muskulu-estimulazioa eragiten du.
Epe luzeko ondorio posibleak
50 Hz-eko maiztasuneko eremu magnetikoekiko esposizioak epe luzera dituen ondorioei dagokienez, ikerketek haurren leuzemia izan dute ardatz. 2002an, Minbiziari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) txosten bat argitaratu zuen, eta, hartan adierazitakoaren arabera, eremu horiek “pertsonentzat kartzinogenoak izan daitezke”. Agenteei kalifikazio hori aplikatzen zaie baldin eta froga gutxi badaude pertsonengan edo animaliengan eragin kantzerigenoa dutela esateko.
Kasu honetan, kalifikazio hori ezarri da azterlan epidemiologikoetan oinarrituta; izan ere, ikusi da haurren leuzemia-kasuak % 100 handitzen direla eremu magnetikoekiko esposizioari loturik (batez beste 50 Hz-eko maiztasuna eta 0,4 µT-ko edo hortik gorako intentsitatea duten eremu magnetikoak).
IARC agentziaren arabera, azterketa gehigarrietan oinarrituta, kalifikazio horri eutsi behar zaio ikerketak eztabaidaezinak izan ez arren, alborapen-akatsak egon litezke-eta, eta frogatu ez den arren zer mekanismo biologikok azaltzen duten lotura hori, maiztasun txikiko eremu magnetikoekiko esposizioaren eta kartzinogenesiaren artekoa. Gainera, animaliekin egindako azterketa gehienek emaitza negatiboak izan dituzte.
Horregatik guztiagatik, zientzialariek zuhur jokatzen dute adieraztean ezen haurren leuzemiarekin lotutako ebidentziak ez direla aski sendoak kausalitate-lotura dagoela ezartzeko.
Gainera, osasunari kalte egiten dioten beste ondorio batzuk aztertu dira eremu magnetiko horiekiko esposizioarekin loturik. Ikerketek beste minbizi mota batzuk aztertu dituzte, helduengan nahiz haurrengan, baita depresioa, suizidioa, nahasmendu kardiobaskularrak, ugalketa-disfuntzioak, garapenaren nahasmenduak, aldaketa immunologikoak, ondorio neurokonduktualak, gaixotasun neurodegeneratiboak eta bestelakoak ere.
Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) eremu magnetikoetarako lantaldeak ondorioztatu duenez, osasunerako ondorio kaltegarri horien guztiei dagokienez, froga zientifikoak askoz ahulagoak dira, haurren leuzemiaren kasuarekin alderatuz gero, esan ahal izateko korrelazioa dagoela 50 Hz-eko maiztasuneko eremu magnetikoekiko esposizioarekin. Kasu zehatz batzuetan, hala nola gaixotasun kardiobaskularren eta bularreko minbiziaren kasuan, ebidentziek iradokitzen dute eremu magnetikoak ez direla ondorio horien kausa.
Zein arau aplikatzen dira arlo honetan?
Espainian ez dago oinarrizko legeriarik, zuzenean aplikatzen zaienik energia elektriko arruntaren ekoizpenean, eraldaketan, eroapenean eta erabileran sortzen diren 50 Hz-eko maiztasuneko (“maiztasun industriala”) eremu elektromagnetikoei.
Europar Batasunean bai, erreferentzia-maila batzuk ezarri dira, eta horiek esposizio-mugatzat hartzen dira. Maila horiek jasota daude Kontseiluaren uztailaren 12ko 1999/519/EE Gomendioaren III. eranskineko 2. koadroan (jendea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzkoa da gomendio hori). Hona hemen:
5000 V/m, eremu elektrikoen kasuan
100 µT, eremu magnetikoen kasuan. Balio hori kalkulatzeko, 5.000 μT-ko balioa hartu da aintzat, intentsitate horretako eremu magnetiko batek korronte kaltegarriak sor baititzake haren esposiziopean dauden pertsonengan, eta zati 50 egin da, segurtasun-faktore gisa.
Laneko esposizioari dagokionez, uztailaren 22ko 299/2016 Errege Dekretua aplikatu behar da, langileen osasuna eta segurtasuna eremu elektromagnetikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzkoa.
Non lor dezaket informazio gehiago?
Esteka hauetan:
OME
Zer dira eremu elektromagnetikoak?
Europako Batzordea. Duela gutxi identifikatu diren osasun-arrisku emergenteen batzorde zientifikoa (SCENIHR)
Maiztasun oso txikiko eremuak, hala nola linea elektrikoenak eta etxetresna elektrikoenak.
Osasun Ministerioa
