PROGRAMA
Umetoki-lepoko minbizia - Garaiz Detektatzeko Programa
Umetoki-lepoko minbizia, edo zerbixeko minbizia, gaixotasun bat da, eta bertan zelula gaiztoak (tumore-zelulak) sortzen dira umetoki-lepoko ehunetan.
Espainian, 2.000 kasu inguru diagnostikatzen dira urtean.
Umetoki-lepoko minbiziaren kasuen %99 baino gehiago giza papilomaren birusaren (GPB) mota batzuek eragiten dituzte.
Birus hori oso ohikoa da, eta sexu-harremanen bidez kutsatzen da. Baliteke emakume askok birus horrekin kontaktua eduki izana haien bizitzako uneren batean.
Jeneralean, gure immunitate-sistemak desagerrarazten du birusa, baina ez bada hala, urte askoren buruan eta ezohiko eran, baliteke zelula-aldaketak gertatzea eta ondorioz minbizia sortzea.
Bai, aurrea har dakioke, bi modu hauetara:
Lehen prebentzioaren bidez kutsatzeko arriskua murrizten da. Horretarako, giza papilomaren birusaren aurkako txertoa jartzea gomendatzen da eta bai preserbatiboa erabiltzea ere, sexualitate osasungarri baterako hezkuntza batek lagunduta beti.
Bigarren prebentzioaren bidez, lesio gaiztoak edo gaiztotu aurreko lesioak diagnostikatzea lortzen da, hasierako fase batean. Eta hemen kokatzen da Umetoki-lepoko Minbizia Garaiz Detektatzeko Nafarroako Programa, doakoa dena.
Programa aldez aurretik patologiarik ez duten 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago.
GPBaren aurkako txertoa hartu ez duten 25-29 urteko emakumeak: zitologia 3 urtean behin. Proba honetan, umetoki-lepoko zelulak hartzen eta analizatzen dira.
30-65 urte bitarteko emakumeak: giza papilomaren birusaren detekzioa 5 urtean behin.
Proba hori oso erraza da, eta horren bidez GPBa detektatzen da baginako fluidoan.
Laginaren bidez, umetoki-lepoko minbizia eragin dezaketen arrisku handiko serotipoen birusaren material genetikoa aurki daiteke.
Txertatu gabeko 25-29 urteko emakumeak: Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentrora joateko eta proba egiteko hitzordua jasoko duzu.
30-65 urteko emakumeak: bi aukera dituzu:
-
Lehen aukera: Emakumeak berak egitea etxean (autohartualdia)
-
Oso proba erraza da, eta ez da beharrezkoa aurretik entrenatzea. Baginan gailu txiki bat sartu behar da, 360 gradu biratu, eta gero atera.
-
Ondoren, lagina bilketa-gune batera eraman behar duzu.
-
-
Bigarren aukera: Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentro batean egitea.
Proben %5 eta %10 artean positiboak izango dira arrisku handiko giza papilomaren biruserako.
Hala bada, zitologia bat egin behar da.
Lagina etxean hartu bazenuen, dagokizun SUOAZera joan behar duzu. Lagina profesional batek hartu bazizun, lagin horretan bertan egin ahal izango da zitologia.
Kasu batzuetan bakarrik egin beharko da kolposkopia bat.
Umetoki-lepoaren miaketa bat da, bere tamaina handitzen duten lenteekin egiten dena. Miaketari esker, hain zuzen, eraldatutako zelulak aurkitu eta diagnostikoa eta tratamendua egin daiteke.
