Lehen osasun laguntzaren eta laguntza komunitarioaren estrategia Nafarroan

“Oinarrizko Osasun Laguntza sendo eta ahaldundurik gabe ez dago inongo osasun sistemarik epe luzean jasangarria denik” (Kings Fund)

Zer dago estrategia irekitzen duen eta haren bidez hura gidari gisa mantentzen den esaldi horren atzean?

Une ezin hobean gaude Oinarrizko Osasun Laguntzaren eraldaketa abian jartzeko, kudeatzaileen, profesionalen, pazienteen eta herritarren artean adostasuna dagoen alderdietan enfasia jarriz eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren garrantzia justifikatzen duten balio eta printzipioei eutsiz, ibilbideko urte hauetan frogatuta geratu den bezala.

Horretarako, asistentzia-modalitateak herritarren benetako premietara egokitu behar ditugu, diziplina anitzeko lanaren bidez, eskariaren banaketa eraginkorrarekin, estamentu guztietako gaitasun- eta erantzukizun-mailak handituz eta pazienteen inplikazioarekin. Gainera, lehentasunezkoa da esku-hartze komunitarioa eta gizarte- eta osasun-zerbitzuen koordinazioa bultzatzea, lurralde-ekitatea duen komunitate batean.

Hori posible izan dadin, beharrezkoa da, halaber, aurrekontua handitzea, garapen teknologikoa sustatzea, bai eta berrikuntza, garapen profesionala eta ikerketa ere. Eta hori guztia, profesionalen eginkizunak eta eskuduntzak zabaldu nahi dituen esparru batean eta segurtasunaren eta gizateriaren kulturak blaitutako sistema batean.

Estrategia hori 2019ko maiatzaren 22an onetsi zuen Nafarroako Gobernuak, eta kudeatzaileen, teknikarien, profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen, pazienteen, elkarte zientifikoen, elkargo profesionalen eta udal ordezkarien lanaren emaitza da, hainbat partaidetza-prozesuren eta fororen bidez. Haien ekarpen eta iradokizunik gabe, dokumentu hau ezinezkoa izanen zen.