Europar Batasunaren errezeta elektronikoa

EUROPAR BATASUNAREN ERREZETA ELEKTRONIKOA (EPRESCRIPTION) 2023KO EKAINAREN 30ETIK AURRERA IZANEN DA ESKURAGARRI.

Errezeta elektronikoaren Europako elkarreragingarritasun proiektuak aukera emanen du Europan botikak modu elektronikoan preskribatu eta emateko, Mi Salud@UE zerbitzuaren bidez. Horrek esan nahi du osasun profesional batek bere jatorrizko herrialdean errezeta elektronikoan sendagai bat agindu eta proiektuari atxikitako Europar Batasuneko beste herrialde bateko edozein farmaziatan ematen ahalko dela.

Hortaz, ePrescription zerbitzuarekin bai Nafarroako biztanleek, Europako beste herrialde batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan, bai Europako herritarrek, gure erkidegoan egiten dituzten egonaldietan, botikak jasotzen ahalko dituzte zuzenean beren osasun-txartelarekin.

Osasun Ministerioak koordinatzen du EBrekin errezeta elektronikoa elkarreragingarria egiteko Espainiako proiektua.

 

NAFARROAKO HERRITAR BATEK EUROPAKO BESTE HERRIALDE BATERA BIDAIATZEN BADU.

Nafarroako herritar batek Europar Batasuneko beste herrialde batera bidaiatu behar badu eta helmugako herrialdeko farmazia batean medikazioa jaso behar badu:

  • Lehenik eta behin, farmazian pazienteari informazioa ematen dion dokumentu bat (PIN izenekoa) erakutsiko diote, gaztelaniaz. Bere datu pertsonalak nola tratatuko diren azaltzea da helburua. Nafarroako herritarrak dokumentua irakurri beharko du, eta edukiarekin ados badago, ahoz adieraziko du. Orduan, farmazialariak sarbidea izanen du bere identifikazio datuetara eta eman beharreko medikaziora.

  • Bigarrenik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun-txartel indibiduala aurkeztu beharko du. Horrez gain, identifikazio-agiri ofizial bat aurkeztu beharko du, argazkiarekin (NANa edo pasaportea), bere burua identifikatzeko. 

Europako osasun-txartelak ez du balio medikazioa jasotzeko (baina oraindik ere beharrezkoa da Europako edozein herrialdetan osasun laguntza jasotzeko).

  • Herritarrak medikazioaren zenbatekoaren % 100 ordainduko du medikazioa ematen diotenean, eta tiketa edo faktura eskatu beharko du, Nafarroara itzultzean dagokion itzulketa izapidetu ahal izateko.

Kontuan hartu beharreko alderdi praktiko batzuk:

  • Pazienteak berak jaso behar du medikazioa, eta ezin du beste inork bere izenean hartu.

  • Baliteke helmugako herrialdean beste aurkezpen mota batzuk izatea, Espainian daudenetatik desberdinak; hortaz, farmazialariak baliokidea den edo tamaina desberdina duen produktu batekin ordezten ahal du.

 

Gure erkidegoan aldi baterako dauden europarrentzat, prozesua berbera da: ‘PIN’a onartu, osasun-txartela aurkeztu, eta osasun-txartelak argazkirik ez badu, identifikazio agiri ofiziala ere aurkeztu beharko du, argazkiarekin (NANa edo pasaportea), eta zenbatekoaren % 100 ordaindu.

 

 

KONFIDENTZIALTASUNA ETA DATUEN TRATAMENDUA

Datu pertsonalak 2016/679 Europako Erregelamenduaren (DBEO) arabera tratatzen dira, tratamendu egokia eta konfidentzialtasuna bermatzeko.

 

GAUR EGUN ELKARRERAGINGARRITASUNA DUTEN HERRIALDEAK.

Mugaz gaindiko osasun zerbitzu elektroniko berri hauek pixkanaka ezartzen ari dira EBko 25 herrialdetan, eta prozesu hori 2025. urtearen amaieran bukatuko da.

Gaur egun, Espainiak lau herrialderekin du errezeta elektronikorako elkarreragingarritasuna, bi norabidetan: Portugal, Kroazia, Polonia eta Finlandia.

 

PRESTAKUNTZA

Nafarroako farmazialariei zuzendutako prestakuntza saio bat eginen da ekainaren 15ean, osteguna, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren bitartez.

 

 

 

INFORMAZIO OSAGARRIA.

Informazio osagarri eta eguneratua esteka hauetan aurkitzen ahal da: