Antsietatea emozio natural eta osasuntsua da, gizakiengan pizten dena benetako edo balizko mehatxu edo arriskuren batek, estresak edo kezkaren batek eraginda.

Defentsarako mekanismotzat har genezake, bizitzako gorabeherei aurre egiten laguntzen diguna (hegazkinez bidaiatzea, azterketa bat, maitasun harreman bat…)

Hona definizio zehatzago bat: “beldur lauso eta zehaztugabea da, zalantza, ezintasun eta segurtasun-gabezia sentimenduekin batera agertzen dena”. Halako antsietate maila bat baliagarria da, kontzentratzeko eta erantzuteko gaitasuna hobetzen digulako, egoera berezi horietan egokiago, zehatzago eta bizkorrago erantzun dezagun. Adibidez, partidaren aurretik atezuan ez dagoen futbolaria ez da bere mailarik onenean arituko. Nolanahi ere, positiboa izan arren, sentipen desatsegin samarra da antsietatea.

Antsietatea neurriz kanpokoa, irrazionala edo alferrikakoa denean, antsietate patologiko bihurtzen da. Benetako galga da gure bizitzan; inhibitu egiten gaitu, blokeatu egiten gaitu, traba egiten digu eguneroko jarduera batzuetan edo askotan: kanpora irten, lagun edo senideekin egon, azterketa bati aurre egin…

Antsietate nahasmenduak, oro har, afektibitate nahasmenduak bezain garrantzitsuak izan daitezke, eta kronikotasunera jotzen dute. Desgaitasuna eragiten dute gradu desberdinetan.

Lau antsietate maila definitzen dira, ondorioen arabera:  

  • Antsietate arina, eguneroko bizitzako tirabirei lotua. Pertsona erne dago, eta haren pertzepzio eremua zabaldu egiten da. Antsietate mota honek ikasteko gaitasuna eta sormena areagotzen ahal ditu.
  • Antsietate moderatua, pertsonak berehalako kezkei bakarrik erreparatzen dienean. Ondorioz, pertzepzio eremua murriztu egiten da. Pertsonak arlo jakin batzuk blokeatzen ditu, baina bideratu egin daiteke, saiatuz gero.
  • Antsietate larria. Nabarmen murrizten da pertzepzio eremua. Pertsonak xehetasun jakin batzuei jartzen die arreta, beste ezertan pentsatu ezinik. Antsietatea arindu nahia da jokabidearen ardatza.
  • Larritasuna: beldurra, ikara, izua. Pertsona ez da gai inolako jarduerarik egiteko, ezta gidatuta ere. Larritasunak nortasunaren antolaketa desegitea dakar, eta hilgarria izan daiteke, luzaroko larritasunak akidura eta heriotza ekar lezakeelako. Larritasunaren adierazpenak dira jarduera motorra areagotzea, harremanetarako gaitasuna murriztea, pertzepzioa distortsionatzea eta pentsamendu arrazionala galtzea.
Introducción

Antsietate nahasmenduak sailkatzeko zenbait modu daude. Amerikako Psikiatria Elkartearen arabera honela sailkatzen dira:

  • Izu atakeak (antsietate krisiak, larritasun krisiak, panic attack): beldur edo ondoez aldiak noizbehinka, beste sintoma batzuekin batera (palpitazioak, dardara, hotzikarak, izerdia, bularreko estutasuna, itolarria edo eztarriko traba, goragaleak edo sabeleko mina, zorabioa, hiltzeko edo kontrola galtzeko beldurra…), bat-batean hasi eta lehen 10 minutuetan gailurra jotzen dutenak.
  • Agorafobia: ihesbide zaila (edo deserosoa) dagoen edo laguntzarik eskura ez dagoen leku eta egoeretan agertzen da antsietatea, edo egoera jakin batzuekin gutxi-asko lotuta (zubi batetik igaro, autobusez, trenez edo autoz bidaiatu).  Larritasun nahasmenduarekin lotuta egoten da.
  • Fobia zehaztua: beldur bizia eta iraunkorra, gehiegizkoa edo irrazionala, objektu edo egoera jakin baten presentziak edo aurreikuspenak pizten duena (adibidez, hegan egitea, amildegiak, animaliak, injekzioa jartzea, odola ikustea).
      
  • Fobia soziala: beldur bizia eta iraunkorra, egoera sozial batek edo batzuek piztua, pertsona ebaluatua edo behatua sentitzen denean ezezagunen aurrean edo konfiantzazkoak ez dituen pertsonen aurrean.
      
