LAN-OSASUNA ETA TENPERATURA HOTZAK

Abendutik martxora arte, baldintza meteorologikoek deserosotasuna edo hotzak eragindako estres termikoa areagotu ditzakete lantokietan. Aldi horretan, tenperatura baxuko esposizioaren arriskua kontrolatzeko proposatutako prebentzio-neurriak indartu behar dira.


 

Enpresek, beren prebentzio-zerbitzuek aholkatuta, ebaluatu egin behar dute deserosotasun/estres termikoaren arriskua, kontuan hartuta ingurumen-baldintzak (batez ere muturreko tenperaturak), zereginaren ezaugarriak eta hotzaren eraginpean egonen diren langileen faktore indibidualak.

Arriskuen ebaluaziotik abiatuta, beharrezko prebentzio-neurri guztiak planifikatu behar dira, hotzaren eraginpean egonen diren langileen babesa bermatzeko.

Neurri horiek aplikatuta ezin bada bermatu aire zabalean aritzen diren langileen babesa, zeregin jakin batzuk saihestu egin behar dira fenomeno meteorologiko kaltegarriak gertatzen diren orduetan, eta, are gehiago, lanaldiaren orduak murriztu edo aldatzen ahal dira AEMETek maila laranja edo gorriko alertak igortzen dituenean.

Norberak izaten ahal dituen baldintza batzuek, hala nola patologia kroniko batzuek, medikazio jakin bat hartzeak, adinak, haurdunaldiak eta abarrek, eragin dezakete langileak hotzarekiko kalteberagoak izatea. Horregatik, galdetu zure prebentzio-zerbitzuko osasun-zaintzako langileei ea, kontu horietakoren bat dela-eta, zure lanpostuak egokitzapen bat behar duen hotzarekiko esposizio arriskuagatik.

Deserosotasun eta estres termikoa izateko arriskua kontrolatzeko, beharrezkoa da esposiziopean dauden pertsonek enpresak ezarritako prebentzio-neurriak betetzea, eta bereziki garrantzitsuak dira, besteak beste, neurri hauek: mugatu kanpoan lan arinetan edo intentsitate fisiko gutxikoetan aritzeko denbora, leku klimatizatuetan atsedenaldiak egin; erabili lanerako oinetako eta arropa egokiak eta edari beroak edan, bero-galerak berreskuratzen laguntzeko.

Aire zabaleko lanetan, enpresak garatutako neurriek ez badute bermatzen langileen babesa, zeregin jakin batzuk saihesten ahalko dituzte langileek fenomeno meteorologiko kaltegarriak gertatzen diren orduetan, eta, are gehiago, lanaldiaren orduak murriztu edo aldatzen ahalko dira AEMETek maila laranja edo gorriko alertak igortzen dituenean.


 

Arriskuen ebaluazioa egiteko, bai eta prebentzio-neurriak planteatzeko ere, honako erreferentzia-iturri hauek kontsulta daitezke:

  1. 486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, lantokietako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituena (7. artikulua, “Lantokietako ingurumen-baldintzak” izeneko III. eranskina, eta “Aire zabaleko lanerako ingurumen-baldintzak” xedapen gehigarri bakarra) eta haren Gida teknikoa ("Giro termikoa” izeneko 4. gehigarria), 2015ean Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) argitaratua.

  2. 561/1995 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, lanegun bereziei buruzkoa

  3. Giro termikoa. LSOIN.

  4. Beste erreferentzia-iturri batzuk.