Zainketa aringarrietarako baliabideen Nafarroako Gida

Zainketa aringarrietarako baliabideen Nafarroako Gidak identifikatu eta eskuragarriago egin nahi ditu Foru Komunitatean dauden askotariko baliabideak, zeinek aukera ematen baitute paziente konplexuenen arreta eta zaintza hobetzeko

Kalkuluen arabera, hiltzen diren pertsonen erdiak baino gehiago gaixotasun aurreratu eta terminaleko etapa batetik pasatzen dira. Osasun zerbitzuen garapenak eta ezagutza zientifikoen etengabeko aurrerapenak gaixotasun anitzen biziraupena areagotzea ekarri du, bai eta egoera terminalean dauden pazienteen kopurua handitzea ere, eta horien ondorioak pazientetik beretik haratago doaz, eragina baitute nola familia nukleoan hala nukleo sanitario eta sozialean.

Biztanleriaren zahartzea eta egungo demografia eta gaixotze-tasako eredua aintzat hartuta, espero izatekoa da heldu diren urteetan gora eginen duela gaixotasun kronikoak eta endekapenezkoak dituzten pazienteen kopuruak, eta, horrenbestez, pertsona gehiagok beharko dituzte zainketa aringarriak.

Paziente horiek zainketa eta baliabide premia handia dute, osasun sistemako estamentu profesional eta asistentzia maila guztien inplikazioarekin.

Gaixoek bizitzaren amaieran dituzten beharrei erantzun profesionala, zientifikoa eta gizatiarra ematen saiatzen dira zainketa aringarriak, eta haien helburu nagusia zera da: sufrimendua arintzea eta paziente horien bizi-kalitatea ahal den neurrian hobetzea. Funtsezkoa da gaixoei eta senideei behar duten laguntza, informazioa eta prestakuntza bermatzea.

Zainketa aringarrietarako baliabideen Gida honek laguntza garrantzitsua izan nahi du helburu horretan. Bertan, gaur egun Nafarroan eskuragarri dauden baliabide guztiak eskura ditugu, modu erraz eta arinean, paziente terminalen arretan inplikatuta dauden osasun langileen, zaintzaileen, senideen eta pazienteen beraien eskura.