STI eta GIB

Sexu Transmisiozko Infekzioak (STI) gehienbat infekzioa duen pertsona batekin babesik gabeko koitozko sexu harremanetan odolaren, semenaren eta/edo baginako fluxuen bidez (bagina sexua, uzki sexua eta/edo aho sexua) kutsatzen diren bakterioek, birusek eta/edo bizkarroiek eragindako infekzioak dira.

Askotan STIek ez dute ageriko sintomarik. Beste batzuetan azkura, fluxuen usain txarra, txiza egitean mina, ondoeza... Eragiten ahal dituzte. Sintoma horiek agertzen ahal dira sexu harremanak izan ondotik, edo geroago.

Garrantzitsua da infekzio horien diagnostikoa azkar egitea, garaiz detektatzen badira, gehienek tratamendu erraza baitute. Eboluzionatzen uzten badiegu, aldiz, konplikazioak sortzen ahal dituzte, hala nola pelbiseko gaixotasun inflamatorioa, antzutasuna, minbiziak, eta abar.

Gure sexu bizitza zaintzeak STIei eta GIBari arreta eskaintzea dakar. STIak prebenitzeko garrantzitsua da egiten edo egin nahi ditugun sexu jarduerei buruz hausnartzea; STIak eta GIBa zer diren, nola kutsatzen diren eta nola prebenitu, prebentzio neurriak zeintzuk diren ezagutu, nola erabili eta nora jo.

Zer da GIBa?  

GIBa giza immunoeskasiaren birusa da. Immunitate sistema erasotzen du, eta haren erantzuteko gaitasuna murrizten du. Hiesa izena duen fasean immunitate sistema oso erasana egoten da, eta ez da gai beste infekzio batzuei aurre egiteko.

Tratamendu antiretrobiralek, nahiz eta infekzioa ez duten osorik ezabatzen, birusa kontrolpean izatea lortzen dute, detektaezinak diren mailetaraino murrizten dute. Hiesa garatzea saihesten dute, eta ia pertsona seronegatiboek duten adinako bizi itxaropena ematen diete gaixotasuna duten pertsonei.