Uda gozatzeko denbora da..
Udan, bizitza osasuntsu izateko jarduera onuragarriak egin ditzakegu, hala nola udako frutak eta barazkiak jatea, eguzkiaz neurrian gozatzea, bainatzea, jarduera fisiko desberdinak praktikatzea edo aisialdian aire zabalean egotea lagunekin eta ahaideekin.
Hala ere, kontuan hartu behar da azken urteotan tenperaturak gero eta altuagoak eta muturrekoagoak direla; horrek eragin negatiboa izan dezake gure osasunean. Pertsona guztiok jasan ditzakegu horren ondorioak; beraz, prebentzioa eta baterako ekintzak funtsezkoak dira geure burua babesteko eta ahalik eta ondorio gutxien izateko.
Muturreko beroak ondorioak izan ditzake herritarren osasunean. Zeharka, eritasun kronikoen deskonpentsazioa areagotu dezake, eta horrek heriotza-tasa eta ospitaleratzeak handitzea eragiten du. Zuzenean, koadro akutuak eragin ditzake, hala nola karranpak, deshidratazioa, sinkopea, beroak eragindako akidura edo bero-kolpea (hori hilgarria izan daiteke).
Tenperatura altuek osasunean dituzten arriskuak murrizteko, prebentzio-neurri egokiak hartu behar dira, eta arreta berezia jarri behar zaie biztanle kalteberenei: adinekoak, 4 urtetik beherakoak, haurdunak eta eritasun kronikoak dituzten pertsonak (arazo kardiobaskularrak, arnasketakoak eta abar dituztenak).
Gomendio nagusiak:
- Edan ur gehiago.
- Babestu eguzkitik.
- Bilatu toki freskoak.
Lantokian

-Laneko osasunari buruzko gomendioak
Lan Osasunari buruzko liburuxka.
Enpresarako eta langileentzako neurriak.
Ariketa egiterakoan

-Honako hauetarako gomendioak:
Bero-kolpea
Organismoaren termoerregulazio-sistemaren akats bat da, eta bero zakarrak egiten dituenean gertatzen da. Ondorioz, gorputzeko tenperatura gehiegi igotzen da, 40 °C-tik gora, eta zenbait organoren funtzionamendua aldatu egiten da. Behar bezala eta azkar artatzen ez bada, hutsegite multiorganikoa eta heriotza eragin ditzake.
Hauek dira bero-kolpearen zeinu bereizgarriak:
-
Gorputzeko tenperatura oso altua (40-41 ºC).
-
Larruazala oso beroa, gorria eta lehorra.
-
Buruko mina.
-
Goragalea eta gorakoak.
-
Burua nahastea edo kontzientzia-maila gutxitzea. Baliteke sukar-ametsak eta konbultsioak izatea, baita koma egoerara sartzea ere.
Bero-kolpea hil edo biziko larrialdi bat da, eta ospitale batean tratatu behar da; beraz, pertsona batek jasaten duenean, berehalako laguntza behar du. Susmorik izanez gero, deitu 112ra.
Zer egin osasun-laguntzako zerbitzuak iristen diren bitartean?
-
Aldendu bero-iturritik
-
Eraman itzala duen leku fresko batera.
-
Gorputzeko tenperatura pixkanaka jaitsi: kendu arropa, ur hotzez bustitako zapiak jarri, eman dutxa bat, maindire busti batean bildu, haizea eman, etab.
Beroak eragindako kalanbreak
Besoetan, hanketan eta sabelaldean izaten diren kontraktura muskularrak dira. Deshidratatuta gaudenean edo izerdi asko botatzen dugunean agertzen dira.
Zer egin?
- Hartu atseden inguru fresko batean.
- Edan gatz mineralak dituzten edariak; adibidez, seruma edo limonada alkalinoa (limoi-zukua, urarekin, gatz pixka batekin eta bikarbonatoarekin).
- Sintomek ordubete baino gehiago irauten badute, mediku bati kontsultatzea komeni da.
Beroak eragindako akidura
Beroaren eraginpean denbora luzez egoten bagara, era honetako sintomak sortzen ahal dira: ahultasuna, zorabio-sentsazioa, ikusmenaren alterazioak, buruko mina, goitinahia, goitika egitea, beheitikoa, kalanbre muskularrak, palpitazioak, insomnioa, inurridura esku eta oinetan, egarri handia...
Zer egin?
- Utzi toki bero batean egoteari. Hartu atseden leku fresko batean.
- Aklimatatu etxea: aireztatu tenperatura jaisten denean, eta itxi leihoak eta jaitsi pertsianak bero handieneko orduetan eta eguzkiak zuzenean jotzen duenean.
- Hidratatu gatza duten likidoekin: edateko seruma, limonada alkalinoa, etab.
- Dieta orekatua.
- Ez egin ahalegin fisikorik eguerdiko orduetan.
Beroak eragindako erredurak
Larruazalaren gorritasun iraunkorra (oso mingarria izaten ahal da). Eguzkitan denbora luzez eta babesik gabe egoteagatik agertzen da. Kasu larrienetan, anpoilak ateratzen ahal dira.
Zer egin?
- Ez egon eguzkitan.
- Busti azala ur hotzarekin (dutxatu, bainatu, konpresak)
- Eman krema hidratatzailea eta freskagarria.
- Anpoilak atera bazaizkizu, ez hautsi, infektatu egin daitezke eta. Aztertu osasun-profesionalei kontsultatzea komeni den.
- Erremediorik onena prebentzioa da:
- Ez egon eguzkitan.
- Erabili faktore altuko kremak eguzkitik babesteko.
- Erabili txapelak eta eguzkitako betaurrekoak.
Beroak eragindako sinkopea
Beroak eragindako sinkopea dugunean, konortea eta sentikortasuna galtzen ditugu bat-batean, tentsio arteriala jaisten zaigulako, beroaren eraginpean edo eguzkitan denbora luzez egoteagatik.
Zer egin?
- Zure inguruko norbaiti zorabiatzeko lehen sintomak agertzen bazaizkio, etzanarazi, erori eta kolperik ez hartzeko.
- Jarri ahoz gora etzanda leku fresko batean, eta altxatu hankak.
- Askatu jantzi estuak, arnasa hobeki hartzeko.
- Hobekiago dagoenean, eman edateko zerbait.
Plan hori urtero aktibatzen da 2004az geroztik, tenperatura handiegiek osasunean dituzten ondorioen aurkako prebentzio-jardueren plan nazionalaren esparruan. Abian jartzeko, hainbat zerbitzu eta erakunderen arteko koordinazioa eskatzen du.
Gainera, 2024tik, airearen kutsadura ere zaintzen da. Horrela, planaren helburu orokorra da tenperatura handiegiak eta airearen kutsadurak Nafarroako biztanleen osasunean duten eragina murriztea.
Besteak beste, honako jarduera hauek egiten dira: bilakaera epidemiologikoa zaindu; arrisku-mailak ebaluatu; eta alertak igorri, herritarrendako prebentzio-gomendioekin batera.


