PREBENTZIOA

 

Zarena zarela, erabili kondoia, babes gehiago izateko, sexu-transmisiozko infekzioen gorakada gutxitzeko, nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzeko, eta gure harremanetan tratu ona,elkarrekiko zaintza eta plazer partekatua lantzeko koito bidezko sexu harremanetan.

Kanpainaren justifikazioa

Gure gizarteak ahantzi ditu STIak eta prebentzio neurrien erabilera gutxitu du. Sexu transmisiozko infekzioek –klamidiak, gonokozia eta sifilia– gora egin dute azken hamarkadan, oro har eta baita Nafarroan ere, eta hainbat kasutan gazteei erasan diete. GIBaren bidezko infekzioa egonkortu egin da, nahiz eta oraindik ere badauden diagnostiko berantiarrak.

STIak ez badira tratatzen, arazoak ekartzen ahal dizkiete bai gizonezkoei (arazoak prostatan, barrabiletan...) bai emakumezkoei (pelbiseko gaixotasun inflamatorioa, antzutasuna...), eta kasu batzuetan –sifilia, esaterako– sintoma oso larriak agertzen ahal dira zenbait urteren buruan. Aurrerapen asko egin diren arren, HIESak ez du oraindik osabiderik.

Baginako, uzkiko zein ahoko koitoan preserbatiboa behar bezala erabiltzea modu eraginkorra da STIak prebenitzeko. Horrez gain, nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzen ditu eta, hala, nahi gabeko jaiotzak eta haurdunaldiak nahita eteteak saihesten dira, baita horiek guztiek dakartzaten ondorio emozional eta sozialak ere.

Kontrazepzioa eta STIen prebentzioa elkarrekin planifikatzea tratu onaren alderdietako bat da. Preserbatiboak laguntzen du pozarekin eta gozamenarekin konektatzen eta beldurra, kezkak eta segurtasunik ezak mozten, eta topaketaren erdigunean jartzen ditu elkar zaintzea eta plazera: “Erabiltzen dut neure burua eta zu zaintzeko”. Preserbatiboak harreman libreak, berdintasunezkoak eta seguruak bideratzen ditu.

Kanpainak azpimarratzen du badirela beste jardun sexual desiratu batzuk, arriskurik ez dakartenak, hala nola, musu ematea, bikotean elkar masturbatzea, ferekatzea, begiratzea, biluztea, zirri egitea, miazkatzea, atximur egitea, fantasiak eratzea, dantza egitea...

Helburuak

  • Herritarrak, oro har, eta, bereziki, gazteak STIen hazkundeari buruz sentsibilizatu eta informatzea: zer diren, zer sintoma diren susmagarriak eta zein zerbitzutara jo dezaketen.
  • Azpimarratzea joera aldatu beharra dagoela alderdi hauen kopuruetan: sexu transmisiozko infekzioak, nahi gabeko haurdunaldiak eta haurdunaldiak nahita eteteak.
  • Preserbatiboa metodo eraginkorra dela ikusaraztea eta haren erabilera areagotzea haurdunaldiak eta STIak prebenitzeko koito bidezko harremanetan.
  • Bultzatzea jendeak sexualitatea gustura bizi dezan, plazeretik eta elkar zaintzetik abiatuta.

Xede populazioa

  • Herritar gazteak.
  • Herritarrak oro har.