Nafarroako Farmakozaintza Zentroa

Osasun Departamentua

Botikak merkaturatu ondoren horiek erabiltzearen arriskuak identifikatzea, kuantifikatzea, ebaluatzea eta prebenitzea helburu duten osasun publikoko jardueren multzoa da farmakozaintza. Farmakozaintzak botiken erabilera eta pazienteengan dituzten ondorioak aztertzen ditu, botiken ondorio kaltegarri posibleen seinaleak edo alertak sortzen ditu, seinale horiek ikertzen ditu, beharrezkoa denean azterketa berriak abiarazten ditu, arriskua kuantifikatzeko eta kausalitate-harremana zehazteko, eta, eskura dagoen informazio guztia ebaluatu ondoren, beharrezko neurriak hartzeaz gain, osasun arloko profesionalei eta pazienteei arriskuari eta hartutako neurriei buruzko informazioa ematen die, arriskua prebenitzeko. Honako hauek izaten ahal dira neurrietako batzuk: botika baten fitxa teknikoa eta/edo erabilera-orria aldatzea, zaintza berezia ezartzea, populazio-talde berezi batzuetan erabilera mugatzea eta botika merkatutik kentzea.

Botikak segurtasunez erabiltzeko, horiek erabiltzearen onurek sor ditzaketen arriskuak baino handiagoak izan behar dute. Inolako arriskurik eragiten ez duten botika onuragarriak erabiltzea litzateke onena. Baina, praktikan, botika ia guztiek nolabaiteko arriskuak dituzte. Beraz, horiek ezagutu eta ahalik eta gehien gutxitu behar dira.

Botikak, merkaturatu aurretik, saiakuntza klinikoetan erabiltzen dira, oso paziente gutxirekin, tarte labur batean eta kontrol handiz. Aldiz, merkaturatu ondoren askoz paziente gehiagorekin erabiltzen dira, eta, horien artean, besteak beste, adinekoak, haurrak, haurdunak eta beste gaixotasun edo tratamendu batzuk dituzten pazienteak egoten ahal dira. Baldintza horietan, ondorio kaltegarri berriak agertzen ahal dira, batzuetan larriak, merkaturatu aurreko faseetan aurkitu gabeak maiztasun txikia zutelako edo paziente talde horiek saiakuntza klinikoetatik kanpo geratu zirelako.

Farmakozaintza beharrezkoa da, azken finean, botikek gizakiengan dituzten arriskuak prebenitzeko eta espero ez diren ondorio kaltegarriei lotutako kostu ekonomikoak saihesteko. Botikek etengabeko zaintza behar dute erabiltzen diren herrialde bakoitzean. Gainera, populazioaren ezaugarri ezberdinek botikak emateko baldintzak eta botikak erabiltzearen ondorioak ezberdinak izatea eragin dezakete.

Botikak gizakiekin erabiltzeak dakartzan arriskuak ezagutzea da farmakozaintzaren azken helburua, hau da, arriskuak aztertu eta kudeatzea, horiek saihesteko edo, bestela, minimizatzeko.

Farmakozaintzaren helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Ezagutzen ez ziren ondorio kaltegarriak eta elkarreraginak goiz detektatzea.

  • Ezagutzen ziren ondorio kaltegarrien maiztasun handitzeak detektatzea.

  • Ondorio kaltegarrien arrisku faktoreak eta azpian egoten ahal diren mekanismoak identifikatzea.

  • Onura/arrisku harremanaren alderdi kuantitatiboak kalkulatzea.

  • Botiken arauketa eta preskripzioa hobetzeko beharrezkoa den informazioa zabaltzea.

Azken helburuak honako hauek dira:

  • Botikak arrazionalki eta segurtasunez erabiltzea.

  • Botiken arriskuak eta onurak ebaluatzea eta jakinaraztea.

  • Botiken segurtasunaren arloko heziketa eta informazioa ematea.

Nafarroako Farmakozaintza Zentroak botiken ondorio kaltegarriekin zerikusia duten zeregin guztiak egiten ditu 1990eko uztailaz geroztik. Gaur egun, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Osasunaren Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuari atxikita dago.

Foru Komunitatean bai profesional eta osasun-agintariek, bai herritarrek arlo horretako kontsultak egin eta aholkuak jasotzeko zentroa da Nafarroako Farmakozaintza Zentroa. Botiken ondorio kaltegarrien (txartel horia) Jakinarazpen Espontaneoen Programa eta aurrera eraman beharrekotzat jotzen diren programa guztiak gauzatzeaz arduratzen da unitate hori. Aipatutako zentroa Espainiako Farmakozaintza Sistemaren barruan dago, eta aldizka informazio-buletin bat argitaratzen du (BIF).

Osasun-arloko profesionalen artean botiken segurtasuna aztertzeko eta ezagutzeko elkarlana sustatzea da bere lehentasunezko eginkizunetako bat.

Arduradunak:  Gabriela Elizondo Rivas / Covadonga De Agapito Vicente