  • Trauma ondoko estresaren nahasmendua: ohiz kanpoko gertaera traumatiko bat (heriotza, heriotza-mehatxua...) bizi izan duen pertsonak etengabe berritzen du gertatutakoa oroitzapen, amets eta abarren bidez. Traumarekin lotutako estimuluetatik ihes egiten du etengabe, eta erreaktibotasun orokorra sorgortuta dauka.
      
  • Estres nahasmendu akutua: gertaera traumatiko batean edo horren ondoren, pertsonak sintoma hauetako batzuk ditu:
       
    • sorgortasun sentsazio subjektiboa, axolagabetasuna edo erreaktibotasun emozionalik eza
    • ingurunearen ezagutza murriztua (adibidez, nahasita egotea)
    • arroztasun sentimenduak (norberarekiko edo ingurunearekiko)
    • amnesia selektiboa (adibidez, traumaren alderdi garrantzitsuren bat gogoratu ezina)
    • saiheste-jokabideak
  • Antsietate nahasmendu orokortua: gehiegizko antsietatea eta kezka izatea hainbat gertaeraz edo jarduerez (esaterako, laneko edo ikasketetako errendimenduaz), eta 6 hilabete baino gehiago irautea horrela. Pertsonari zaila gertatzen zaio etengabeko kezka hori kontrolatzea. Sintoma hauek agertu ohi dira:
      
    • ezinegona edo pazientziarik eza
    • erraz nekatzea
    • kontzentratzeko edo ezertan ez pentsatzeko zailtasuna
    • suminkortasuna
    • giharren tentsioa
    • loaren alterazioak
  • Substantziek eragindako antsietate nahasmendua: sintomak intoxikazio edo abstinentzia aldian agertzen dira (edo hurrengo lehen hilabetean), toxiko batek nahiz botika batek eraginda. Ohikoenak hauek dira: alkohola, haluzinogenoak, anfetaminak edo antzeko substantziak, kafeina, cannabisa, kokaina, inhalatzekoak, lasaigarriak, hipnotiko edo antsiolitikoak, etab.

Haurrek estresari erantzuten ikasten dute iraganean ikusi eta bizi izan dutenaren arabera. Kasu gehienetan, haur baten estresa huskeria iruditu ahal zaie helduei, baina, haurrek lehendik eskarmentu gutxi dutenez, haien segurtasun eta konfiantza sentimenduetan izugarrizko inpaktua izan dezakete baita aldaketa txikiak eskatzen dituzten egoerek ere.

Beldurrak giza garapenean zehar eragile ia etengabeak dira. Haurrengan antsietatea agertzea ez da inola ere ezaugarri patologiko bat, aitzitik, eboluzio bat erakusten du, eta hartan ikus dezakegu nola haurra jabetuz doan bere gizabanakotasunaz, bere mugez eta baliabideez. Arriskutsua izan daitekeen hori erregistratzea funtsezko eskurapen ebolutiboa da.

Introducción

Haurtzaroan zehar, normaltzat jotzen diren beldurrak agertzen dira.

  • 6 eta 18 hilabete bitartean hasten dira iluntasunaren eta ezezagunaren beldurrak.  8 hilabete inguruan agertzen da beldurra aurpegi ezezagunen aurrean, eta erreakzio horrek esan nahi du haurrak ezagutu eta bereizi egiten duela amaren aurpegia. Sasoi horretan figura ezagun baten presentziak bakarrik lasaitu dezake haurra.
  • Bigarren haurtzaroan (2-3 eta 6-7 urte bitartean), askotariko beldurrak agertzen dira: beldurra animaliei, munstroei, mamuei eta bakarrik egoteari.
  • 7 urtetik aurrera eskolako eta kiroleko errendimenduaren inguruko beldurrak, beldur existentzialak eta heriotzaren beldurra agertzen dira.

Deskribatutako beldur horiek baretu edo desagertu egiten dira haurrak normal eboluzionatzen duenean. Bestela, ziur aski antsietate nahasmendu baten aurrean gaude.

Noiz esaten dugu haur batek antsietate nahasmendua duela? Funtsean, antsietateak haren ohiko bizimoduan traba egiten duenean, edota antsietatearen seinaleak oso biziak direnean.

Azterketa epidemiologikoek erakutsi dute % 5,6 eta % 21 bitartekoa dela antsietate nahasmenduen prebalentzia haurtzaroan. Neskatxek gehiago izaten dute mutikoek baino.
    
Haurren antsietate nahasmenduen multzoan sartzen da banantzeak eragindako antsietate nahasmendua: antsietate gehiegizkoa eta subjektuaren garapen mailarako ezegokia, norberaren etxetik edo lotutako pertsonengandik banantzeak eragiten duena.
  
