Dementziari aurre egiteko gida

Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Neurologiaren koordinazioan jarduteko gida. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. 2007

Dementzia –eta alzheimerren gaixotasuna, haren adierazpen ohikoena den aldetik– endekapenezko gaixotasun bat da, biztanle zahartuei eragiten diona, eta, ahaleginak egin arren, ez dago gaixotasunaren progresioa eraginkorki geldiarazten duen tratamendurik. Hori dela eta, gaixotasuna pairatzen duten pazienteek luzaro behar izaten dituzte zainketak eta laguntzak. 

 

Osasun sistemak eta, zehazki, Oinarrizko Osasun Laguntzak oso zeregin garrantzitsua betetzen du gaixotasunaren fase guztietan: prebentzioa, diagnostiko goiztiarra, narriadura kognitiboa geldiarazten duen tratamenduaren jarraipena, jokabide sintomen kontrola, zaintzaile nagusiei informazioa eta laguntza ematea zainketa planari dagokionez, eta, azkenean, zainketa aringarriak ematea. Eguneroko jardueretarako ezgaitasun mailakatua da etapa horien bereizgarria, eta osasun eta gizarte baliabideen partaidetza handia duten programak behar dituzte.

 

Era berean, gaixotasun neurodegeneratiboek, oro har, eta dementziak, bereziki, erronka berriak planteatzen dizkiote gizarteari eta osasun sistemari bioetikaren ikuspegitik, hala nola pazientearen autonomia errespetatzeari dagokionez, pazienteari eta familiari informazioa emateari dagokionez, aurretiazko borondateen agiria betetzeko aukerari dagokionez, tutore edo ordezkari bat aukeratzeari dagokionez eta baimen informatuari dagokionez, besteak beste.

 

Arrazoi horiek direla eta, familiako, erizaintzako eta neurologiako medikuntzako profesionalen lantalde batek egin du gida hau, Oinarrizko Osasun Laguntza eta AE koordinatzeko Planaren esparruan. Halaber, beste espezialitate batzuetan ere berrikusi dute gida, geriatrian batez ere, eta narriadura kognitiboa edo dementzia duten pazienteen arretaren jarraitutasuna hobetzea da haren helburua, gaixotasunaren diagnostikoaren, tratamenduaren eta jarraipenaren etapetan.

Aurkezpena zela eta egindako albisterako sarbidea