Zimitzei buruzko osasun-informazioa
Donejakue bidea egiten ari ziren zenbait pertsonak zimitzen ziztadak izan dituzte, erromesek batez ere. Hori dela eta, beharrezkoa da informazio hau zabaltzea, arazoa ahal den neurrian arin dadin.
Deskarga ezazu eskuorria (PDFa)

Zer dira zimitzak?
Zimitzak intsektu txikiak dira, obalo formako gorputz zapal eta iletsua dutenak. 4 eta 7 milimetro arteko luzera izaten dute, eta gaztaina-kolore gorrixka eta gris arteko kolorea dute. Pertsonekin egoten diren zimitzei "ohe-zimitz" esaten zaie, eta Cimex lenticularius da haien izen zientifikoa. Ziklo biologikoak (heldua, arrautza, ninfa) 5 eta 10 aste artean irauten du.
Non egoten dira zimitzak?
Mundu osoan barrena aurki daitezke intsektuok, gizakiak bizi diren inguruetan, oro har: etxebizitzetan, bizitokietan, hoteletan, garraiobide kolektiboetan…
Zimitzek argia saihesten dute. Horregatik, egunean zehar babestu egiten dira (altzarietan, oheen armazoietan, tarima-zoruetan, liburuetan, horma-paperetan, horma eta zoruetako pitzaduretan, erradapietan, oihaletan, izaretan, tapakietan, lo-zakuetan, toalletan, maletetan, motxiletan, etxeko abereetan, etab.), eta ilunpean ziztatzen dituzte pertsonak, lo dauden bitartean.
Zer eragin dituzte zimitzen ziztadek?
Intsektu hauek xurgatzen duen moko txiki bat dute, eta hari esker odola erauzten diete pertsonei, elikatze aldera. Zimitz batek pertsona bat ziztatzen badu, azkura handia sentituko du, ziztatutako eremua handitu egiten da, eta gorriuneen zerrenda bat ikusi ohi da ziztatutako gorputz-eremuan.
Gure ingurunean ez dira erlazionatu zimitzen ziztadak eritasunen transmisio biologiko zuzenarekin, baina bai infekzioekin, azalean agente infekziosoak arrastatzeagatik edo narritadura izan eta ondoren hazka egiteagatik.
Zer egin behar da zimitzek ziztatuz gero?
Zimitzek ziztatu zaituztela uste baduzu, garbi itzazu ziztadak kontuz xaboi eta urarekin. Azkura handia baduzu, erabiltzen ahal dituzu lozio lasaigarriak, amoniakodun produktuak edo azkuraren aurkako bestelako produktuak. Farmazietan lortzen ahal dira, eta hazkura eta narritadura lasaituko dizkizute. Saiatu ziztadetan hazka ez egiten, infekzioak eragiten baititu, eta haiek dira zimitzen ziztaden konplikazio nagusiak.
Azkura oso handia edo jasanezina bada, edo azaleko infekzioak agertzen badira, medikuarenera joan behar duzu tratamendu egokia eman diezazun.
Nola saihesten ahal dira zimitzen ziztadak?
Zimitzen ziztadak saihesteko modu bakarra da gizakion ingurunean, etxebizitzetan eta, batik bat, logeletan ez izatea. Honako neurri hauek hartu behar dira zimitzak lekuotan izan ez daitezen:
Garbi itzazu logelak egunero, erratza pasatuta edo, hobe, aspiragailua maiz pasatuta zorutik, hormetatik, berogailuen azpitik, hutsuneetatik, erradapietatik, etab.
Konpondu eta bete itzazu horma, zoru eta sabaietako pitzadurak. Zigila itzazu hormen, erradapien eta estalduren arteko hutsuneak, saihestu paper pintatuak hormetan eta, askatu badira, itsats itzazu berriro.
Garbi itzazu oso maiz eta ur beroarekin (60-70 ºC) izarak, toallak, estalkiak, lo-zakuak eta oheko arropa oro har. Halaber, begiratu ongi azpildura eta tolesturetan, zimitzak aurkituz gero mekanikoki kentzeko.
Ez utzi etxeko abereei bizitokietan sartzen.
Aplikatu intsektizida bidezko tratamenduak.
Nola egiten dira intsektizida bidezko tratamenduak?
Zimitzak gizakion hurbileko ingurunean bizi direnez, erabiltzen diren lehen produktuak intsektuak deuseztatzeko eraginkorrak eta gizakiontzat arrisku gutxikoak dira. Produktuok Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioan erregistratuta daude, eta etiketako erabilera-argibideetan intsektu herrestariak agertzen dira.
Nola lortzen ahal dut informazio gehiago edo nola argitzen ahal ditut zalantzak?
Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak, 848 423440 telefonoaren bidez, zimitzei eta osasun-arazoei buruz behar duzun informazioa ematen ahal dizu, bai eta eskuorri hau irakurri ondoren izan ditzakezun zalantzak argitzen ere.