Inguruabar hauetatik hiru agertzen dira, gutxienez:

  • Etxetik edo lotutako figura nagusiengandik banantzen denean edo banantzea aurreikusten duenean antsietatea izatea
  • Kezka gehiegizkoa eta iraunkorra izatea lotutako figura nagusien balizko galeraz edo jasan dezaketen kalteaz
  • Kezka gehiegizkoa eta iraunkorra izatea, ezbeharren baten ondorioz bananduko ote den lotutako figura nagusi batengandik
  • Behin eta berriz uko egitea eskolara edo beste edonora joateari, banantzearen beldurrez
  • Behin eta berriz uko egitea etxean bakarrik edo lotutako figura nagusirik gabe egoteari edo beste leku batzuetan pertsona heldu garrantzitsurik gabe egoteari
  • Behin eta berriz uko egitea lotutako figura garrantzitsuren bat hurbilean eduki gabe lo egiteari edo etxetik kanpo lo egiteari
  • Banantzearen inguruko amesgaiztoak izatea behin eta berriz.
  • Behin eta berriz sintoma fisikoak izatea (buruko mina, sabeleko mina, goragaleak edo gorakoak) lotutako figura garrantzitsuengandik banantzen denean edo bananduko dela aurreikusten duenean.

 

Antsietatea eta haurdunaldia

Ohikoa da haurdunaldian antsietate uneak izatea, haurdun egoteak fisiologian eta bizitzan eragiten dituen aldaketengatik. Haurdunaldiko antsietatea, alde batetik, haurdunengan ohikoak diren gorabehera hormonalek eragindako ezegonkortasun emozionalari egozten ahal zaio. Gainera, amatasunak ekarriko dituen aldaketak, haurraren garapenagatiko kezka, haurdunaldiko afektu-karga handia eta etxea haurrarentzat prestatzeko gogoa haurdunaldian zehar antsietate iturri izan daitezke emakumeentzat. Habiaren sindromea deitzen zaio, eta uste dugun baino emakume gehiagori erasaten die.
   

Antsietate nahasmenduak zahartzaroan

Zahartzaroko antsietate nahasmenduek zerikusia dute zahartzaroaren aurretik edo helduaroan edo helduaroaren amaieran hasitako nahasmendu mentalekin, edo unean uneko gaixoaldiekin, berekin ekar baititzakete gaixotasun arazo larriagoak, heriotzari buruzko pentsamenduak edo osasun fisikoaren zaurgarritasuna.

Oro har, zahartzaroko antsietate nahasmenduek zerikusia dute depresioarekin, dementziekin, alkoholismoarekin eta segurtasun eza edo mendekotasuna sor dezaketen arazo fisikoekin.

Gutxitan izaten da antsietate nahasmendua zaharren diagnostiko nagusia. Gutxitan agertzen da 65 urtetik aurrera, eta, hala denean, nagusitzat jotzen den beste kategoria diagnostiko baten barruan sartzen delako izan ohi da (adibidez, depresioaren edo gaixotasun somatikoen barruan)..

65 urtetik gorako biztanleekin zerikusia duten epidemiologiako azterketetan ondorioztatu da % 10 inguru direla antsietatea duten emakumeak eta % 6 inguru gizonak. AEBetan eta Europan egindako azterketak bat datoz datu horietan, baina ehuneko puntu bat eta bost puntu bitarteko gorabeherak egon daitezke. Beraz, uste da zahartzaroan antsietate nahasmenduen maiztasuna bizitzako beste etapa batzuetan baino txikiagoa dela.

Antsietate nahasmenduen tratamenduaren muina pazientearen antsietate maila jaistea da. Horretarako, tratamenduaren zutabe nagusiak medikazioa eta psikoterapia dira, tratamendu bakarra izan nahiz konbinatua izan.

Botika antsiolitikoak eta antidepresiboak erabiltzen dira. Antsiolitikoak eta psikoterapia konbinatuz lortzen da emaitza positiboen tasarik onena.

Tratamenduaren osagai psikoterapeutikorako, ikerketak frogatu du terapia kognitibo-konduktualak eraginkortasun maila handiena lortzen duela pertsonari bere pentsamendu eta jokabide negatiboen ordez positiboago eta emankorrago batzuk hartzen laguntzen zaionean.  Planteamendu horren oinarria zera da, gauza garela gure pentsamendua eta, beraz, gure ekintzak kontrolatu eta aldatzeko. Laguntza taldeek ere espazio bat eskain dezakete esperientziak partekatzeko eta gaitzari aurre egiteko metodoei buruzko gomendioak jasotzeko